Asteroko buletina
Artoak ontzeko erein behar dira garagarrilean; guk erein genituen uztan, horregatik geratu ginen ez buru eta ez buztan.

Arborizidioak ezkutatzen duena

Duela bi urte sortu zen Baso Biziak plataforma baso bizien alde eta monolaborantzaren kontrako aldarriarekin, ikusita pinudietako banda marroia hankaz gora jartzen ari zela sektore hori, eta baso politika beste norabide jasangarriago baterantz jarri beharrean, zaharrak berri, eukaliptoaren gorakada ezarri dute sektoreko agintariek. Basora, mendira begiratzen dugu baina baita ere gune urbanoetan dauzkagun edo izan nahi ditugun denon berdeguneetara ere, izan ere herritarrok, orohar, mendian baino “kalean” ematen ditugu gure bizitzaren ordurik gehienak. Beraz, ezin dugu, ez dugu egin nahi binomio bereizgarririk kalearen eta mendiaren artean, gure osasuna bietan, eta bereziki gune urbanoetan, jokoan daukagulako gero eta gehiago.


2023ko irailaren 01a

Azken urteotako bero-boladek, lehorteak, suteek eta klima larrialdiak berarekin dakartzaten arazo horiei guztiei gehitu zaizkie hainbat udaletako arborizidioak asfalto basatiaren truke, beti ere interes pribatuen mesederako. Ikus Iruñean, Donostian, Deustun, Zarautzen, Astigarragan, Irunen eta penintsulako beste hainbat herritan egiten ari diren, edo egin nahi dituzten txikizioak.

Guk, beste askok bezala, argi daukagu gero eta beharrezkoak direla berdeguneak, izan zuhaitz, parke, lorategi edota eraztun berde, horiek bermatuko dizkigutelako kanpoko aterpe klimatikoak muturreko egoeren aurrean.

Berdegune hauek guztiek herritarron osasunerako mesedegarria den zerrenda luzea dakarte berarekin, hala nola: tenperaturaren kontrola, kutsadura akustikoa murriztea, arnasten dugun airea garbitzea, uraren erregulazioa, osasun psikologikoa eta fisikoa hobetzea, ekonomia hobetzea, bioaniztasuna ugaritzea.

Osasunerako Mundu Erakundearen (OME) arabera, bero-boladak muturreko fenomeno meteorologiko arriskutsuenetako bat dira, eta horrek morbilitatea eta hilkortasuna areagotzea eragiten du.

Ikerketa ugari daude honen guztiaren inguruan baina guk Hiritik Harira taldeak egindako azterketa bati erreparatu diogu; bertan gure hiriburuek dauzkaten gune artifizializatuak eta berdeguneak kontrajartzen dira tenperaturaren arabera eta guri dagozkigun ondorioen artean hauexek aukeratu ditugu: zuhaitzak eta landareria gehiagotu behar da, eremu berdeak zaindu eta hauek sortzen dituzten onura klimatiko zein naturalak mantendu, azpiegitura berdeak sendotuz.

Bestalde, The Lancet argitalpen zientifikoak publikatu du Europako 93 gune urbanoetan egindako ikerketa bat zera gomendatuz: %30 handituko bagenitu berdeguneak 0,4 ºC jaitsiko litzateke hirietako bataz besteko tenperatura, bero-boladek eragindako heriotzen %40 ekidituz. Hainbat gune urbanotan bide hori hartzen ari dira, hala nola Parisen, non 2026ra arte 170.000 zuhaitz landatuko dituzten; horrekin batera aparkalekuak kenduko dira berdegune bilakatzeko 2030rako eta asfaltoaren %40 eraitsiko da.

Hau guztia ikusita, ezer gutxi gehitu dezakegu Administrazioan daudenen erabakiak zentzudunak izan daitezen, politika pribatuek eta interes partikularrak ez daitezen denon osasunaren eta biziraupenaren gainetik jarri; kontrakoa egitea, hots, arborizidioak burutzea eta berdeguneak ez handitzea herritarron osasunaren, eta beraien ahalmen ekonomikoaren kontrako politikak bultzatzea litzateke.

Zentzudunak izan gaitezen, mesedez.

“Basoa Bizi” ez da baso bizia
2022ko urrian Balmasedako mendiak suzko bola bat bilakatu ziren, azken 30 urtetako suterik larriena; hainbat arrazoi elkartu ziren hondamendirako: haize bero bortitzak, udako lehortea eta... (+)
Bozkatu basoa, ez monolaborantza
Bozkak hemen daude eta hainbat dira paper bat edo bestea kutxan sartzera eramango gaituzten argudioak; guk geure hariari tiraka basora begira jarri nahi zaituztegu. Baina... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora