Negu bigunegiak, uda gogorregia.

Artilezko lastairan

Esango nuke artzaintzatik lan gehientsuenak gustuko ditudala. Artalde baten zikloan dauden sasoietan, ordea, erditze-garaia da kuttuna. Lerrook idazten ari naizen honetan, 25 arkume jaio dira etxean. Lagin txiki bat, besterik ez, 160 bat arkume jaioko direla pentsatzen baduzu.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2024ko urtarrilaren 29a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Egarriz espero nuen erditze-sasoia. Barrua ere kiskaltzen dizun bero sargori horretatik ihesi itsasoratzen zaren grina bertsuarekin desio nuen. Eta heldu da; heldu da freskura, arnasa itzultzen dizun hori.

Artile itsaso honetatik kanpo geratzen dira azken hilabeteotan, artez edo moldez, bizi gaituzten beldurra eta solastalgia elikatu dituztenak. Etxe gaineko belarditik ikusten diren Oleta eta Izazpi atzean utzi ditut; eta artegiko ateak ixtean, itxi egiten dizkiet parean ditudan Meaka eta Irimo mendiak ere industrialde bilakatu nahi dituztenei. Eta hori zuritzen dutenei. Eta horretan laguntzen dutenei.

Behin artegian, libre naiz, maite ditudan mendiei bizkarra emanda, artileak laztasunean goxatzen dit bihotza; eta lanolinaren usaina ere librea da biriketan murgiltzeko. Gorputza erraz mugitzen da artiletan, eta karenen gorriak bizitzaren esentziaz hitz egiten dit, xuxurla izan nahi duen garrasi batez.

Karenaren ondotik oritza etorri da. Orduan, ardiak, marru bilduez, arkumeari adierazi dio sabeletik kanpo ere badela bizitzea. Amari kasu eginez, arkumeak bilaketari ekiten dio. Senak sabelaren azpialdera bideratzen du ttikia, eta halako batean, ttak, lortu du iturria irekitzea! Lortu du bizitzaren giltza, lortu ere; eta, pozaren pozez, buztana alderik alde astintzen du jaioberriak.

Ttikiak oraindik ez daki, baina egun gutxiren buruan lasterka eta saltoka ibiliko da artegian –aste batzuk pasako dira belardian korrika egiteko–. Horretarako, amaren ondoan hasiko da lehen saiakerak egiten, jauzi labur eta beldurtien ostean, jakin-minak eramango du etzanda dagoen amaren gaineko talaiatik munduari begiratzera.

Nolatan ez dut nahi izango itsaso latz bare honetan igerian egin, luzaroan? Artegitik kanpo dagoen giro ospeletik gordetzen nau artegiko zaku-amniotikoak. Hemen injustiziarik ez dago. Agintekeriarik ere ez. Babesgabetasunik ere ez. Ezta amarrukeria berderik ere.

Gauak ere, artegiak bezala, badu gaitasuna horiek guztiak desagerrarazteko. Artegiko ateak parez pare izateak ez du minik egiten, solastalgiaren itzalak ez du bihotza iluntzen.

Gaua magikoa da. Eta artegia are magikoagoa gauez. Erabateko harmonia arnasten da. Ardiak eta arkumeak elkarren ondoan etzanda ikustea baino lasaigarriagorik ez zait bururatzen. Kolkoan sortu zaizun artilezko lastaira goxoan etzaten zara; eta begiak itxita betetasunak gainezka egiten du, masailetatik behera, kanpoan utzi duzun elkartasunaren haziak topatzean.

Sustraiak sentitu dituzu, sendo.

Hauek egin zaituzte artzain.

Haiek egin zaituzte menditar.

Greba orokorra dela eta
Gure baserrian bezala beste askotan, ez gara 1.221 euroko gutxieneko soldatara iristen. Inondik inora. Hori amestea ez da gutxi. 1.500 euro hilean kobratzea, utopia da,... (+)
Mamu ala arbaso
Trantsiziorako hila da otsaila. Otsaila txikia izateak lehenago bukatuko den esperantzan bizitzeko aukera ematen du. Une askotan, nostalgiaz begiratzen diot urtarrilean zehar bizitako erditze garaiari:... (+)
Kieto protokoloa
Urtarrila oso azkar pasa da, oso azkar. Tartean elurra eta guzti, oraindik ere negurik badela gogoratzeko. Konturatzerako, ehun arkume baino gehiago ditugu inguruan, ehun bizitza... (+)
Txori-habiak eta akelarreak
Urteak lau egun baino ez dituenean jada abaildu egin da. Urte hasierak baikortasunetik behar omen du, dena ongi joango den esperantza, buruan ditugun txori guztiek... (+)
Klaseak eta klaseak
Beste askotan bezala, amorruaren eta inpotentziaren gordina estali nahian hasi naiz gramatikaren itsasoan igerian. Alferrik, ordea. Hemen ari naiz, goizean idatzitakoa pantailaren azpialdera bidaltzen, lerrook... (+)
gora