Asteroko buletina
Apirila euritsuak nekazaria pozten du.

TXOSTENA ESKLUSIBAN | “Laminoriako parke eolikoak ekarriko lukeen ingurumen eragina ez da onargarria”

Aixeindar SA enpresak "Laminoria" izeneko zentral eolikoa eta fotovoltaikoa eraiki nahi du Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako lurretan. Proiektu horrek Eusko Jaurlaritzaren ingurumen baimena jasoko ote duen ikusteko dago. ARGIAren eskuetara iritsi da Arabako Foru Aldundiak ingurumen eraginei buruz egindako txostena. Ekainaren 14an bidali zion Arabako Aldundiak Eusko Jaurlaritzari txosten zorrotz hau eta sendoa da bere ondorioa: "Laminoriako parke eolikoa eraikitzeak eta martxan jartzeak ekarriko lukeen ingurumen eragina kritikoa litzateke, ez onargarria".


2024ko urriaren 22a
Txostenaren arabera, eolikoen proiektua zonalde estrategikoan kokatuta dago, trantsizio zonaldea baita, korridore ekologiko gakoa Entzia, Izki-Parke Naturala, Gasteizko Mendiak, Lautadako Hariztiak artean. Argazkian, Izkiko parke naturala.

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasunaren eta Natura Ondarearen sailek egindako txostena oso zorrotza, zehatza eta irmoa da (hemen PDF osoa ikusgai). Amaia Barredo Martínek bidali zion ekainaren 14an Pedro Rodríguez Díazi: Barredo orduan Arabako Foru Aldundiko Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen saileko foru diputatua zen eta Rodríguez Eusko Jaurlaritzako Industria Administrazioko Arabako delegazioko kidea. Txostena bidali eta hamar egunera, ekainaren 24an, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu izatera igaro zen.

Arabako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari ekainaren 14an bidali zion txostena. Orain arte ez da publiko egin. ARGIA CC-BY-SA

"Laminoria" proiektuak bere barnean zentral eoliko eta fotovoltaikoa planteatzen baditu ere, Arabako Aldundiaren txostenak dio ingurumenean izango dituzten eraginak neurtzerakoan bereizi egin behar direla, bakoitzaren ondorioak oso ezberdinak izango direlako.

Txostenak hala dio: "Argazkian ikusten denez, proiektua zonalde estrategikoan kokatuta dago, trantsizio zonaldea baita, korridore ekologiko gakoa Entzia, Izki-Parke Naturala, Gasteizko Mendiak, Lautadako Hariztiak artean. Ingurune horren zati handi batek, gainera, Hegazti eta Biodibertsitatearen Kontserbaziorako Eremu Garrantzitsu izendapena dauka. Hegazti eta faunarentzat daukan balioa itzela da, bai EAE mailan eta bai penintsula mailan eta espazio hauen arteko konexioak zuzenak eta ia berehalakoak dira". Mapan gorriz ageri da Azazetan egin nahi duten zentral eolikoa, horiz Laminorian egin nahi duten zentral fotovoltaikoa, biribil laranjetan Laminorian ezarri nahi dituzten haize-errotak, urdinez azpiegiturak eraikitzeko egin nahi dituzten bideak eta berde ilunez energia ateratzeko eraiki nahi duten lurpeko bidea. Berde argiz dagoen eremu hori dena, Azazeta eta Laminoriako proiektuak inguratzen dituena, Natura 2000 Sareko eremuak dira.

Gainera, txostenak ohartarazten du Aixeindar enpresak Jaurlaritzari aurkeztu dion beste proiektua, hain zuzen Azazetako zentral eolikoa, Laminoriako proiektu honengandik "gertu" egongo dela, 2,4 km-ra, eta hori kontuan hartu behar dela ingurumenean proiektu bakoitzak eta elkarrekin izango luketen eraginak aztertzerakoan.

Baina bere ondorioa irmoa da, Azazetako zentrala egin edo ez, Laminoriako zentrala bakarrik egiteak izango lituzkeen kalteen inguruan: zentral eolikoak eragingo lituzkeen ingurumen inpaktuak ez lirateke onargarriak, "kritikoak" izango liratekeelako "mehatxatu" gisa izendatuak dauden hegazti eta xaguzarrentzat, Natura 2000 Sareko guneen arteko Konektibitate Ekologikoarentzat, eta "Interes Komunitario" eta/edo "Lehentasunezko" izendatutako landare eta habitatentzat.

Ezberdin baloratzen du Laminoriako zentral fotovoltaikoak ekarriko lukeen kaltea: "magnitute onargarrikoa" litzatekeela dio, eremu hori jada antropizatuta dagoelako (lehengoratze fasean dagoen harrobia da). Hala ere Aixeindar enpresak planteatu duen kokapen zehatza berriz aztertu behar litzatekeela dio, lehengoratze lanekin ahalik eta egokien uztar dadin, eta eragingo lituzkeen kalteak konpentsatzeko enpresak inguruan ekintzak egin beharko lituzkeela dio.

Arabako Foru Aldundiaren ondorio orokorra.
Hegazti eta xaguzarretan izango lukeen inpaktua

Arabako Foru Aldundiko txostenak dio inguru hori Arabako mendialdearen eta lautadaren arteko trantsizio gunea dela eta oso egokia dela hegaztiek bertan habiak egiteko eta janaria bilatzeko. Mehatxatuta dauden hegazti askoren presentzia ziurtatuta dagoela argudiatzen du: 122 espezie detektatu ditu bertan MITERD-ek (Espainiako Ministerioa, Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikokoa). Espezie horietatik %40 mehatxatuta daude, EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoaren arabera.

Bertan zenbatu diren xaguzar espezieak gutxienez 20 dira, hau da, EAE osoko xaguzar espezieen %75 baino gehiago.

Txostenak Aixeindar enpresak inguru horretako hegaztiez aurkeztu duen txostena oso motz geratu dela dio: "Bertan presentzia dutela ziurtatuta dauden hegaztien %40 soilik identifikatu ditu promotoreak, gure ustez egin duen ahalegina ez da nahikoa izan". Baina Aixeindar enpresak berak zera onartzen duela jaso du Arabako Foru Aldundiaren Txostenak: "Promotoreak hegaztiez aurkeztu duen ikerlanean bertan zera ondorioztatzen du, nahiz eta neurriak hartu babesteko, zuzentzeko eta konpentsatzeko, korridore ekologikoaren etena, batez ere Laminorian, zaila litzateke leuntzeko".

Laminoria proiektua: zortzi haize-errota eta zentral fotovoltaikoa

Zortzi haize-errota jarri nahi ditu Aixeindar enpresak "Laminoria" proiektuaren baitan: 5 MWko indarra izango luke bakoitzak, 150-170 metroko altuera izango lukete, eta bi lerrotan egongo lirateke kokatuta: lau haize-errota Indiagana mendiaren magalean ezarri nahi ditu eta beste lauak Iturrieta mendian. Bi lerroen artean 1,4 km-ko distantzia legoke.

Laminorian Aixeindar enpresak ezarri nahi duen zentral fotovoltaikoa Arraia-Maeztun legoke kokatuta, lehengoratze bidean den harrobian. 58,10 ha-ko azalera hartuko luke guztira.

Urriaren 20an "Erresistentzia eguna" egin dute Arabako Mendiak Aske elkarteak deituta Iturrietako eta Gasteizko mendietara egindako mendi-martxaren bidez.

Urriaren 26rako manifestazioa deitu dute Gasteizen, hamasei plataformak baino gehiagok, "Makroproiekturik ez!" lemapean.

Laborari palestinarrek jasaten dituzten indarkerien lekuko izan dira Via Campesinako ordezkariak
2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Via Campesinako ordezkaritza bat Palestinan izan da abenduaren 8tik 18ra, bere kide den Palestinako Lan Komiteen Batasuna-k (UAWC) gonbidatuta. Bidaia horrekin herri palestinarrari elkartasuna adierazi... (+)
"Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko"
2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH... (+)
Beste bederatzi makro-eoliko eraiki nahi dituzte, oraingoan Gipuzkoako Beizaman eta Bidania-Goiatzen
2024-12-05 | Estitxu Eizagirre
Finerge enpresak Beizaman eta Bidania-Goiatzen bederatzi makro-eoliko jarri nahi ditu, 229,5 metrokoa bakoitza, guztien artean 45-50 MWko potentzia izango luketenak. Haize-erroten artean sei errepide eraikiko... (+)
Nola garbitu eta zaindu, gorputza eta Lurra kutsatu gabe?
2024-12-01 | Estitxu Eizagirre
Azala ez da azaleko gaia, kanpoarekiko muga eta gure buruaren babesa baizik. Ordea, kosmetiko industrialak erabiliz gero, toxiko kimikoak barneratzen ditu gure gorputzak azaletik, eta... (+)
"Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea"
2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora