Uztan eragin lekaziari eta segari, Madalenak mantalari, intxaurrak ugari

Birziklapenean baino, erabilera murriztean datza plastiko kutsaduraren konponbidea

Plastiko kutsadurari konponbideak aurkitu nahian, Kenyako hiriburuan bildu ziren 161 estatuko delegatuak, hainbat GKE eta industriaren sektoreko presio-taldeekin batera azaroaren 13tik 19ra. Negoziaketetan lehiatzen dira bi estatu multzo: bata, ekoizpena murriztearen aldekoa eta bertzea, horren ordez, birziklatzea sustatzearen aldekoa. Alta, birziklatzearen erabilera politikoak eta muga fisikoek erakusten digute lehen aukera baizik ez dela bideragarria. 


2023ko azaroaren 28a
Argazkia Maldibetako Thilafushi ugartean harturikoa da. Gaur egun, plastikoaren %9 bakarrik birziklatzen da, beste guztia lurperatzen, erretzen edota ingurumenean barreiatzen da.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Plastikoz blai bihurtu zaigu biosfera: mikroplastikoak –5 mm baino gutiagoko plastiko puskak– itsasoak bete eta bertako ekosistemetan metatzeaz gain, hortik lurrinketarekin aireratu eta atmosferan aurkitzen dira ere, hainbat ekosistematan barreiatuz, hala Pirinioetan nola Artikoan. Kutsadura hori gure odolean eta gure burmuinean aurkitzen da, gure osasuna kaltetuz. Zaborra sortzen duen kate honen hasierak ere –petrokimikak– kutsadura sortzen du: oro har, plastikoaren ekoizpenak eta erabilerak berotegi efektuko gasen isurketen %3,4 sortzen zuten 2019an.

2000tik 2020ra plastiko ekoizpena bikoiztu da, munduan 460 milioi tona izateraino. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen arabera, gaur egundik 2060ra zabor plastikoa hirukoiztu daiteke, baina gaur egun plastikoaren %9 baizik ez da birziklatzen, gainontzekoa lurperatzen delarik, edo erretzen, edo ingurumenean barreiatzen.

Azken urteotan mikroplastikoen eraginaz ohartze globala zabaldu da, eta hainbat ekimen martxan jarri dira horri aurre egiteko. Horietarik bat azaroaren 13tik 19ra Nairobin (Kenya) antolaturiko goi-bilera izan da. Bertan bildu ziren 161 estatuko 2.000 inguru delegatu, plastiko kutsaduraren aurkako mundu mailako neurriak adosteko asmoz. Bortz goi-bileren hirugarrena izan da Nairobikoa, eta bertan ageri da, oro har, negoziaketak bi talderen artean egituratzen direla.

Bi ikuspegi talkan: birziklatu edo ekoizpena murriztu

Alde batetik, hirurogei bat herrialde, Rwandak, Norvegiak, Kenyak eta Europar Batasunak bultzaturik, hitzarmen hertsagarri baten alde dira, plastikoaren kontsumoa eta ekoizpena murrizteko helburuarekin. Rwanda izan da, hain zuzen, plastikozko poltsak debekatu dituzten lehen estatuetakoa. Bertzaldetik, AEB, Saudi Arabia, Txina, Errusia eta India, kontsumoa murriztu beharrean, zaborren kudeaketa eta birziklapena lehenesten dituztenak.Hainbat GKEren arabera, bigarren multzo hori aurrerapenak oztopatzen aritu zen. Fondation de la Mer (“Itsasoaren Fundazioa”) erakundeko presidente Sabine Roux de Bézieuxek dio estatu batzuek asko galtzeko luketeela ekoizpena murriztea adostuko balitz, plastikoa ekoizten dutelako edo haien industriak eta bizimoduak plastiko asko kontsumitzen duelako.

Ontzi botagarriak petrolioaren sektoreak bultzatu zituen 1970eko hamarkadan, ordurarte berrerabiltzen ziren –nagusiki beirazko– ontzien ordez. Ontzi botagarriak hobe onartarazteko, birziklapena sustatu zuten –hitzetan bederen, praktikan dena birziklatzetik oraindik oso urrun baigaude–. Birziklatzeak ontziaren kostua eta ardura esternalizatzen ditu, partzialki edo osorik, kontsumitzaile eta erakunde publikoen gain.

Industriaren ahaleginez, 1970eko hamarkadatik hona zaborren kudeaketa norberaren ardura bihurtu da; nagusiki, ekoizpen prozesua ekuaziotik kenduz, eta dena birziklatuko ez zela hasieratik jakinik ere. How Big Oil Misled The Public Into Believing Plastic Would Be Recycled (“Petrolioaren sektoreak plastikoa birziklatuko zela nola sinestarazi zion publikoari”) erreportajean Laura Sullivanek azaltzen duen bezala, AEBko Plastiko Industriaren Elkarteko presidente ohiak argi erran zuen: “Birziklatzeak funtzionatzen duela uste badu publikoak, ingurumenari buruzko kezka gutiago egonen da”. Gaur egungo negoziaketetan joera horrek darrai, eta aurrerapenak oztopatzeko ahaleginetan orain dator “plastiko kredituen” proposamena: “karbono kreditu” famatuen modura, birziklapenean inbertitzearen truke ekoizpenaren garapena baimenduko lukete kreditu horiek.

Birziklatzea konponbide baliagarria ote?

Birziklatzea erretzea baino praktika hobea denik ez da eztabaidagai, baina halere arazo asko ditu, lehena bere tasa apala delarik. Europan plastikoa gehien birziklatzen duten estatuak Eslovakia eta Lituania dira, baina %56ra baizik ez dira iristen. Tasa apalenak Frantzian (%21) eta Maltan (%10) aurkitzen dira. Baina %100 lortuko bagenu ere, arazoa ez litzateke konponduko: birziklatzeak nanoplastikoak sortzen ditu, hots 1 µm baino gutiagoko mikroplastiko puskak. Hala ikusi zen Norvegian polietilenoa birziklatzen duen lantegi baten hurbileko erreketan, Plastic recycling plant as a point source of microplastics to sediment and macroinvertebrates in a remote stream (“Plastiko birziklapen lantegia, urruneko erreka bateko jalkin eta ornogabeentzako mikroplastiko iturri gisa”) lanak erakusten digun bezala. Erresuma Batuan, The potential for a plastic recycling facility to release microplastic pollution (“Plastiko birziklapen lantegi batek mikroplastiko kutsadura isurtzeko duen potentziala”) ikerketak erakutsi duenez, birziklapenerako lantegi batera iristen den plastikoaren %13 arte mikroplastiko bilakatu eta kanpora isuri daiteke eta existitzen diren filtro onenak erabiliz, berriz, %6. Urean zabaltzen diren mikroplastikoak itsasora doaz, eta bertan ere gehiago txikitu eta barreiatu ditzateke zooplanktoiaren osagai batzuek, zehazki errotiferek, Microplastic fragmentation by rotifers in aquatic ecosystems contributes to global nanoplastic pollution (“Ekosistema akuatikoetan errotiferen eskuko mikroplastikoen zatikatzeak nanoplastiko kutsadura emendatzen du”) lanak berriki azaldu duen bezala.

Orduan, erremedioa bioplastikoetan ote datza? Hala espero genuen, baina Not so biodegradable: Polylactic acid and cellulose/plastic blend textiles lack fast biodegradation in marine waters (“Ez hain biodesegingarri: azido polilaktikozko eta zelulosa/plastiko nahasizko ehunek biodesegite lasterra eskas dute itsas uretan”) idatziak erakutsi digu ez dela guztiz hala.
Zailtasun horiek agerian uzten dute plastikoen erabilerak, neurri handian, kutsadura itzulezina eta konponezina sortzen duela, eta aterabideak birziklatzean eta “plastiko kredituetan” oinarritzeak arazoa larritu baizik ez duela eginen. Orain arteko kalteak ez emendatzeko, plastikoa erabiltzeari eta ekoizteari utzi behar genioke. Horretarako zer eskas zaigu?

India erdialdean, idortze globalari aurre egiteko laborarien eta ikertzaileen elkarlana
2025-05-04 | Nicolas Goñi
Klima aldaketaren eraginez, munduko lurralde gero eta gehiago idortzen ari dira, milioika pertsonaren jarduera eta bizimoduak kolokan ezarririk. Fenomeno horren frontean dago India erdialdeko Maharashtra... (+)
Angolan lehorteak 2,3 milioi pertsona mehatxatzen ditu, baina nori axola zaio?
2025-04-06 | Nicolas Goñi
Munduan gutien aipaturiko krisi humanitarioa da Angola hego-mendebaldean 2019az geroztik irauten duena. Klima aldaketak indarturiko lehorte luze baten ondorioz milioika pertsona janari eskasean edo desegokitasunean... (+)
Mozambiken kontratatu zituen militarren torturak isilpean gorde ditu Total multinazionalak
2025-02-23 | Nicolas Goñi
Mozambiken gas eremu zabal batean erauzketa prozesu bat martxan ezartzeko prest zen 2020an TotalEnergies enpresa frantsesa, eta gunearen segurtasuna bermatzeko Mozambikeko unitate militar bat kontratatu... (+)
Jendez hustutako landa eremuetara basabizitza ez da uste bezala itzultzen
2025-02-02 | Nicolas Goñi
Munduko landa eremu periferikoetan 4 milioi kilometro koadro laborantza lur abandonatu dira azken 75 urteotan. Orain arte arrazoi ekonomikoengatik uzten baldin baziren nagusiki, gerora, klima... (+)
Nola bihurtu lurzoruak klimaren laguntzaile?
2025-01-12 | Nicolas Goñi
Muturreko lehorte eta euriteak normaltasun berria bilakatu zaizkigu. Areagotzen dituzten kalte ekonomiko eta ekosistemikoen artean, laborantzak pairaturikoak ez dira txikienak. Bereziki, lehorte garaietan zaluegi idortzen... (+)
gora