Bagil argia, urte guziko argia.

Artzaintza eta naturopatia Ezkion: ingurumena, osasuna eta elikadura, eskutik

Naturopatiarekin eta sendabelarrekin lotutako Mimogoxo proiektua zuen martxan Eztizen Agirresarobe Pinedak duela zenbait urtetik, eta Beñat Idiakez Amenabar bikotekideak artzaintza ikasketak egin eta ardiak jartzea erabaki zuenean, bien proiektuak elkartzea bururatu zitzaien. "Bi proiektuak naturarekin zuzenean lotuta zeuden, eta Xaxa izena bururatu zitzaigun, Beñatek ardiak biltzerakoan txakurrarekin darabilen hitza delako, eta, aldi berean, naturopatian gorputza xaxatzen dugulako norabide egokia har dezan", azaldu du Agirresarobek. Ingurumena, osasuna eta elikadura, guztia ongizatearen baitan ulertzen dute Ezkioko (Gipuzkoa) proiektuko kideek.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2026ko irailaren 21a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Arantzazuko Artzain Eskolan egin zuen urtebete Idiakezek, eta han zen bitartean jarri zituen ardiak, gazta egiten hasteko asmoz. "Industrian ari nintzen lanean aurretik, baina sentitzen nuen ez zela egon nahi nuen tokia, eta baserrira bizitzera etorri ginenean toki honek ematen zituen aukerak aprobetxatzea erabaki nuen", dio. Urtebete pasatxoko ibilbidea du artzaintza proiektuak, hasi berria da eta oraindik martxa hartzen ari da.

Momentuz, tailerreko lana erdira murriztuta dauka, eta baserritar mixto profesionala da, Gipuzkoako Foru Aldundiko laguntzaren bidez: "Laguntza horrek aukera eman dit baserriaren aldeko apustua egiteko, baina bestea guztiz utzi gabe, aldaketa pixkanaka eginez eta segurtasun gehiagorekin".

Ardi esnea, gazta eta arkumeak ekoizten hasi da artzaina, baina ukuilua eta gaztandegia muntatzeko lanean ari da, eta burokrazia kontuak direla eta produktuak saltzen datorren urtean hasiko dela aurreikusten du. "Etorkizunean gazta desberdinak egitea gustatuko litzaiguke, gazta freskoarekin hasteko gogoz gaude, eta baita gatzurarekin probak eta ikerketak egiteko ere", gehitu du. Hasieratik argi izan du eredu ekologikoan ariko zela, ingurumenaren zaintza ere badelako proiektuaren helburuetako bat. "Hiru ume ditugu, eta etorkizunean, ondorengoei utziko diegunean pentsatzean, ezinbestekoa iruditzen zait elikadura duina eta osasungarria ziurtatzea, baina baita ingurumenarekiko errespetuzkoa ere", dio.

Osasunerako produktuak sortzetik, kontsultara salto

Agirresaroberen kasuan, naturopatia eta sendabelarren inguruko ikasketez gain, iridiologia, reflexologia eta beste hainbat formazio jaso ditu azken urteotan, eta osasunari lotutako dibulgazio lanean ari da orain. "Mimogoxo markarekin azoketan nenbilen, baina ohartu nintzen produktuak saltzea baino nahiago nuela pertsonei erantzun pertsonalizatuagoa ematea, eta ekoiztetik kontsultarako saltoa ematea erabaki nuen", azaldu du. Osasuna zaintzeari begirako hitzaldiak, olio esentzialen, alanbikearen edo xaboien inguruko ikastaroak eta antzekoak eskaintzen ditu gaur egun. "Tailer desberdinak eskaintzea da nire asmoa, eta horietako asko baserrian bertan edo hemen inguruan egitea".

Iraila, agroekologiaz bustia!
2026-09-14 | Garazi Zabaleta
Arabako Bionekazaritzak XXXI. Bionekaraba merkatua eginen du irailaren 26an, baina aurtengo edizioa azokara mugatu beharrean, indarrez eta gogoz dabiltzala aprobetxatu eta hilabete osoko egitaraua prestatu... (+)
Larrabetzun, baserritarrak herriko konpostaren kudeatzaile
2026-09-07 | Garazi Zabaleta
Tokiko politika publikoetatik elikadura sistemetan eragiteko dauden aukeren inguruko jardunaldiak antolatu zituen ekainaren hasieran Cederna Garalur landa garapenerako elkarteak, Leitzan (Nafarroa). Euskal Herriko hainbat tokitan... (+)
Nekazari eta abeltzain txikiak 'bendeja' berreskuratzen
2026-08-31 | Garazi Zabaleta
Hamar urte inguruko ibilbidea du Uribe Kostako Agroasanbladak, nahiz eta duela urtebete  taldean jende berria sartu zen eta eraberritze prozesua egin zuten. "Plaza Beltza izeneko... (+)
Berakatz beltzaren onurak
2026-07-27 | Garazi Zabaleta
Duela hiru urte sortu zuen Pete Ezkerra Perezek berakatz edo baratxuri beltza ekoizten duen Daonaz proiektua. “Lurrarekiko interesa aspalditik datorkit, 2004an nekazaritza ekologikoko ikastaro intentsiboa... (+)
Lehen Hezkuntzarako zurezko material eta jolasak
2026-07-20 | Garazi Zabaleta
Felix Pikatza Arriola laudioarra (Araba) dago Sagutxiki proiektuaren atzean. “2008ko krisiaren aurretik zurezko altzariak eta bestelako materialak egiten nituen nire tailerrean, baina garai horretan enpresa... (+)
gora