Asteroko buletina
Zeru gorputzen mugimenduaz gehiago dakigu hankapean dugun lurraz baino.

Marshall uharteetan, elkarlana dute itsasoaren igoerari egokitzeko planen oinarrian

Ozeano Barean, atoloi apalez osatuak, Marshall uharteak dira klima aldaketaren aurrean herrialde hauskorrenetakoak, itsas mailaren gorakadak zuzenki mehatxatzen dituelako. Bertako gobernuak egokitze plan sakon eta zehatz bat martxan jarri du, biztanleekin elkarlanean, behetik gorako plana eraikitzeko asmoz. Honen arrakasta neurri handi batean nazioarteko laguntzaren menpekoa da, hori gabe ezingo luketelako gauzatu. Hala eta guztiz ere, mundu mailan eredugarria izango litzatekeen egokitze eredu bat sortzea dute helburu.


2024ko maiatzaren 29a
Kuwajleen atoloia, itsasotik 1.80 metroko garaiera duena. Itsas mailaren igoerarengatik desagertzeko zorian dira Marshall uharteak. Wikimedia

Ozeano Barean kokatzen dira Marshall uharteak, Papua Ginea Berria eta Hawaii uharteen arteko erdibidean, bortz uharte eta 29 atoloi estuz osaturik, itsas mailatik metro gutira. Estatu honen azaleraren %99.96 ozeanoak osatzen du –munduko ozeano proportziorik handiena–, 181 km2 lur azalera baizik ez dituelarik (Irun, Lesaka, Bera eta Urruña elkartuz gero, azalera handiagoa genuke). Atoloi populatuetarik txikienetan bide bat eta etxe lerro bat baizik ez dituzte eraiki, estutasunagatik.

Prekarioa dirudien geografia honetan 42.000 pertsona bizi dira, eta  aurretik, gaur egungo marshalldarren aitzinekoak 3.200 urtez bizi izan dira, bertan laborantza (taro, ogi-zuhaitz, kokondo eta palmondoa) eta arrantza garatuz, nabigazio sistema konplexuekin. Uharteak begiztatu zituen lehen europarra Alonso Salazar bizkaitarra izan zen, eta ondorengo esploratzaileetariko bat Miguel Lopez Legazpi, hortik mendebaldera kokaturiko Filipinak kolonizatzen hasi zena. Marshall uharteen kolonizazioa bera XIX. mendean hasi zen, Britainia Handiak eta Alemaniak beraien artean adostu zutelarik munduko puska hori Alemaniaren esku geratuko zela. XX. mende hasieran Japoniak bereganatu zituen, eta 1946an AEBek –ordutik 1958ra 67 bonba nuklearren probak egin zituztelarik, ARGIAren 2468 aleko Marshall Uharteak bonba atomikoen debekua eskatzen erreportajean Pello Zubiriak azaldu bezala–.

Finean, potentzia militar handiekin topatzeak ez zien marshalldarrei onura askorik ekarri: XIX. mendean gripea, elgorria, sifilisa, sukar tifoidea eta alkoholismoa, XX. mendean Bigarren Mundu Gerraren albo kalteak eta proba nuklearren ondorengo eritasunak. Nuclear Claims auzitegiak hala erabakiz, AEBek zor dizkien 2.000 milioiak ez dituzte oraindik osorik eskuratu, ezta hurrik eman ere. Egoera hori aski zaila ez balitz, azken urteotan klima aldaketaren eraginak gehitzen zaizkie. Lehorteak eta itsas mailaren igoera azkarrak bertako jarduerak oztopatzen dituzte, batez ere atoloi urrunenetan. Laborantzaren oso menpekoak izanik, nola biziraunarazi daitezke zuhaitzak atzera egiten duten lurretan eta euri eskasean?

Komunitatea, egokitzapenaren oinarri

Bertako gobernua halere ez da hondamendi horien aurrean ezer egin gabe gelditzen. Hain zuzen ere, garatu duten egokitze plana hainbat adituk txalotu dute. Columbia unibertsitateko zuzenbide irakaslea den eta klima aldaketari egokitzapen politiketan aditua den Michael Gerrardek ikusi izan duen egokitze plan "zehatzenetarikoa" da, "sakona" eta "arretazkoa" iduritzen zaiona. Dioenez, planak ez ditu, beste askok bezala, kezkak adierazten ekintzarik martxan ezarri gabe. Ez, erabakitze prozesu sistematiko eta sakona abiatzeko plana da marshalldarrena. Planak garatuz joan ahala, populazioaren %3 baino gehiago elkarrizketatu zituen gobernuak 123 egunez, 24 uharte eta atoloi bisitatuz. Gaurko egunez, komunitatearen parte hartzea martxan ezarri duen egokitze plan nazional bakarra Karibeko Santa Luzia irlakoa da, baina 100 pertsona baizik ez dituzte elkarrizketatu bertan.

Kathy Jetn̄il-Kijiner olerkari eta aktibista marshalldarra da, eta elkarrizketa horietan parte hartu zuen. Grist hedabideari azaldu zioenez, aldaketa erraldoiak egitera doaz beren uharteetan, eta horrek ezin du funtzionatu gobernuaren erabaki unilaterala baldin bada: komunitatetik bertatik etorri behar da, komunitateak dituelako eraginak pairatuko. Bai, demokrazia existitzen da mundu honetan nonbait.

Elkarrizketatu dituzten marshalldarren ia erdiak itsas mailaren igoera nabaritu dutela diote, eta ia laurdenak ur edangarri eskasa pairatu dutela. %20 baino gehiagok diote klima aldaketak beren elikadura ziurtasuna mehatxatzen duela. Iparreko uharteetan egoera bereziki gogorra da. Wotho atoloia luzaz izan da uharteen janari ekoizpen gune nagusietakoa; gaur egun, aldiz, putzuek ur gazia ematen dute, eta lur gazituan hazten diren zuhaitzek fruitu ustelak. Koral zurituetatik arrainak joan dira, itsasgoran ura hainbat etxetara sartzen da, eta ekaitz bakoitzean bidea urpetua da. Hori hasiera baizik ez da: balizko klima ibilbide baikorrenetan ere itsas mailaren igoera 60 zentimetrokoa izan daiteke mende bukaera baino lehen. Bertan ur gezarik eskuratu ezinean edota betiereko itsas uholdeetan bizi beharrean, milaka herritarrek beharko lituzkete uharteak utzi.

"Hemen gara hilko"

Nahiz eta aurreikuspenak ilunak izan, elkarrizketaturikoek ez dute bertatik ihes egitea lehenesten: %99ak baztertzen du aukera. Batek esplizituki dio, "hemen gara hilko". Elkarrizketatzaileetariko batek espero du bere etxea bera zendu arte zutik irautea, inoiz ez bilakatzea klima errefuxiatu, eta marshalldarrek luzarako jarraitzea beren uharteetan burujabe.

Aterabide gisa lehenetsitako aukerak dira kostaren babesa, naturan oinarrituko baliabideen erabilpena –adibidez ekaitzen eragina leuntzeko– , ur gezaren erabileraren hobetzea eta lurralde antolaketa.

Egokitze aukera guzi horiek elementu amankomuna dute: finantziazioa. Hots, nazioarteko laguntzarik gabe, nekez lortuko dute marshalldarrek: 35.000 milioi dolar beharko lituzkete, hau da, biztanle bakoitzeko 730.000 dolar. Gai hori datozen COP guzien agendan egonen da, eta ez bakarrik 48.000 biztanleko nazio txiki honi dagokionez. Gobernuko klimari buruzko delegatu Tina Stegek COP bat baino gehiagotan azaldu bezala, hainbat eskualdeentzat egokitzeak diferentzia markatzen badu egoera txarra eta txarragoaren artean, Marshall uharteentzat biziraupenaren eta desagerpenaren artekoa da aldea. Kathy Jetn̄il-Kijinerrek dioenez, bertako lurraldea ahalik eta hoberen babesteaz gain, egokitze planentzako eredu bat ezartzea dute helburu, eta hori komunitatearekiko engaiamenduari eta egokitzapena behetik eraikitzeko borondateari dagokionez.

Marshall uharteetako lema Jepilpilin ke ejukaan da: Ahalegin bateratuari esker lorturikoa. Euskal herritarroi ez zaigu arrotz egiten. Eredu honengatik ere dira ahalik eta hoberen babestu behar. Eta atoloi guziak salbatzen ez badugu lortzen ere, behintzat eredu horren zabalpenean lagundu dezagun.

Klima aldaketaren areagotzeak ezbaian jartzen du arrisku guztiak aseguratzeko aukera
2024-10-13 | Nicolas Goñi
Karibea eta Ipar Amerika jo dituen Helene urakanak erakutsi bezala, klima aldaketak indarturiko muturreko eguraldien kostua kolosala da. Hainbertze, non eta aseguruak horren arabera garestituko... (+)
Saguzarren osasunak gure osasuna babesten du, ezusteko moduan
2024-09-22 | Nicolas Goñi
Ameriketako Estatu Batuen ipar ekialdean azken urteotan maila handiko fenomeno batek eragin garrantzitsua izan du osasun publikoan, eta basa animalien osasunaren garrantzia oroitarazten du. Argitaratu... (+)
Balutxistango laborariek eredu ekologikoa dute muturreko eguraldiei aurre egiteko soluzio
2024-09-01 | Nicolas Goñi
Munduko klima gogorrenetakoa du Balutxistanek: basamortuko klimaren muturreko bero eta lehorteak, eta Arabiako itsasotik ekarritako montzoiaren eurite irregularrak, urte batzuetan eskasak eta bertzeetan uholdeak eragiteko... (+)
Nola saihestu dezakegu aire kutsatuaren murrizteak dakarren berotze efektua?
2024-06-23 | Nicolas Goñi
Azken urteotan nabaritu den beroketa globalaren emendatzea neurri batean kutsadura murriztearen ondorioa da, hain zuzen, murriztuz doazen aerosol sufredunen isurketek, berez, berotegi efektuaren zati bat... (+)
Ekialdeko Afrikan, oztopoak oztopo, eurite aldaketei egokitzeko ekimenak martxan
2024-05-12 | Nicolas Goñi
Etiopia, Somalia eta Kenyako hainbat eskualdetan ia hiru urtez euririk gabe egon ondoren, azkenaldian urpetuak izan dira. Sasoi kontrasteak ohikoak izanik ere eskualde hartan, klima... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora