Astelehenero 8:00etan zure epostan
Bada Borda bat ilargian. Bai, bai, Borda izeneko krater bat badu ilargiak; talka krater edo astroblema bat da, ilargiaren ageriko aldean dago eta bere koordenadak 25º12’S 46º31’E dira; inguruan 11 krater satelite ditu. Akizen jaiotako Jean Charles Borda de la Croixi (1733-1799) omen egiten dio.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Borda horren aita Euskal Herritik hurbil dagoen Labatuteko jauna zen. Abizen euskalduna eta militar petoen kasta zituen. Jean Charles astronomo, fisikari, marinel eta militarra izan zen. Frantziako Zientzia Akademian sarrera hitzaldia Memoire sur le mouvement des projectiles izan zen. XVIII. mende hartan lurraren forma eta bere neurketekin itsu-itsu, gogoa menderatua zuten. 1795ean sistema metrikoa ezarri zutenean, bera zen aita pontekoetako bat. Ez alferretan bere izena Eiffel dorrean urrez margotuta dauden 72 jakintsuenen artean dago. Asteroide batek ere bere izena darama: (75726) Borda. Australiako Kanguru uhartean Borda lurmuturra dago; eta uharteari berari Borda uhartea izena jartzeko proposamena Nicolas Baudin kartografo eta esploratzaileak egin zuen. Antartikan ere, Borda harkaitza bada. Parisen edo Lillen galtzen bazara, agian Borda kalean zaude. Bere jaioterriko museo batek eta lizeo teknologikoak, Marinako zenbait ontzik eta abarrek bere izena daramate.
Lurraren neurrien zehaztasunak biltzeko bidean, lankide izan zuen Mathieu Tillet, agronomo eta botanikaria bera, 1714-1791. Frantziako Zientzia Akademiako partaide izan zen, eta, metalurgialaria ere bazenez, berak jaso zuen benetako neurriak jagongo zituzten metalezko piezak sortzeko agindua. 1766an, toesa (1,949 metro) neurri frantses oinarrizkoaren 24 kopia egin zituen. Bera eta Borda tartean zituen fisikari, matematikari eta abarrez osaturiko Akademiaren neurrien batzordeak, 1791n, iraultza giro betean, metroak zer-nolako neurria izan behar zuen azaltzen duen txosten sonatua aurkeztu zuen. Ordura arteko beste proposamenak ipularreko luartokira bota eta honela definitu zuten: meridianoaren koadrantearen hamar milioirena. Paristik igarotzen den meridianoarena, noski! Hori dugu metroa, harrapazank! Gure lurrak, alorrak, sailak, soroak, elgeak, baratzeak, neurritara ekartzeko erabiltzen dugun metroa.
Tillet jaunak nekazaritzarekin eman-hartu handia zuen, eta lan ugari egin zuen alorren alorrean. Batez ere gariari heldu zion, eta saritua izan zen bere tesia, galburuetako aleak hondatzen eta belzten dituen kausari eta istripu horiek saihesteko bideei buruzkoa. Garia onddo batek alferrik galdu eta belzten du (baita artoa ere, Zea mays); hemen “ilinti” esaten zaio. Onddo horri mende baten ondoren, Tilletia tritici izena jarri zitzaion, Tillet berari omen. Ilintiari “lodoe”, “lodoi” eta “ludoi” ere esaten zaio Bizkai aldean, ludoi horren berri Erramun Guerricagoitiak ederki jakinarazi didan eran. Milesker, Erramun. Gipuzkoako Goierri aldean “astaputz” eta Bizkaian Gernika aldean “atsaputz” ere esaten zaio. Gaitz gogorra izan da mendeetan eta galsoro osoak suntsitzen zituen, eta gehiago Euskal Herri hezeko lurralde ezko eta bustietan. Horrela ulertzen da Jean Duvoisinek bere 1858ko Laborantza liburuan jaso zuen esaera: “Ez da ogi arras ilinti gaberik”.
Makina bat Tilleten metro koadro galsoro galaraziko zuen Tilleten onddoak.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545