Euri guti urtarrilean, ogia eder uztailean

Artzibarko herbarioa osatzeko bidean, loreekin jolasean

2021eko udaberri inguruan hasi zen Kattalin Barber Gutierrez nafarra bailarako loreak biltzen eta identifikatzen: “Artzibarren jaioa naiz, beti izan ditugu loreak eta natura ondoan, baina ohartu nintzen duela gutxi arte ez niela arreta handiegirik jarri”. Konfinamendu garaian, baina, herrira gehiagotan joaten hasi zen eta inguruan egiten zituen ibilaldietan ikusten zituen loreekiko interesa piztu zitzaion. Horiek biltzen hasi zen gero, eta ideia bat bururatu zitzaion: zergatik ez bailarako herbario bat osatu?

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2023ko irailaren 11
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Biologia, botanika edo zientzietako ikasketarik gabe, herbarioa osatzea prozesu konplexua baina polita izaten ari dela onartu du Barberrek: “Zaila da loreak identifikatzea, izen arrunta ezagutzea, izen zientifikoa, nola desberdintzen diren… baina, aldi berean, mundu oso bat ireki zait poliki-poliki”. Argi du gazteak berea ez dela biologiako ikasleek egiten duten herbario zientifikoa izanen, bestelako zerbait dela: “Atlas moduko zerbait, agian?”, galdetu du. Kontua da, bere ingurua eta bailara beste modu batean ezagutzeko aukera zabaldu diola prozesuak.

Momentuz, 100 bat lore ditu jasoak Barberrek, bakoitzaren euskarazko eta gaztelaniazko izenarekin. “Loreak bildu, prentsatu, identifikatu eta sailkatu egiten ditut”. Identifikazio horretarako liburuak eta aplikazioak erabili ditu, baina zuzenean bailarako jendeari galdezka ere aritu da, bertako izenak ere jasotzeko. “Udaberri loreari, adibidez, hemen, arrantion esaten zaiola ikasi dut, eta Zaraitzun, berriz, basantxurro”, dio.

Koadroak, risografia eta zianotipia

Behin loreen eta herbarioaren munduan murgiltzen hasita, bestelako gauzak probatzen hasi zen artzibartarra: “Prentsatzen nituen loreekin laminak egiten hasi nintzen, lagunentzako koadroak, eta horrelakoak”. Azaldu duenez, prozesu nahiko luzea da prentsatu eta lehortzearena: loreak bildu, aukeratu eta prentsan sartzen ditu kartoi eta egunkari paperekin inguratuta. Lodieraren arabera, bertan egon beharreko denbora aldatu egiten da, baina hiruzpalau aste izaten ditu, hiru edo lau egunean behin paperak aldatuz.

Lagunei ez ezik, hurbileko jende gehiagori ere artelanak gustatu eta enkarguak egiten hasi zitzaizkion orduan. “Bere txikitasunean, baina harrera ona izan dute lanek, eta hortik, loreekin beste teknika artistiko batzuk erabiltzen ere hasi naiz”, gehitu du. Risografiaz eta zianotipiaz hitz egin digu, esaterako. Serigrafiaren eta fotokopiaren artean legokeen inprimatzeko teknika modukoa da lehena, eta bigarrena, berriz, argazkien negatiboak urdinean egiteko prozesu fotografikoa. Hainbat teknikarekin probak egitearekin batera, aurrera jarraitzen du gazteak herbarioaren sortze prozesuan ere: “Arbola festibalaren barnean, orain arteko herbarioaren erakusketa jarri genuen hemen bertan, Artzibarren, eta polita izan zen”, amaitu du.

 

“Barazkiak dira proiektuaren ardatza, baina loreek ilusioa piztu didate berriz”
2026-05-18 | Garazi Zabaleta
Urteak daramatza Ane Gorosabel Mongek Bergarako Elkoro baserrian nekazari. “2014an hasi nintzen ortu lanetan, lehen urteetan beste lan batzuekin uztartuz, baina 2017an profesionalizatzeko pausoa eman... (+)
Gazta egiteko asmoz ardiak jarri, eta artilea lantzen amaitu
2026-05-11 | Garazi Zabaleta
Ataungo (Gipuzkoa) Ustatxo Goikoa baserrian kokatua da Sandra Clivilleren Maduixa Gorria proiektua. Artisau lanean ari zen lehenagotik, baina 2004an baserria erosi eta artaldea jarri zutenean... (+)
Laborariek kudeatutako denda Ortzaizen
2026-05-04 | Garazi Zabaleta
20 urteko ibilbidea du Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) Kaiku Borda proiektuak; 2006an sortu zuten inguruko hiru gasnagilek. “Artisauen gunea zen eraikina lehenagotik, eta emeki-emeki, bertan laborariak... (+)
Belar infusio eta hidrolatoak eredu agroekologikoan
2026-04-26 | Garazi Zabaleta
Bidarrain (Nafarroa Beherea) kokatzen da Cecile Vivanten Kamamila proiektua. 2018an abiatu zuen egitasmoa, kazetaritzaren mundutik laborantzara salto ematea erabaki zuenean. “Senarrak eta biok bizikleta bidaia... (+)
Ekoizpen agroekologiko kooperatiboak martxan jartzeko formazioa
2026-04-20 | Garazi Zabaleta
Debagoienan (Gipuzkoa) elikadura burujabetzaren eta kontsumo iraunkorraren alde egiten ari diren lanketa orokorraren baitan, Tokixan elkartea sortu zuten pasa zen irailean, eskualdeko hainbat eragilek eta... (+)
gora