Azalorea unibertsitatean eskolatutako aza besterik ez da

Uzta eta lana aurreikusi, eta bilakatu

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2020ko urtarrilaren 24a
Neguko laboreak (garia, espelta, oloa, zekalea, garagarra eta abar) urrian hasi eta otsaila artean ereiten dira.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Datorren uztailean izango al dugu lanik? Izango al dugu labore uzta biltzeko lanik? Gure aldean, etorkizuna planifikatzeko eta antolatzeko gaitasun handia dute landareek; ia landare guztiek. Bere zikloa biziko den tokian gertatuko diren gorabeheretara egokitua izango da. Bizimodua horrelaxe antolatuko du. Inguruko lurraren eta klimaren baldintzekin uztartuko duen eman-hartua hain da estua, eze garatuko duen haiekiko mendekotasuna zeharo meharra izango baita. Horrela landarea toki bakoitzera jarri egingo da, egokitu, aurrindu. Ingurune batera egokitzen denean, baliteke baldintza horiek behar izatea bere bizi zikloa osatzeko eta hurrengo belaunaldientzako behar bilakatzea. Bilakatu, bi zentzuetan: garatu edo hondamenaren erreka jo.

Azken beltzean egokitzeak hori dakar, gerora jaio, hazi, osatu, loratu eta fruitu-haziak ematearen zikloa burutzeko egokitu den baldintza horiek behar izatea: argi, hotz eta bero kopuruak, urtaroen gorabeherak eta abar. Eta landare espezie bat bizi den tokiko baldintzak aldatzen badira? Eta baldintza horiek franko aldatzen badira? Zer egin behar du landareak? Ez du atarramentu onik izango.

Zikloa osatzeko hilabeteak behar dituzten landare askok argi eta garbi nabarmendu behar dituzte denbora horretan gertatzen diren klimaren aldaketak. Adibidez, neguko laboreak (garia Triticum aestivum, espelta Triticum spelta, oloa Avena sativa, zekalea Secale cereale, garagarra Hordeum distichum eta abar) urrian hasi eta otsaila artean ereiten dira. Denen uzta garai bertsuan jasoko da: udaren hasieran. Lehen ereindakoek ziklo luzea izango dute, neguko hotz guztia sentituko du landareak, eta errotu eta zailtzeko denbora gehiago izango du. Arazoak izan ditzake: izotz handiak eta gaitz eta belar “txar” gehiago. Jeneralean uzta oparoagoa eta ale ederragoak izateko arriskua. Neguko hotzaren eragina horretan handia da.

Antzera gertatzen da sagarrondoen (Malus domestica) loraldiarekin ere. Loreak irekitzeko sagarrondoak hotz ordu kopuru jakina sentitu behar du. Toki epeletara egokitutakoak lehenago loratuko dira, eta hotzetakoak geroago. Klima aldaketarekin, agian negua urardotu eta hotzik egiten ez badu, agian sagarrondo barietate batzuk ezin izango dira loratu. Hotz gehiena behar dutenak izango dira, adibidez Errezil-sagarra, Malus domestica “Errezil sagarra”.

Berdina gertatzen zaio negua epelean-goxo, etxe barruan adibidez, igaro duen haziari. Haziak ere, udaberria iritsi dela jakiteko, hotza sentitu behar du. Hotza nahikoa jasan duenean eta baldintza onak datozenean, giro epela eta nahiko ura, ernatu egingo da, eta landaretxo berria sortu. Negurik ez badu sentitu, ereingo dugu, baina hurrengo neguko hotzak etorri arte ez da hozitzeko prest izango. Urte osoa igaroko du aurreko udazkenean dagoela pentsatuz.

Horiek denak jakinda egin beharko ditugu lanak, eta landareak eta gu aurrindu. Galdetu bestela inguruko adineko nekazariei sasoien eta garaien garrantziaz. Lanetarako.

Udazkenari ekiten: urrigiro ereingiro
2026-09-28 | Jakoba Errekondo
Gaurkoan, lanera! Uda azkenak eta udazkenaren hasierak badute garai bitxia izateko nahiko zantzu, aizkomenteko urte arrunt xamarretan, behintzat. Eguzki-mugaren indarrik ez du, baina ekinozioa izateak... (+)
Lurzoruaren osasuna neurtzen
2026-09-21 | Jakoba Errekondo
Tomas Gerrikagoitia Urionaguena Alegria baserriko ziortza-bolibartarrak (1909-1997) ederki asko idatzi zuen herri bereko Zeinke auzoko Goikoetxe baserrira morroi joateko esperientzia eta Arantza eta larrosa. Nire... (+)
Kirofanoko zuhaitza, hil eta bizi bat direnekoa
2026-09-14 | Jakoba Errekondo
Adin nagusiko egin naiz duela gutxi: lehen infartu hartatik bizirik atera, iraun eta bizi; bizitza berrian adindun. Eskerrik asko Miren Telleria Arrieta kardiologoari eta bere... (+)
Zer erein eta landatu, udazkena osasunarekin urratzeko
2026-09-07 | Jakoba Errekondo
Iraila udazkeneko maiatza dela esan ohi da. Hori horrela, abuztua apirila izango da, ezta? Jokoak joko, irail-abuztuak ereiteko sasoi aproposa dira. Aurreak erakusten du atzea... (+)
Inude landareak eta animaliok
2026-08-31 | Jakoba Errekondo
Elkarlana, elkarjana eta era guztietako trukeak dituzte gure paisaiako landareek eta animaliek. Elkarlanari “auzolana” ere esaten zaio, eta naturan ederki asko azaltzen da gure artekoak... (+)
gora