Asteroko buletina
Otsailean lainoa noraino, elurra gero haraino

“Basoa Bizi” ez da baso bizia



2024ko otsailaren 13a
Basoa Biziren aurkezpena. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.

2022ko urrian Balmasedako mendiak suzko bola bat bilakatu ziren, azken 30 urtetako suterik larriena; hainbat arrazoi elkartu ziren hondamendirako: haize bero bortitzak, udako lehortea eta inoiz aipatzen ez den hirugarren hanka, pinuen monolaborantza non eta Bizkaiako Diputazioak kudeatzen dituen herri-lurretan.

"Balmasedan erretako 426 hektareatik, Basoa Bizik 17 birlandatuko ditu datorren martxoan, hau da, %4"

Erre ziren 500 hektareetatik, 426 erabilera publikoko mendietakoak dira, gehienbat espezie pirofiloen monolaborantzak, sutearen tamainarekin zuzenean lotutakoak eta sugarrek aurrera egitea ahalbidetu zutenak. Ekaitz perfektua, beraz. Ezin ditugu arazoak konpondu sortu genituenean bezala pentsatuz baina Bizkaiko Foru Aldundiak errezeta berarekin jarraitzen du. Gerora begira emaitza errepika daiteke.

Gertatutakoa gertatu zen eta horien harira hara non, iragan astean, prentsan plazaratu duten “Basoa Bizi” proiektu publiko-pribatua, birlandaketak eta sentsibilizazio soziala bultzatuko omen duena.

Goazen datu publikoetara: nortzuk dira bultzatzaileak? Bizkaiako Diputazioa, Balmasedako Udala, BBK Live eta Basoa Fundazioa. Bi erakunde publiko, bat pribatua eta bestea mistoa. Proiektu honetan, prentsan azaltzen duten moduan, (‘Basoa Bizi’ proiektuarekin biziberrituko dute Balmasedan 2022an erretako basoa Naiz 2024-02-05 / Balmaseda une fuerzas para repoblar el bosque incendiado hace un año. La promotora del festival BBK Live invertirá 100.000 euros El Correo 2024-02-06) badirudi, Basoa Bizi izango dela erretako baso guztiaren salbatzailea eta ez da horrela: Balmasedan erretako 426 hektareatik, soilik 17 birlandatuko ditu datorren martxoan, hau da, %4; ez da gutxi baina ez da iradoki nahi dutena.

"Erakunde publikoek basoen kontserbazioa bultzatu behar dute, ez egurraren produkzioa monolaboratzaren bidez"

Bestalde, Bizkaiako Diputazioaren datuek zera diote 2023ko eta 2024ko birlandaketei buruz: 235 hektarea birlandatu dituzte denera (%66 koniferak-itsas pinua, %18,6 hostozabalak, eta geratzen den %15,4 zehaztu gabe). Datu horiek argi erakusten dute Diputazioak koniferen egur produkzioarekin jarraitu nahi duela, bertako basoen kontserbazioari uko eginez. Gure ustez erabaki hori oso larria da, izan ere, erakunde publikoak eredugarriak eta aitzindariak izan behar baitira larrialdi klimatikoaren garaiotan, lur publikoetan bederen. Basoen kontserbazioa bultzatu behar dute, ez egurraren produkzioa monolaboratzaren bidez; azken hau egitea Europatik datozen ingurumen irizpideen kontra egitea delako, argi eta garbi.

"Soilik kontserbaziora zuzendutako baso helduek, autoktonoek, ziurtatzen dute CO2ren saldo positiboa"

“Basoa Bizi” proiektu honetako bultzatzaile nagusiak, hots, BBK Livek, CO2 bonoak ere saldu nahi dizkigu musika kontzertuko sarrerak balira bezala, denok dakigunean lursail bat produkziorako koniferekin landatzen denean, 25 edo 30 urtera mozten dela. Landaketak, mozketak, garraio eta transformazio prozesuek ez dute gutxitzen CO2, handitzen baizik, argi gera bedi; soilik kontserbaziora zuzendutako baso helduek, autoktonoek, ziurtatzen dute CO2ren saldo positiboa.

Basoa ez da BBK Liveko kontzertu batek sortzen duen zaborra zuritzeko landatzen dugun zerbait, 7 konifera eta 2 pago, basoa bioaniztasuna da, lurra sortzea da, ura babestea da, janaria da, ekoizpen irregularra da, gure osasun integralerako gunea da eta askoz gehiago. Hori guztia badaki Bizkaiako Diputazioak Basoaren “Zerbitzu ekosistemikoak” goraipatzen dituenean, baina gauza bat da esatea eta bestea egitea.

"Basoa ez da BBK Liveko kontzertu batek sortzen duen zaborra zuritzeko landatzen dugun zerbait"

Ez gaude inoren kutsadura zuritzearen alde, are gutxiago diru eta lur publikoak emanez sektore pribatuari ez eta monolaborantzaren eredu zaharkituarekin jarraitzearen alde. Gu baso bizien alde gaude, eta zu?

 

Bozkatu basoa, ez monolaborantza
Bozkak hemen daude eta hainbat dira paper bat edo bestea kutxan sartzera eramango gaituzten argudioak; guk geure hariari tiraka basora begira jarri nahi zaituztegu. Baina... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora