Ez dago bi baratze berdinik. Baratze batean ez dago bi egun berdinik

Errazkerietan

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2016ko urtarrilaren 21a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Dena atzekoz aurrera ikusten duen jendea bada. “Baratze bat egingo nuke, gustura, baina ez dut lurrik”, “ikaragarrizko lanak dakartza”, “landarea jarri eta zer edo zer ematerako hilabeteak hari begira”... Denak egiak, baina den-denak aitzakiak. Lurrik gabekoek okupatu egiten dituzte, edo terrazan edo balkoian edo leiho koxkan edo... Gure herriko Joxe Leon ile-apaintzaileak lantegi aurreko espaloiaren mugako lur pusketatxoan baratze ederra du, alboko argazkikoa. Aurretik igarotzen naizenero harritu egiten nau; orain babak (Vicia fava) ditu, bortusaiek (Ruta graveolens), ilenek (Calendula officinalis) eta ezkai limoiusaindunek (Thymus citriodorus) lagunduta, eta ez da metro koadroa ere izango!
Lanaren aitzakiari ezikusiarena egingo diot, gero gimnasiora edo kafetegiko aulkietako kuxinak lisatzera joateko tartea noiznahi hartzen dugu eta. Horren bueltan, hau etorri zait gogora: gaua laburtzen eta eguna luzatzen hasi dela ospatzeko zorionak ematea ohikoa den egunetan, oso ohikoa ez den bitartekoa bidali dit lagun batek, nekazari baten bideoa. Eskuetan pikatxoia eta aitzur zabala dituela egun melenga horietako beratu txoroari aurre egiteko arbolak landatzeko zuloak egitea bezalakorik ez dela dio. Pikatxoi kolpeka hasten da, dinbi-danba, eta hala dio, hor joaten direla memelokeriak.

Barazkiak landatu eta jateko unea iristerako aspertzen diren horientzat, bada erein edo landatu eta aitaren batean mahaian izan dezakegun hamaika barazki. Uraza edo letxuga (Lactuca sativa), eskarola (Cichorium endivia), txikoria (Cichorium intybus) eta porru-tipula (Allium schoenoprasum) landatu eta hilabeterako jateko moduan dira; urazari lepoa moztuko diogu, baina porru-tipula hotz handiak etorri arte hostotxoak moztu ahala berritu eta eman eta eman arituko da. Zerbak edo azelgak (Beta vulgaris) landatu eta lauzpabost asterako izango ditu hosto batzuk kentzeko modukoak, ziazerbak edo espinakak (Spinacia oleracea) bezala; erein eta hilabete edo hilabete eta erdira, jateko moduan izango da; gainera, hostoz hosto bilduz gero, luze emango dute. Azenarioa (Daucus carota) erein eta hilabetera jaten has daiteke; ttiki-ttikiak dira, bai, gozoenak. Errefaua (Raphanus sativus) jaio eta hilabete aurretik jan, krisk-krask.

Aitzakiarik ez. Errazkerian behinik ere, ekin!

Bihar ehun urte hasiko dira
2026-06-22 | Jakoba Errekondo
Honela esaten zuen aspaldi ezagutu nuen eta beti erakusteko prest zen gizon jakintsu batek: “Bihar ehun urte hasiko dira”. Gauzak soseguz hartu eta edozertarako beta... (+)
Araba, patataren gotorlekua
2026-06-15 | Jakoba Errekondo
Gozoena orain da, atera lurpetik eta jan. Patata da, noski (Solanum tuberosum). Orain dago jateko bere onenean eta seinalea erakusten digu: loratu da. Lorea zabaltzen... (+)
Paleolitotik Neolitora Mirandetik barrena
2026-06-08 | Jakoba Errekondo
"Euskaldunak oraindik entzun ditzake bere barruan ametsari egoak aske uzten badizkio, antxiñako gudateen aranotsak, leenagoko euskal-zalduntasunaren deia”, idatzi zuen Jon Mirandek. (+)
Sua mahastiari
2026-05-29 | Jakoba Errekondo
Maiatz fresko eta haizetsuak urtea oparoa egiten du”, dio esaerak. Aurten, nekazarien ikuspegitik, maiatz txatxu xamarra izan da. Freskoa eta haizetsua, baina baita euritsua ere.... (+)
Intsusaren xirmi-xarmak
2026-05-25 | Jakoba Errekondo
Intsusaren lorea badoa. Edota puska batean gure artean geratzeko eska diezaiokegu. Eskatu baino gehiago, gonbidatu. Limurtu eta gure arteko istorioa gozoa izango dela jabearazteko matte-matte... (+)
gora