Otsailean lainoa noraino, elurra gero haraino

Patriarkatuak dakar emakumeak direla hondamendi naturaletako lehen kaltetuak

Hondamendi naturalek ez dituzte pertsona guztiak berdin kaltetzen. Uholdeen ondorengo biziraupena aberastasun mailak baldintzatzen duela aski ezaguna da. Aldiz, askoz gutiago ohartzen gara generoak biziraupen hori baldintzatzeaz: zergatik zehazki emakumezkoak gehiago hiltzen dira hondamendi naturaletan? Hondamendien ondorioz zergatik haien bizi baldintzak txartzen dira? Arau patriarkalek eta genero bakoitzaren rol sozialek hainbat modutan emakumeak zaurgarriagoak bihurtzen dituzte.  


2023ko azaroaren 12a
2015etik goiti, uholde eta lehorteengatik laborantzaren etekina asko murriztu da Malawin. Elikagai eskas horrek horretara beharturik, adingabeak direla ezkondu behar izaten dute neska anitzek. Creative Commons
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Libia jo zuen Daniel ekaitzaren euriteek urtegi zaharkitu bat puskaturik, milaka pertsona hil ziren irailean. Hondamendi hori albiste nagusietatik laster desagertu bada ere, biziraun dutenen zama ez da modu berean desagertu. Trauma gainditu behar izateaz gain, emakumezkoak egoera bereziki larrian daude, osasun beharrei erantzun ezinean. Hajar Darwish emakumeen sexu-osasunean aditu libiarrak azpimarratzen du maiz antolakunde humanitarioak gizonez osatuak direla eta nabari dela gizonezkoek hartzen dituztela erabakiak: bururaturiko lehen gauzak elikadura, jantziak eta botikak dira, aldiz emakumeen behar bereziei erantzuteko materiala askoz beherago agertzen da zerrendan, askotan desegokia da, prestatzen dituenak maiz ez daki hilerokoak izatea zer den...  Darwishek dio ere Afrika iparraldean hilerokoentzako produktuak erostea egoera normalean zaila dela, lotsazkoa edo ia ilegala balitz bezala, eta horrek zailtzen dituela beharren identifikazioa eta behar bezalako erantzuna, infekzio arriskuak emendatuz. Emakume haurdunentzako eta ume jaio berrientzako higiene edo mediku zerbitzu eskasak ere hilkortasuna emendatu dezake. Konponbide bat izan daiteke emakumeentzako laguntza programa bereziak antolatzea, eskualde bakoitzeko erreferentzia kultural egokiak dituzten emakume taldeak sortuz. Horrek gizon zurian oinarrituriko estandar "unibertsala" aldatzea suposatuko luke.

Mugitu ezinak, heriotza dakar

ARGIAko 2840. alean Urperatzeari egokitzeko aukerak eta mugak erakusten dizkigute bangladeshtarrek artikuluan aipatzen genuen Bangladeshen ama bat buru duten familiak aita bat buru dutenak baino pobreagoak izanik, haien irabazien zati bikoitza erabili behar dutela hondamendiei aurre egiteko. Horrez gain, zaintza lanek emakumeen mugikortasuna oztopatzen dute, hondamendien aurrean emakumeak zaurgarriagoak izanik. Sonja Ayeb-Karlsson ikerlariak Climate Risk Management errebistan argitaraturiko When the disaster strikes: Gendered (im)mobility in Bangladesh ["Hondamendia gertatzen denean: genero-mugikortasun(ezin)a Bangladeshen"] idatzian azaltzen du Bangladeshen genero rol sozialek baldintzatzen dutela zikloien garaian aterpeetan babesteko joera. Gelditasuna generoari oso lotua zaiola azaltzen du, gizonezkoengandik igurikatzen direlako mugikortasuna eta ausardia, emakumezkoentzat, aldiz, mugikortasuna arriskutsua delakoan.

Igurikimen horiek indartzen dute emakumezkoentzat etxeko jardueren menpekotasuna, eta zikloiak gertatzen direnean, gizonik gabe egonez gero probabilitate handiagoa du bere etxean gelditzeko –hor hiltzeko probabilitate handiagoa du–. 2004ko abenduko tsunamiak gehien jotako Indonesiako Aceh eskualdean, biktimen hiru laurdenak emakumezkoak ziren. Hala iragarri zuen Oxfam GKEak 2005eko martxoan argitaratutako The tsunami’s impact on women ("Tsunamiaren eragina emakumeengan") txostenak. Ezberdintasun horren arrazoiak nagusiki jarduera ekonomikoan dautza: tsunamiak jo zuen momentuan, kostaldeko herrietako gizonezko asko itsasoan zeuden arrantzan. Uhinak, nabaria izan arren, ez zituen barkuak irauli. Landa eremuetan, gizonezkoak etxetik kanpo zeuden, soroetan lanean edo merkatuetan ekoizpena saltzen. Emakumezkoak etxean haurrekin, eta uhinak jo zuen momentuan haurrak biltzen saiatzen igarotako segunduak erabakigarriak izan ziren. Antzeko lekukotasunak daude Indian. Sri Lankan, faktore horiei gehitzen zaie irakaskuntzarena: mutikoei irakatsi ohi zaie igeri egiten eta zuhaitzetara igotzen, aldiz neskei ez. Tsunamia bezalako gertakizun batean eskas hori beren bizitzaz ordaindu zuten askok.

2007ko The Gendered Nature of Natural Disasters: The Impact of Catastrophic Events on the Gender Gap in Life Expectancy, 1981–2002 ["Hondamendi naturalen genero-izaera: hondamendien eragina bizi-itxaropenean, 1981-2002"] lanean Eric Neumayer eta Thomas Plümper ikerlariek 141 herritan 1981 eta 2002 urteen artean gertaturiko hondamendi naturalak aztertu dituzte. Joera orokor batzuk identifikatu dituzte: hondamendi naturalek, batez bertzean, emakume gehiago hiltzen dituzte, eta emakumeak gizonak baino gazteago hiltzen dira –ezberdintasun horiek handiagoak dira ezbehar hilgarriagoetan–. Aldiz, emakumeek maila sozioekonomiko goragoa duten lekuetan ezberdintasun horiek txikiagoak dira. Haien hitzetan, sozialki eraikia den emakumeen zaurgarritasunak dakar hondamendietan emakumezkoen heriotza-tasa gizonezkoena baino handiagoa dela, eta hori ez da generoen arteko ezberdintasun biologiko edo fisiologikoei lotua.

Arau patriarkalak indarturik

Malawin, Afrikaren hegoaldean, ezohiko euriteak izan ziren 2015ean. Horren ondorioz, etxalde askok uzta lokazperaturik galdu zuten eta elikadura baliabideak urritu zitzaizkien. Ondorengo urteetan El Niño fenomenoak eragindako lehorteak ez zuen egoera hobetu. Testuinguru horretan ugaritu ziren adin txikiko nesken ezkontzak. Horri buruz Brides of the sun ("Eguzkiaren emaztegaiak") dokumentala argitaratu zuten Maria Uderscu, Miriam Beller eta Gethin Chamberlain kazetariek. Bertan Ntonya Sanderen lekukotasuna agertzen da: 13 urte zituelarik, 19 urteko gizon batek bere burasoei proposatu zizkien 50 kilo azukre eta 25 000 MWK (30 euro), beren alabaren eskuaren truke. Ntonyak burasoei esan zien ez zela horretarako prest, baina burasoek onartu behar zuela erantzun zioten, etxean jateko aski ez zegoelako. Ntonya bezalako milaka daude. Malawiko gizon gazteen bizitzak klima aldaketarengatik gogorrak izanik ere, gehienak 18 urte eta gero ezkontzen dira eta ez dituzte burasoek behartzen. Tradizio patriarkalek hala bultzaturik, neskak dira horrela ezkontzera behartuak, janaria eskas denean. Youth Net and Counseling (YONECO) gazteria laguntzeko antolakundearen zuzendaria den Mac Bain Mkandawiren arabera, adin txikiko nesken ezkontzen %30 eta %40 artean klima aldaketari lotuak dira Malawin –1.5 milioi neska lirateke egoera honetan–.

Europan, oraingo sinplifikazioaren izenean, biharko bizitzak kaltetuko dira
2025-07-27 | Nicolas Goñi
Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari... (+)
Pakistan energia trantsizioan zegoen, erregai fosilen eta kriptotxanponen interesak tartean sartu arte
2025-07-06 | Nicolas Goñi
Prekaritate global hirukoitza pairatzen dute Pakistanen, klimak, energia gabeziak eta finantza publiko arazoak elkarrekin eragindakoak, bakoitzak bertze bien kalteak areagotzen dituela. Halere, arazoaz jabetu dira... (+)
Banku handiek klima aldaketan inbertitzen dute, baina ez da konponbidea sustatzeko
2025-05-25 | Nicolas Goñi
Berria izateari utzi dio: beroketa globalak bi graduak gaindituko ditu, eta gainditze horrek ondorio oso garestiak ditu. Klimaren gaia tabu bilakatzen ari den testuinguru berri ... (+)
India erdialdean, idortze globalari aurre egiteko laborarien eta ikertzaileen elkarlana
2025-05-04 | Nicolas Goñi
Klima aldaketaren eraginez, munduko lurralde gero eta gehiago idortzen ari dira, milioika pertsonaren jarduera eta bizimoduak kolokan ezarririk. Fenomeno horren frontean dago India erdialdeko Maharashtra... (+)
Angolan lehorteak 2,3 milioi pertsona mehatxatzen ditu, baina nori axola zaio?
2025-04-06 | Nicolas Goñi
Munduan gutien aipaturiko krisi humanitarioa da Angola hego-mendebaldean 2019az geroztik irauten duena. Klima aldaketak indarturiko lehorte luze baten ondorioz milioika pertsona janari eskasean edo desegokitasunean... (+)
gora