Europa mailako Critical Raw Materials Act edo Lehengai Kritikoei buruzko Legea indarrean sartu berri da. Klima larrialdiaren testuinguruan energia berriztagarriak garatzeko, mineralen eta metalen horniketa "seguru eta iraunkorra" bermatzera datorren legea izan nahi du. Gauza da, meatzaritzako-estrakzio horiek ingurumenean eragindako desmasiei so eginez gero laster ohartzen garela ez dela trantsizio ekologikora garaman bidea. Gainera, nola doan mundua, Observatoire des Multinationales-en ikerketak erakusten digu armagintzako lobbygintzari esker legeak barnebiltzen dituela gerra industriak ezinbestekoak dituen lehengaiak. Trantsizio ekologikorako beharko liratekeen milioiak armen ekoizpenera bideratuko ditu legeak.
Kalte bat beste kalte batez ordezkatzera garamatza trantsizio ekologikoaren izenean harturiko norabideak. Oraindik ez dugu begibistakoa, hain zuzen ere, kalteak munduaren beste puntan, gure konfortetik urrun, pairatzen dituztelako. Txinako zink meategietara, Txileko litio erauzketetara edota Kongoko kobalto meategietara joaterik besterik ez dago mineralen eta metalen ustiaketan oinarrituriko trantsizioaren desmasiez konturatzeko. Baina goiz ala berant, gurera ere etorriko da, eta Europako Batzordeak martxoan aurkezturiko eta maiatzaren 3an Aldizkari Ofizialean publikaturiko legea dugu uste hori sendotzera datorren azkeneko testu esanguratsua.
Europarentzako mineralen eta metalen horniketa "seguru eta iraunkorra" ekarriko lukeen estrategia dakar CRMA Critical Raw Materials Act edo Lehen Gai Kritikoei buruzko Legeak, eta maiatzaren 23az geroztik da indarrean. "Europar Batasunaren trantsizio ekologikoa lortzeko, beharrezkoa izanen zaigu baterien, eguzki-panelen, iman iraunkorren eta bestelako teknologia garbien tokiko ekoizpenaren indartzea. Lehengai ugari eskuratu beharko ditugu, dagokion eskariari erantzuteko", Europako Kontseiluaren hitzetan. Horretarako lekuko erauzketak eta lehengai horien birziklapena ditu Bruselak helburu. Orotara, beharrezkotzat eta estrategikotzat sailkatu ditu 34 materia eta horietan dira, besteak beste, Europak gehien ustiaturiko aluminioa, nikela, kobrea, silizioa eta manganesoa. Adibidez, aurreikusten da mundu mailako aluminioaren eskaera %80 emendatuko dela 2020tik 2050era, hain justu, energia berdeen ekoizpenerako tresna guzietan delako: fotovoltaikoetan, haize-errotetan, teknologia numerikoetan, auto elektrikoen baterietan... Pentsa, auto elektriko batek ezinbesteko ditu litioa, grafitoa, kobaltoa, nikela, manganesoa, disprosioa, neodimioa, praseodimioa, terbioa, kobrea...
Hori horrela, ondoko helburuak ditu finkaturik CRMA legeak: lehen gai horien estrakzioen %10 gutienez Europan egitea –gaur egun %3an gara–; bertako kontsumoaren %40 Europan transformatua izatea, %25 birziklapenetik errekuperatzea eta materia baten kontsumoaren %65 baino gehiago ezingo da herri bakar baten menpe izan. Azken puntu horrek badu bere inportantzia gaur egungo giro geopolitiko tentsiodunean. Pentsa, Europan, lur arraroei dagokionez (hamazazpi metal biltzen ditu termino horrek) %98 datoz Txinatik, boroa, berriz, %98 Turkiatik eta platinoa %71 Hego Afrikatik. Lehengaien merkatua gatazka, presio, gerra eta akordio iturri izan da betidanik, eta mineralak eta metalak dira XXI. mendeko arma berriak.
Nazioarteko Energia Agentziak dio gaur egungo erreserbetan oinarriturik, 2030erako gertatu daitekeela mineralen eta metalen gabezia
Lege horren egingarritasuna zalantzan jartzen dute klima eta energiaren alorrean aditu diren Simone Tagliapietra et Cecilia Trasi ikerlariek. Beraien irakurketa plazaratu berri dute La Commission européenne prévoit une augmentation vertigineuse de la demande de matières premières critiques (Lehengai kritikoen eskaeraren emendio ikaragarria aurreikusten du Europako Batzordeak) iritzi-testuan. Diote, kontuan hartu gabeko oztopo andana badela legeak dakarren bidean: baimen-prozeduraren konplexutasuna, ongi erroturik den herritarren oposizioa, lehengai horien prezioen ezegonkortasunak dakarren segurtasun falta, azpiegituren eskasa –lur arraroen tratamenturako instalazio bakarra da Europan eta birziklapenari dagokionez, ez da bilketa sistema orokorturik eta horren alde doan laguntza ekonomikorik, eta gainera, kalitate aldetik galdezkagarria da emaitza–. Bi aterabide dituzte mahaigaineratzen. Batetik, meategiak biderkatu beharrean, birziklapenaren puntako garapenean azkarki inbertitzea. "Zinez, hobekuntza nabarmenak lortu daitezke, eta horri esker ttipitu ditzakegu dependentzia baita ingurumenaren kaltetzea ere, bide beretik hornidura erresilienteagoa eta autosufizienteagoa eskuratuta". Bestetik, nazioarteko herri partaide batzuekilako harremanen sendotzearen alde dira.
Ikuspegi dekolonialetik so egin eta balantzea beste aldera makurturik, ohartarazi dezagun Mendebaldearen jarrera kolonial suntsitzailearen mantentzea dakarrela horrek. Funtsean, estrategia ekonomiko horrekin bat doaz Europako Batzordeak hainbat herrirekin izenpeturiko akordioak eta Global Gateway inbertsio fondoa –Europaz kanpoko herrietan inbertitzera bultzatzeko 300.000 milioi euroko diru-laguntzak–. Mineral eta metalen industriak betirako xehatzen ditu inguruak eta bizidun ororen biziak, eta errazegia da guretik urrun kokatzeko jarrera hori.
Metal eta mineralen ustiaketa Europaren baitan garatzeko estrategia horri segi, meategien abiarazteko baimenak lortzeko epea laburtzearen alde egin du Bruselak: "Estrakzio proiektuek baimena jasoko dute beranduenik 27 hilabeteren buruan, eta birziklapen eta transformazio proiektuek, berriz, hamabost hilbatetetara". Herritarrekilako elkarrizketari eta ingurumenaren gaineko ondorioen ikerketari tarte ttipia uzten die horrek. Salbuespen bakar batzuk dakarzki legeak, hain zuzen ere, kasu bakan batzuetan inposaketa doi bat eztitzeko-edo. Alta, bada eztabaidagarria meategi horiena, zinezko kutsadurarekin eta suntsiketarekin errimatzen duelako. Nonbait, horregatik ere da hainbeste guti garatua Europan, ingurumenaren babesareko legedia guti duten herrietan kokatzea errazagoa zaielako enpresa pribatuei. Harturiko norabide horretan, ikusteke dago zein heinetaraino iraunen duten Europak harturiko ingurumenaren aldeko legeek eta neurriek.
Kezka iturri dukete norvegiarrek azken asteetako jakinarazpena: 8,8 milioi tona lur arraroko hobia baieztatu du Norvegiaren hego-ekialdean Rare Earths Norway enpresak. 2030erako aurreikusten dute estrakzioaren abiatzea. Berri ona da apirilean "energia garbiei buruzko" Norvegiarekin akordio bat izenpetu berri duen Europar Batasunarentzat. Oraingoz ez da lur arraroen erauzketarik Europan.
2022an, armagintzako Europako hamar enpresa handienen lobbygintzarako aurrekontu bateratua 4,7 milioi eurokoa izan zen
CRMA legeak aitzina eginik, energia berriztagarrien industriako enpresei galdetu zaie hiru urtero egitea beren beharren diagnostikoa. Bruselaren eta estatu kideen helburuak enpresek beharko dituztelako segurtatu. Lobbygintza handia dela erakutsi digu, funtsean, ikerketa kazetaritzan dabilen Observatoires des Multinationales-ek plazaratu Du sang sur le Pacte Vert (Itun Berdea odolez estalirik) erreportajeak. Sektoreko enpresek inork baino hobeki dakite beharrak azkarki emendatzen joanen direla eta lehengaien kopurua mugatua izanik, gabezia –eta beraz inpotentzia– bihar goizerako dutela. Nazioarteko Energia Agentziak argiki dio: gaurko egunean ezagunak diren erreserbetan oinarriturik, 2030erako gertatu daiteke gabezia. Metal eta mineralen eskaera lau aldiz handiagoa izanen delako hemendik hamabost urtera. Europari dagokionez, 2020an Eurmétaux elkarteak eta Louvain (Belgika) hiriko Unibertsitateak idatzitako txostenari segi, 2050ean gaur egungoa baino 35 aldiz litio gehiago beharko da, 26 aldiz lur arraro gehiago, kobaltoaren beharra %330 aldiz emendatuko da, kobrea %35 gehiago eta abar.
Lehengai horiek berenganatzeko eta bidean ahal bezainbat oztopo guti kausitzeko asmoz bideratu presioak ez dira ttipiak, eta horretan dabil, besteak beste, armagintzaren sektorea ere. Ondokoa irakurri dezakegu Observatoires des Multinationales-en ikerketaren aurkezpenean: "Energia-trantsiziorako mineralen premiei buruzko diskurtso ederren gibelean, meatzeetako, aeronautikako eta armamentuko erraldoien interesei ederki erantzun die lehengai kritikoei buruzko Europako legeak". Hain zuzen, energia berriztagarrien sektoretik urrun kokatuta diren aeronautikako eta armamenturako sektoreek sekulako lobbygintza egin dute, ezinbestekoak dituzten mineral eta metalak CRMA legedian sartzeko, eta horrela legeak dakartzan diru-laguntza publikoen sostengua eta ingurumen-arauen desarautzea jaso ahal izateko. Datu bakarra: armagintzako Europako hamar enpresa handienen lobbygintzarako aurrekontu bateratua 4,7 milioi eurokoa izan zen 2022an.
Ondoko oharra dakar txostenak: "Itun Berdearen kostuak igota eta meategiek kaltetu herritarren babesa galarazita, horrek ezin ditzake Europar Batasunaren helburu klimatikoak zangopilatu. Gainera, ez du Europaren segurtasuna bermatuko, azkenean, mundu osora esportaturiko armak eraikitzeko erabiliak izanen direlako metalak".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545