otsailean, katuak ere arrain eskean.

Arrantzale baldarraren arteak

Kanabera sasoia joan da. Baratzean edo soroan barazkien euskarri pardatarako edo makiletarako kanaberak eta banbuak mozteko sasoia urtarrila-otsaila da. Itxiturak edo hesitegiak egiteko edo keretatarako ere ez dira txarrak. Beste zenbat erabilpen ote dituzte?

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko martxoaren 11
Intxaur sokolinak (Juglans regia) eraginkorrak dira ura pozoitzeko: zakukadatxo bat uretan bertan zanpatu eta zukutu eta arrainak, durduzatuta, gilborrez gora geratzen dira, arrantzale baldarrenak ere eskuz erraz harrapatzeko moduan.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Ni suertekoa naiz, Kandido eta Joseantonio aiarrek izugarrizko banbu tzarra ekarri didate. Itsututa nago: teilatuaren hegalean, teilatuak ematen duen ura biltzeko hodia egurrezkoa nahi dut eta egur egokia topatu artean banbuarekin egingo dut proba. Erdiz erdi luzetara erdibitu, korapiloek barruan duten geruza kendu eta listo. Nolako iraupena izango duen ikuskizun da; busti-lehorrean zer jokabide duen ez dut ezagutzen. Beste saio bat gehiago.

Baten batek arrantzarako erabiliko ote du kanabera? Garai batean bai, ikusten genituen horrelako kanabera dotore askoak, baina gaur egun beste upeleko sagardoa dira! Itsasoan hegaluzetan-eta aritzen direnek kanabera erabiltzen dutela dio guri saltzen digun herriko arrantzaleak.

Beste arrantzan, errio-ibai-erreka-laku-urtegietakoan, beste arrantza erak ere badira baina zabalduena kanaberarekin egiten dena; kanabera naturala edo artifiziala. Arrantzak artea eskatzen du eta jakintza zabala: arrainen bazkalekuak ezagutzea, sasoi eta ordu egokiak aukeratzea, tramankulu, kanabera, sare, salabardo, amu, kako, beita eta abar. Errio ertzean, gora eta behera dabilen mareak estali eta erakutsi egiten duen lur tarte horretan dagoen basako luharrak du beita onena izatearen sona. Hura biltzea lan nekeza da, basatzan ia belaunetaraino sartu eta ibiltzea zaila da eta aitzurra dantzatu behar.

Lantegi horiek ez hartzeko bada beste arterik. Ura edendu edo pozoitzea, adibidez. Horretarako intxaur sokolinak (Juglans regia) eraginkorrak dira; zakukadatxo bat uretan bertan zanpatu eta zukutu eta arrainak, durduzatuta, gilborrez gora geratzen dira, arrantzale baldarrenak ere eskuz erraz harrapatzeko moduan.

“Belar beltz”, “belar beltz bikordun” eta “zaldar-belar” esaten zaien Scrophularia generoko landare batzuek ere, zenbaitek “igebeltz-belar” ere esaten omen diote, lan bera egiten dute zukutu eta uretara botatzean; agi danean arrainak itsutu egiten ditu.

Langintza horretarako landare ezagunena apo-belarra, apo-lilia, apo-xatarra edo ostaza esaten zaiona da (Verbascum thapsus). Ez dakit euskaraz arrantza arte hori esateko hitzik baden, baina gazteleraz landarearen latinezko izena, verbascum, hartu eta ekintzari “enverbascar” esaten diote. Eta Pirinio aldean aragoieraz landareari berari “matapezes” (arrainen hiltzaile).

Hona arrainak horrela harrapatzeko erabili izan diren beste landare batzuk: kalamua (Cannabis sativa), heriotzorria (Nerium oleander), torbiskoa (Daphne gnidium), erabelar beltza (Hyoscyamus niger), tartikua (Euphorbia lathyris), makala (Populus nigra), kukupraka (Digitalis purpurea), asma-belarra (Datura stramonium), astaperrexil handia (Conium maculatum), otsababa arra (Helleborus foetidus) eta ezker aihena edo lupulua (Humulus lupulus). Arrantzale baldarraren arteak.

Txin-txinaren palma-zuhaitzak
2025-11-30 | Jakoba Errekondo
Nire inguruan maitale gutxi dituzte. Palma-zuhaitzek. Maitari edo amatzaile gutxi horiek zale sutsuak dira, bai horixe! Gehienek, ordea, kanpotartzat jo eta muturreko eskuindarrek immigranteak bezala... (+)
Loreak lorategietan eta pertsonak kaioletan
2025-11-24 | Jakoba Errekondo
Pertsonak kaiolatan sartuta ezagutu ditu gure espezieak. Duela ez asko, Europako estatu handiustekoek mundu osoan koloniak zituztenean, kolonizatutako lurralde horietako lurrak bereak balira bezala jarduten... (+)
Sexuaren premia
2025-11-16 | Jakoba Errekondo
Ni hibrido bat naiz. Zu ere bai. Baita hura ere. Den-denok gara hibridoak. Ikusten dituzun animalia eta landare guztiak. Landare bakan batzuk kenduta, denok ditugu... (+)
Kuia jendearen festak
2025-11-10 | Jakoba Errekondo
Kuia jendea esanda zer familia etortzen zaizu burura?  (+)
Erretxina, sendagai bikaina
2025-11-01 | Jakoba Errekondo
Gaztetan erraz erretxintzen nintzen; aspaldiko kontuak dira, ordea, horiek; behin batean erabaki nuen ez zuela inola ere merezi energia alferrik galtzea eta, harrezkero, lerdoak alde... (+)
gora