Zuhaitz bat asko luzatu eta hazita ere, hostoak sustraietara bueltatzen dira.

Itzalaldiaren biharamunean, Espainiako Gobernuaren eta Red Eléctrica de Españaren arteko tirabirak dira nagusi

Pedro Sánchezek hornitzaile pribatuei eta Red Eléctrica de Españari egotzi die itzalaldiaren inguruko informazio gutxi eskaintzea, baina azken honek jakinarazi du "gutxi gorabehera" aurkitu dutela Iberiar penintsula osoko argindarra joatearen arrazoia. EAJko Aitor Estebanek lasaitzeko deia egin du, eta EH Bilduko Arnaldo Otegik adierazi du "negozioa baizik bilatzen ez duten enpresak" energia arlotik baztertu behar direla. Itzalaldian oxigenoterapia behar zuen emakume bat hil zen Basauriko zahar-etxe batean.


2025eko apirilaren 30a
Espainiako Gobernua energia arloko hornitzaile pribatu nagusienekin bildu zen asteartean.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Iberiar penintsula osoko argindarra joatea eragin zuen itzalaldiaren biharamunean, instituzioen eta energia enpresen arteko tirabirak eta akusazioak dira nagusi: asteartean kazetarien aurrean eginiko agerraldi batean Espainiako presidente Pedro Sánchezek hornitzaile pribatuei eta Red Eléctrica de Españari (REE) –enpresa pribatua da, baina bost akziotik baten jabea da Espainiako Gobernua– egotzi die itzalaldiaren inguruko informazio gutxi eskaintzea, eta esan du ez dutela "inongo hipotesirik" baztertu, ezta itzalaldia eraso baten ondorio izatea ere.

REEko arduraduna den Beatriz Corredor elkarrizketatu du SER irratiak asteazkenean, eta jakinarazi du "gutxi gorabehera" aurkitu dutela itzalaldia eragin zuen arrazoia, baina datu gehiago ikuskatu beharko dituztela %100ean ziur izateko. Halere, azken egunetan aipatu diren hainbat hipotesi baztertu ditu, hala nola, energia berriztagarrien gehiegizko produkzioa: hain zuzen, itzalaldia energia berriztagarriekin lotzea ez dela "egokia" adierazi du Corredorrek, horiek "modu egonkor batean" jarduten baitute, segurtasun arazorik gabe.

Espainiako presidenteak energiaren enpresa hornitzaileak jo-puntuan jarri eta berehala iritsi da Iberdrolaren erantzuna, aurtengo lehen hiruhilekoa ebaluatzeko egin duten  agerraldian. Hain zuzen, enpresa horretako presidente Ignacio Galánek esan du itzalaldiarengatik azalpenak eman beharko lituzkeen enpresa bakarra REE dela. Gainera, Galánek energia nuklearraren alde egin du, "sistema elektrikoa egonkortzeko soluzio merkeena" baita: "Halere, energia arloko politikak Espainiako Gobernuaren erantzukizunak dira, eta haien erabaki errespetatu behar ditugu".

Estebanek lasaitasunera egin du dei, eta Otegik alternatiba berrien beharra azpimarratu du

Itzalaldiaren biharamunean egin dituzte gertakariaren inguruko lehen adierazpenak Euskal Herriko bi alderdi politiko nagusienen arduradunek. Aitor Esteban EBB Euskadi Buru Batzarreko presidenteak adierazi du ez dela egokia Espainiako Gobernua eta hornitzaile elektrikoak seinalatzea itzalaldiaren erantzule gisa, eta "lasaitasuna" eskatu du: "Zer gertatu den jakin arte itxaron behar da, eta, ondoren, urratsak eman, berriro gerta ez dadin".

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik ere itzalaldiaren inguruan mintzatu da Herri Irratian, eta azaldu du energia ez dela utzi behar "enpresa handien diru-gosearen menpe", administrazio publikoaren kontrolpean baizik: "Alternatibak mahairatu behar dira, negozioa baizik bilatzen ez duten enpresa handiak alde batera utzita". Otegik gaineratu du energiaren arloan Euskal Herriak Espainiako eta Frantziako sareekiko duen mendekotasuna "izugarria" dela.

Oxigenoterapia behar zuen emakume bat hil zen Basauriko zahar-etxe batean

El Correo egunkariak argitaratu duenez, oxigenoterapia behar zuen egoiliar bat hil zen Basauriko zahar etxe batean asteleheneko itzalaldian. Hedabidearen arabera, zentro horrek oxigenoterapia artatzeko hiru ekipo ditu: bi sare elektrikora konektatuta daude, eta bestea eramangarria da. Bada, itzalaldian sare elektronikora konektatutako biak erabiliak izaten ari ziren, eta eramangarria egoera larrian zeuden bi egoiliarren artean partekatu behar izan zuten. Bizkaiko Foru Aldundiak oraindik ez du albistea baieztatu ala ezeztatu, eta Berria-ri azaldu dio itzalaldian Gizarte Ekintza Saila zahar-etxe gehienekin jarri zela harremanetan eta horietako batek ere ez zuela "intzidentzia larriren baten" berri eman.

 

Bardeako Komunitatearen Batzarreko lehendakariak adierazi du tiro poligonoak "on egin" diola biodibertsitateari
José María Agramontek agerraldia egin du asteartean Nafarroako Parlamentuan, UPN eta Contigo-Zurekin alderdiek eskatuta. Bardeako Komunitatearen Batzarreko lehendakariak nabarmendu du Espainiako Defentsa Ministerioa ingurumenarekin egiten... (+)
Itzalaldiak agerian utzi duena
Hedabideetan nahiko aipatu dira asteleheneko itzalaldiak gizartean eragin dituen ondorioak, baina nahikoa aipatu al da gertakari horrek agerian uzten duena? Besteak beste, bi auzi nagusi:... (+)
Lizarrako Udalak txosnei jarritako debekuaren aurka protesta egin zuten 27 gazte epaituko dituzte maiatzean
Maiatzaren 22tik 23ra bitartean deklaratu beharko dute auzipetuek. Gazteek salatu dute instituzioak "geroz eta gehiago" ari direla mugatzen protestarako eta mobilizaziorako eskubide politikoa, eta 'Bajadikako... (+)
Argalarioko parke eolikoaren aurka agertu da Bizkaiko Foru Aldundia, ingurumenean eragingo lituzkeen kalte "kritikoengatik"
Natura Ondarearen Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du Barakaldoko mendi horretan bost haize errota jarri nahi dituen Iparaixe II proiektuaren aurka. Barakaldoko Udalak duela urte eta... (+)
Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua
EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako... (+)
gora