Astelehenero 8:00etan zure epostan
Heriotzorria oparo lilitzen da Mauleko San François (beraiek San Frantses itzultzen dute) Ikastetxearen ertzeko kaperaren hiru puntako zeinutegiaren azpian. Heriotzorriari (Nerium oleander) “eroitz” eta “eroritz” ere esatzen zaio.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Heriotzorria pozoitsua da, ederki asko dio izenak, badaezpada. Oleander abizenak olibondoaren (Olea europaea) hostoen tankerakoak dituela dio, bere ura hartu eta batean eta bestean jendea hil duten hosto horiek. Dioscoridesek idatzi zuen txakur, asto, mando eta gainerako lau hankakoak hiltzeko gai zela; behor edo behi bat hiltzeko 20 gramo hosto, ardia 5 gramo eta, bi hankakotan, gutako edozein, 20 bat hosto. Bere osagaiek eraso gogorra egiten diote bihotzari eta… Otoizgunearen atarian heriotzorria udaro ihaurri lilitua, goriki eta guriki, ikur dotorea da.
Lore-baratze eta parkeetan ere maiz ikusiko duzu. Beti bada iskanbilaren bat: pozoitsua dela jakin duen gurasoren batek bere haurra inguruan jolasten dela-eta egunkarira idazten du eskutitz izutzaile horietako bat eta udaleko arduradunak lorazainei ipurditik kentzeko hagintzen die eta… Eskerrak egunkariak desagertzera doazen… Esaera zabaldua da parkeetan erabiltzen diren hautespen genetikoak bereizitako barietate lilitsuagoek ez dutela basatiek adina pozoi. Erreka-arroilak eta itsasertza gustuko ditu, ura ikustea behintzat nahi du; aldiz, behar, oso ur gutxi behar du bizitzeko.
Landareen pozoiak gu hiltzen gaitu eta guk eragindako lehortetzarrek landareak. Gero eta euri gutxiago egiten du, eta gure nekazaritza eta lurreko lanak erabat aldatuko dira. Aramaioko Markelekin lehengoan, eta aipatu nion aspaldi ez bezala aurten baratzea ureztatu beharrean zegoela gure itsasaldean. Di-da erantzun zuen bere koblari senarekin: arabartzen ari zarete. Eta halaxe da, Euskal Herri atlantiarra Araba bihurtuko da, zentzu horretan. Baratzeak ureztatu beharko dira. Araba eta Nafarroa hegoaldera joan beharko dugu sekula erabili gabeko teknika horiek ikasi eta iparraldeko lurretara egokitzeko.
Gure amona Joxepa zenak antuxunaren sistema erabiltzen zuen ureztatzeko: landare landatu berriari antuxunkada bat ur eta bihar-etzitan bigarrena eta azkena. Horrekin itsasten ziren eta kitto ura. Orduan ez zen urik etxean eta haruntzaxeagoko aska batetik ekarri behar izaten zen baldekadaka. Ura urrea zen. Gaur ura etxean dugu, eta hodi malgua nonahi; baita ureztaketa sistema automatikoak ere… Baina nondik datorkigu ur hori? Laster han ere ez da izango… Heriotzorri lehorzaleak jarri beharko ditugu orduan: gure nekazaritzaren heriotza, gure paisaiarena, gurea.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545