Asteroko buletina
Abuztuaren erditik aurrera eguna moztu eta euliak zorroztu

Klima aldaketaren areagotzeak ezbaian jartzen du arrisku guztiak aseguratzeko aukera

Karibea eta Ipar Amerika jo dituen Helene urakanak erakutsi bezala, klima aldaketak indarturiko muturreko eguraldien kostua kolosala da. Hainbertze, non eta aseguruak horren arabera garestituko diren, arrisku berriei aurre egiteko asmoz. Klimaren bilakaera hori gelditu ezean, aseguruak ordaindu ezina ere gertatu daiteke noizbait, eta horrek hainbat jarduera ekonomikoren bukaera eta eskualde zenbaiten hustea ondorioztatuko luke. Austeritatea zergatik ez da zor klimatikoaz arduratzen?


2024ko urriaren 09a

Helene urakanak oso gogor jo ditu Kuba eta AEBetako hego-ekialdea, azken honetan 167 pertsona hilik. Floridako ipar kosta –Big Bend eskualdea– jo duen urakan handiena izan da, eta Kubako Pinar del Río probintziatik AEBetako Virginiako Estatura arte zabaldu dira uholdeak, lur jausiak, urtegien gainezkatzeak eta elektrizitate hornidura eteteak. Ipar Karolina mendebaldeko Mendi Beltzen eskualdean uholde bereziki gogorrak izan dira. AccuWeather eguraldi aurreikuspen agentziaren arabera, AEBetan kalte materialak 145.000 milioi dolarretik gorakoak izanen dira.

Peter Kalmus klimatologoa harritu zen hedabide handietan hondamendi hori ez baitzen klima aldaketarekin lotzen. Hala adierazi zuen Democracy Now hedabidearekin egindako elkarrizketan: "The New York Times egunkarian Ipar Karolinaren mendebaldeko uholdeei buruzko artikuluak irakurtzen aritu naiz. Artikuluek klima aldaketa ez zuten aipatzen, ezta aipu bat ere; nahiz eta horrek berak eragin uholdeak. Horretaz harago gehiegizko beroketa atzeraezinaren testuinguru zabalagoan gaude, erregai fosilen industriak eragindakoa. Hainbat hamarkadaz gezurretan eta ekintzak oztopatzen ibili dira. Planeta gehiegi berotzen ari da. Atzeraezina da. Erregai fosilen industriaren eragina da. Eta 'industria' diot zehazki, ez 'erregai fosilak', industria horrek dituelako sistematikoki ekintzak oztopatu azken ia 50 urteotan, hamarkadaz hamarkada. Hori okerrago izanen da planetak berotzen jarraitu ahala. Etorkizunean ekaitz latzagoak ikusiko ditugu. Erregai fosilak erretzen jarraitzen duguno eta industria hori desinformazioa zabaltzen eta ekintzak oztopatzen uzten deno, planetak berotzen segitzen du. Ozeano beroagoek dituzte elikatzen halako ekaitzak, zaluago areagotzen direnak eta askoz indartsuagoak direnak. Egurats beroagoek ur gehiago eduki dezaketenez ditugu halako euriteak pairatzen, oraintxe gertatzen ari diren uholdeak eragiten dituztenak. Nire ustez, hori da irudika dezakegun gauza zitalena: erregai fosilen sektoreko buruzagi eta lobbylariek gezurretan ibiltzen jarraituko dutela beren banku kontuak betetzeko gisan, eta hori gure planetaren eta gizateriaren etorkizunaren kalte atzeraezinerako".

Nork ordainduko du?

Erregai fosilen industriak hamarkada horietan irabazteari utzi nahi ez izanagatik, hainbat mendez faktura ordaindu beharko dugula oroitarazten digu Kalmusek. Jende askok oraindik klima aldaketaren ondorioak ukatzen jarraitzen badu ere –ARGIAren 2837 aleko Muturreko eguraldiak ez dira gai haiek bakarrik kontzientziak pizteko erreportajean aipatu bezala–, aseguru-etxeek gero eta argiago dute: arriskuak jada ez dira joan den mendean bezalakoak, eta arrisku horien aurrean asegurua egiteko baldintzak ezberdinak izan beharko dira. Frantziako aseguru-etxeen federazioak, adibidez, aurtengo martxoan argitaratu duen txostenean azpimarratu du eguraldiari loturiko kalteak areagotu direla maiztasunean eta larritasunean. Dioenez, Frantziako Estatuan kalte horiek 6.500 milioi euroko kostua izan zuten 2023an, aseguruen sektorerako inoizko hirugarren urte garestiena izan zen. Azken lau urteotan muturreko eguraldien kalteen kostua urtean 6.000 milioi eurotik gorakoa izan da –aurreko hamarkadan baino nabarmen goragoa eta aurreikuspenek ziotena baino %18 altuagoa–. Kostu handiena izan dute kazkabar ekaitzen kalteek, 2022ko lehortekoek eta 2023ko ekaitz eta uholdeenek. Kalte zuzenez gain, zeharkako ondorioak ere badituzte, demagun, azpiegitura eta finantza arazoak ere sortuta. Etxebizitzetarako bereziki kezkagarriak dira, adibidez, lehorte eta sasoi euritsuen aldizkatzeak ondorioztaturiko lur buztintsuen uzkurtze eta hanpatzeak. Buztinen joera horiek etxeen hoditeria kaltetu dezakete, eta eraikinetan pitzadurak sortu, epe luzean hainbat etxeren bizigarritasuna kolokan ezarrita.

Sorpresarik gabe, muturreko eguraldien ugaritzearen –eta ugaritze honen azelerazioaren– ondorioz aseguru-etxeek beren prezioak igoko dituzte. Hala iragarri dute bederen Frantziako Estatukoek, eta ez dira ziur aski garestituko diren bakarrak. Etxebizitzen eta lanbide-kontratuen prima %12tik %20ra igoko da 2025an, eta suteen aurkakoa %6tik %9ra. Igoera horiekin espero dute 1.200 milioi euro gehiago biltzea, 2015etik aseguruen sektoreak pairatu duen defizita leuntzeko asmoz.

Dena ordaintzeko, hazkunde gehiago?

Izan kalte zuzenen kostuen bitartez edo kalteen arriskuari aurre egiteko aseguruen kostuen bitartez, klima aldaketak jarduera ekonomikoentzako aukerak murriztuko ditu. Ekonomialari batek beharbada erran lezake arrisku berriek bertze hainbat sektore garatuko lituzketela, hala nola eraikinen konponketa edota uholdeak desbideratzeko dikeen erainkuntza, eta horrek BPGaren hazkundea ondorioztatuko ligukeela. Aupa! Baina mundu materialari dagokionez, hau da, elikatzen eta aterpetzen gaituenari dagokionez, ez genuke aberasterik sumatuko, prekarizazioa baizik. Zer gertatuko da, adibidez, urakan edo tifoi arrisku handiegia izateagatik eraikin eta enpresa gehienei asegurua egitea garestiegia bilakatzen bada Floridan, Texasen, Japoniako hegoaldean edo Taiwanen? Edo Belgika, Alemania edo Txekiako hainbat eskualdetan uholde arriskua garestiegia bilakatuko bada? Edo bertze hainbat tokitan nahaspilatzen diren lehorte, bero uhin eta uholde arriskuak –Kalifornia edo Mediterraneo ingurua kasu– garestiegiak bilakatuko badira? Jarduera asko ekonomikoki bideraezinak bihurtuko lirateke, inbertsio guziak edonoiz deuseztatzeko arriskuagatik eta berreraikitzeko aukera eta laguntza oso murritzengatik. Enpresa gero eta gehiagok, ziur aski, itxi edo alde eginen luke, eraikinetan edota azpiegituretan kalte konpondu gabeak metatuko lirateke, eta ihes egin ezin dutenak baizik ez lirateke geldituko eskualde horietan.

Errefuxiatuen aurkako neurriak zorrozten ari diren une honetan, ez dugu aski ongi ulertu gu edo gure haurrak errefuxiatu izan daitezkeela noizbait, hondamendien kalte konponezinen ondorioz. Eta austeritatea berriz modan jartzen ari den une honetan, ez dugu aski ongi ulertu belaunaldi berriei uzten diegun zor atmosferikoak –pilatutako berotegi efektu gasak– etorkizuneko oparotasuna zenbat kaltetuko dien.

Plastiko kutsadurari buruzko gailurraren porrotak arazoa kudeaezin bihurtu dezake
2024-12-15 | Nicolas Goñi
Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu,... (+)
Betirako urpetutako lurrez ordaintzen dute klima aldaketa Hego Sudanen
2024-11-24 | Nicolas Goñi
Hegosudandar gehienak txirotasun larrian bizi izan dira azken bi mendeotan gutienez, eta zoritxarrez, estatu independente bihurtzeak ez die egoera hobetu, munduko herrialde txiroena baita, hainbat... (+)
Zuhaitzen migrazioa dugu oihanek klima larrialdiari aurre egiteko soluzioetariko bat
2024-11-03 | Nicolas Goñi
Gero eta egoera larriagoan daude munduko oihanak, klima aldaketak ekarritako bero uhin eta lehorteek bultzatzen dituzten suteengatik, bertzeak bertze. Latitude ertain eta borealetan klima jadanik... (+)
Saguzarren osasunak gure osasuna babesten du, ezusteko moduan
2024-09-22 | Nicolas Goñi
Ameriketako Estatu Batuen ipar ekialdean azken urteotan maila handiko fenomeno batek eragin garrantzitsua izan du osasun publikoan, eta basa animalien osasunaren garrantzia oroitarazten du. Argitaratu... (+)
Balutxistango laborariek eredu ekologikoa dute muturreko eguraldiei aurre egiteko soluzio
2024-09-01 | Nicolas Goñi
Munduko klima gogorrenetakoa du Balutxistanek: basamortuko klimaren muturreko bero eta lehorteak, eta Arabiako itsasotik ekarritako montzoiaren eurite irregularrak, urte batzuetan eskasak eta bertzeetan uholdeak eragiteko... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora