Asteroko buletina
Uztailako kallaren kantia, xakia bai eta xakukorik ez, edo xakurik ez da xakukoa bai.

Balutxistango laborariek eredu ekologikoa dute muturreko eguraldiei aurre egiteko soluzio

Munduko klima gogorrenetakoa du Balutxistanek: basamortuko klimaren muturreko bero eta lehorteak, eta Arabiako itsasotik ekarritako montzoiaren eurite irregularrak, urte batzuetan eskasak eta bertzeetan uholdeak eragiteko modukoak. Hala eta guztiz ere, bertan laborantza badago, eta belaunaldi gazte gero eta gehiagok lurra lantzeko eta elikatzeko bide organikoa hautatzen du. Luzaz zapalduriko eskualde hartan, menpekotasunak gainditzea da haien xede nagusia.


2024ko abuztuaren 28a

Balutxistango klima basamortu berokoa da, udaberrian eta udan ohikoak dira bertan 45 gradutik gorako egunak. Turbaten, Balutxistango bigarren hiri handienean, munduan inoizko laugarren tenperatura beroena neurtu zen 2017ko maiatzean: 54 gradu. Baina batezbertzean Pakistango hiri beroena Sibi da, eta hura ere Balutxistan eskualdean dago. Himalaiako mendiez aparte, Pakistango negu hotzenak dituen hiria Balutxistan eskualdeko hiriburua da: Quetta. Bertan neguan -10 graduko gauak ohikoak dira. Eta Pakistango toki lehorrena ere bai, Nok Kundi hiria, Balutxistanen da. Azalpen gehiagorik ez da behar, aise irudikatzen da Balutxistango bazterren kolore nagusia ez dela berdea, eta zuhaitz eta goroldioa baino maizago aireko gandua ikusten dutela.

Basamortuko baldintza horiek aski gogorrak ez balira, azken bi urteetan montzoi sasoia bereziki gogorra izan zen Balutxistanen, euriteek lehortea arindu baino uholde historikoak eragin zituztelarik. 2022ko uholdeek 336 pertsona hil zituzten bertan. Hainbat etxetan ura sartu eta erabilezin bilakatu zituen, horren ondorioz 426.897 etxe andeatuak edo guziz suntsituak izan ziren. 1.230 km2­-ko (ia Nafarroa Beherearen azalera) sorotan uztak galdu ziren, eta milioi erdi inguru abere hil ziren, udaberrian beroak eta gero montzoiaren urak harrapaturik. Pakistango meteorologia zerbitzuen arabera, Balutxistanen 2022ko abuztuan izandako euria ohiturazko euri mailaren ia zazpikoitza zen. Honen ondorioz milaka errefuxiatu izan ziren, baldintza bereziki prekariotan, janaria eta botikak eskas zituztelarik. Pakistango eskualde kaltetuena izan zen Balutxistan, 2022ko uholdeetan Pakistanen suntsitu ziren etxeen %60 eta kalteturiko eskolen hiru laurdenak eskualde hartan ziren –bertako populazioa Pakistangoaren %5.5 delarik–.

Uholde historiko horietatik berrosatzeko astirik ez, 2023ko udaberrian berriro abiatu ziren uholdeak, uztailera arte, bertze 1.100 pertsona hilez eta ehundaka etxe kaltetuz. Ia 750.000 pertsona errefuxiatu bilakatu ziren, etxerik, eskolarik eta arreta medikalik gabe, eta aurreko urtean bezala, estatuaren kudeaketa eskasak eta azpiegitura desegokiek kalteak larritu zituzten.

Muturreko klimarako laborantza

Halako baldintzetan pentsaezina lirudike laborantzarik egotea, kiskaltzen edo urperatzen ez den landarerik egotea. Halere laborantza egon badago, nahiz eta lur landua lurraldearen %5,9 bakarrik den, ur baliabideak ez baitu gehiagorako ematen, orain arteko baldintzetan bederen. Baina egoera pixkanaka aldatzen ari da. Luzaz Balutxistanen, “garapen bidean” diren bertze hainbat tokitan bezala, “iraultza berdeak” markatu zuen bidea: barietate berriak eta ongarri sintetikoak omen ziren konponbidea. Baldintza optimotan, barietate berriek ongarri sintetikoei esker gehiago ekoiztu ohi dute, eta lan zama arindu. Horregatik ere piztu zuten “iraultza” horiek esperantza, gurean arto hibridoa eta ongarri sintetikoak zabaltzen hasi zirenean bezala. Kontua da alde batetik, baldintza optimizatuak gutitan ematen direla Balutxistanen bezalako muturreko eguraldi bero eta lehorretan, bertzaldetik, lurzoruen zati organikoa desagertzen hasten bada (ongarri sintetikoetan gehiegi oinarrituz gero) baldintza horiek ere gero eta gutiago ematen direla. Horri gehitu klima aldaketaren ondoriozko ezohiko bero uhinak edota euriteak, eta nekez mantenduko da etekina. Bitartean, ekoizkinen prezio globalak behera joaten badira baina haziena eta ongarri sintetikoena gora, laborari askorentzat hasierako esperantzaren ordez zorrak eta etorkizunari buruzko kezkak dira zabaltzen.

Tokiko baliabideekin, bide emankorragoa

Horrelako testuinguruan, eraginkortasun optimizatua baino hobe da sendotasunaren lehenestea. Hau da, baldintza idealetatik urruntzean ere beren etekina segituan galduko ez duten barietateak lehenestea: askotan tokiko barietateak dira, sasoi onetan mota berrien etekinak gainditzen ez dituztenak, baina sasoi txarretan edota lur ez hain emankorretan etekin egokia emanen dituztenak. Horrez gain, muturreko eguraldietan bere egitura deseginen ez zaion eta ura hobeki atxikiko duen lurzorua garatzea eta zaintzea ere komeni da.

Azken horretarako, IDSP Garapen Ikerketa eta Praktikarako Erakundea fundazioak saiakera pilotu bat bultzatu zuen 2022an, Balutxistango bortz barrutiko 25 laborari “txikirekin”, hau da, gehienez bi hektarea lantzen zituztenekin. Hasieran bakoitzari 38.000 errupiako (123 euro) laguntza eman zieten tokiko haziak erosi ahal izateko. Lehen emaitzak baikorrak izan zirela eta, 2023ko otsailean Karachiko Rotary Club benefizentziak bertze 200 laborariri eguzki-lore eta artatxiki haziak hornitu zizkieten. IDSPk bere aldetik ongarri organikoak hornitzen zituen, Sohbatpur eta Sibi hirietan irekitako ongarri, mikronutriente eta bio-bizkorgarri fabriketatik.

Gaur egun 300 dira ekimen horretan parte hartzen duten laborariak, 566 hektareatan, batezbertzekoan hektareako 23,6 kintal lortuz –klima hartan, eta ur baliabide murriztuarekin, ez da gauza txikia–. Horietariko batek, 21 urtekoak, 95.000 errupiako mozkina lortu zuen 12.000 inbertitu ondoren, eta bere auzokideak –aurreko belaunaldikoak– bikoitza baino gehiago gastatu zuen ongarri sintetikoetan, emaitzarekin ordura arte pilatutako zorra arintzen lortu gabe. IDSPko adituen arabera, bi hektareako fosfato diamonikoa eta urea beharrek 175.000 eta 200.000 errupia arteko kostua dute, aldiz, 22.000 errupia nahikoa izan ohi dira azalera bera modu organikoan ongarritzeko. Halako diferentziekin litekeena da bertako laborari gazte gehiago eredu organikora pasatzea, bertako lurzoruen onerako ere.

Pakistan mailan, soroen materia organikoaren heina %1.25 ingurukoa da, eta maila horren azpian daude Balutxistango gehienak. Maila hain apal horietan materia organikoen edukia bikoizteak ez du asko kostatzen eta onura asko dakarzkie. Irabazia etekin hutsa baino zabalagoa da: laborarien finantza oreka – ongarriak merkeagoak eta ekoizkin organikoen prezioak pixka bat goragoak izanik –, landa eremuan lanpostuen sortzea –azalera txikiko laborariak edo ongarri organiko fabriketako langileak–, lurzoruen gaitasun handiagoa ura xurgatzeko, eta laborantzaren karbono aztarna apalagoa –ahalegin hori egiteari dagokionez balutxeak lehen lerrotik urrun badira ere...–.

Plastiko kutsadurari buruzko gailurraren porrotak arazoa kudeaezin bihurtu dezake
2024-12-15 | Nicolas Goñi
Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu,... (+)
Betirako urpetutako lurrez ordaintzen dute klima aldaketa Hego Sudanen
2024-11-24 | Nicolas Goñi
Hegosudandar gehienak txirotasun larrian bizi izan dira azken bi mendeotan gutienez, eta zoritxarrez, estatu independente bihurtzeak ez die egoera hobetu, munduko herrialde txiroena baita, hainbat... (+)
Zuhaitzen migrazioa dugu oihanek klima larrialdiari aurre egiteko soluzioetariko bat
2024-11-03 | Nicolas Goñi
Gero eta egoera larriagoan daude munduko oihanak, klima aldaketak ekarritako bero uhin eta lehorteek bultzatzen dituzten suteengatik, bertzeak bertze. Latitude ertain eta borealetan klima jadanik... (+)
Klima aldaketaren areagotzeak ezbaian jartzen du arrisku guztiak aseguratzeko aukera
2024-10-13 | Nicolas Goñi
Karibea eta Ipar Amerika jo dituen Helene urakanak erakutsi bezala, klima aldaketak indarturiko muturreko eguraldien kostua kolosala da. Hainbertze, non eta aseguruak horren arabera garestituko... (+)
Saguzarren osasunak gure osasuna babesten du, ezusteko moduan
2024-09-22 | Nicolas Goñi
Ameriketako Estatu Batuen ipar ekialdean azken urteotan maila handiko fenomeno batek eragin garrantzitsua izan du osasun publikoan, eta basa animalien osasunaren garrantzia oroitarazten du. Argitaratu... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora