Adinarendako sendabelarrik ez

Murririk bai?

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2019ko irailaren 05a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Baratzerik ba al duzu? Umetan etxean ezagutu ditudan bi baratzeek murria zuten, horma, alegia. Batek buelta osoan, alde bakarrean besteak. Murriak ondo erabilita, baratzeak mesede galanta izango du. Babesgunea sortuko du: komeni den tokian itzala egiteko jarriko da, edo haize bortitzetatik edota ekaitzetatik gerizatzeko. Helduleku ona da baita igokari, fruitu arbol eta abarrentzako ere. Baratzean aparteko bazterra sortzen du murriak, loreak landatu, luartokia jarri, makilak eta pardak jaso eta urtero loratu eta hazia emanez urtetan iraungo duten barazkien zurkulu.

Urtearen barruan zikloa osatu, loratu eta hazia emanda urtero berritzen diren horietako bi dira perrexila (Petroselinum crispum) eta borraja (Borrago officinalis). Hosto mozkina urte osoan baliatu eta garatzen utzi; gararen luzera guztian edo muturrean loreak emango dituzte, eta horietatik haziak. Haziak bertan erortzen dira, eta landare berriak sortu. Perrexila petral samarra da baina borraja oso emankorra; landare ugari sortuko dira iazkoaren oinean. Horrexegatik baratze erdian beharrean hobeto daude bazter batean edo murriaren oinarrian. Urte batzuetarako txokoa.

Murria tristura eta malenkonia ere bada. Garai batean borraja erabiltzen zen horieri aurre egiteko sendagai. Malenkonia uxatu, animoa piztu eta bizipoza suspertzeko egokia denez, bere hostoak, loreak eta sustraiak erabiltzen direla jaso zuen Laguna doktoreak.

“Murruin” eta “murriona” ere esaten zaio borrajari. Jose Maria Lakoizketak bere Diccionario de los nombres euskaros de las plantas en correspondencia con los vulgares castellanos y franceses y cientificos latinos ederrean bi bide proposatzen ditu izen horiek ulertzeko. Batetik, “murria” eta “oina” hitzetatik, hormaren edo murruaren oinean hazten delako. Bestetik, “murria” eta “ona” hitzetatik, murria etsipena, tristura edo malenkonia tratatu eta bere oneratzeko erabiltzen delako.

Frédérik Mistral idazle okzitaniarrari Literatura Nobel Saria emateko aitzakia izan zuten bere Mirèio poema epikoaren itzulpenean “murria” hitzaren erabilera dotorea egiten du Orixek, pertsona murria inausi eta jotako lizar (Fraxinus excelsior) mugarrotuarekin alderatuz: “Lizar moarratua bezain murri, aldegin zinan yendartetik”.

Bitoriano Gandiaga handiak ere dotore darabil Elorri liburuan: “Txoria kantari. /  Elorria zuri. / Bihotz ergela negar / ta negar, setati, / eguzkiz betetako / belardian murri, / egunari leihoa / zabaltzeko nagi”.

Poeta-belarra esan beharko genioke borrajari. Eta zuk, murririk bai?

Bihar ehun urte hasiko dira
2026-06-22 | Jakoba Errekondo
Honela esaten zuen aspaldi ezagutu nuen eta beti erakusteko prest zen gizon jakintsu batek: “Bihar ehun urte hasiko dira”. Gauzak soseguz hartu eta edozertarako beta... (+)
Araba, patataren gotorlekua
2026-06-15 | Jakoba Errekondo
Gozoena orain da, atera lurpetik eta jan. Patata da, noski (Solanum tuberosum). Orain dago jateko bere onenean eta seinalea erakusten digu: loratu da. Lorea zabaltzen... (+)
Paleolitotik Neolitora Mirandetik barrena
2026-06-08 | Jakoba Errekondo
"Euskaldunak oraindik entzun ditzake bere barruan ametsari egoak aske uzten badizkio, antxiñako gudateen aranotsak, leenagoko euskal-zalduntasunaren deia”, idatzi zuen Jon Mirandek. (+)
Sua mahastiari
2026-05-29 | Jakoba Errekondo
Maiatz fresko eta haizetsuak urtea oparoa egiten du”, dio esaerak. Aurten, nekazarien ikuspegitik, maiatz txatxu xamarra izan da. Freskoa eta haizetsua, baina baita euritsua ere.... (+)
Intsusaren xirmi-xarmak
2026-05-25 | Jakoba Errekondo
Intsusaren lorea badoa. Edota puska batean gure artean geratzeko eska diezaiokegu. Eskatu baino gehiago, gonbidatu. Limurtu eta gure arteko istorioa gozoa izango dela jabearazteko matte-matte... (+)
gora