Otsaila eztiegi, primadera xirtxilegi.

“Hamar urteotan baratzean egindako lanak agendan idatzi dituenak sekulako altxorra du”

Duela hamar urte argitaratu zuten lehen Ilargia eta Landareak agenda Jakoba Errekondok eta Antton Olariagak, ARGIAk bultzatuta. Hamar urte beranduago, eta ARGIAren Bizi Baratzea proiektuak sustraiak ongi botata dituela, 2027ko agendarekin datoz. 

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2026ko urriaren 12a
Jakoba Errekondo eta Antton Olariaga, 10. "Ilargia eta Landareak" agenda aurkezteko Azpeitin (Gipuzkoa) egin zen bertso bazkari berezian.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

"Denboran irauteko helburuz hasi ginen agenda argitaratzen, urteetan baratzean egindako lanak jasota jakintza handia pilatuko genuelakoan", gogoratu du hastapena Errekondok. Hamarkada beteta pozik egoteko moduan direla dio, bai irautea lortu duelako, baina baita agendak eduki eta diseinu aldetik izan duen bilakaeragatik ere. Eskuragarri duzue dagoeneko ARGIAren Azokan eta ohiko tokietan.  

Fruitu arbolak gai, bigarren urtez

Urtero gai bat aukeratzen dute egileek agendan lantzeko. Aurreko urteetako gaietako batzuk izan dira baratzeko tresnak, zuhaitzen egurraren edo zuraren erabilerak, ongarriak, animalia laguntzaileak... "Iaz hasi ginen fruitu arbolak gai gisa lantzen, eta aurten horrekin segituko dugu, askorako ematen baitu gaiak: hilabetero fruitu arbola bat aukeratu dugu, eta horren historia, aipamenak eta informazioa jaso ditugu", adierazi du Errekondok.

Gainontzekoan, aurreko urteetako antzeko formatua du agendak, eta ohikoak dituen atalak mantendu dituzte: ilargiaren zikloak; hilabetero sasoikoak eta bertakoak diren barazkien zerrenda; hilabete bakoitzean ze lan egin baratzean, fruitu arbolekin, loreekin nahiz basoan; astero lantxo baten azalpen zehatza; garaiko esaerak; baratzeari lotutako oinarrizko ezagutzak; ongarrien erabilera; txandakatzeak; tratamendu naturalak landareekin; urteko zikloa baratzean (noiz erein/landatu); barazki bakoitza ze barazkiren ondoan landatu azaltzen duen taula; fruitu klimaterikoak eta ez klimaterikoak zein diren azalpena...  modu oso intuitibo eta sinplean antolatuta dago lan mardul hau, eta eduki askokoa da.

Aitzurra bezain baratzeko tresna

Horixe da Ilargia eta Landareak agenda, Errekondoren ustez. "Egiten diren lan guztiak apuntatu beharko genituzke agendan, ereiten dugunean zein hazi barietate darabilgun, non eskuratu dugun, ereintza aurretik egin ditugun lanak, ongarriketa egin dugun edo ez eta zerekin ongarritu dugun... dena", gomendatu du agronomoak. Izan ere, nabarmendu du norbere esperientziatik eta norbere baratzetik asko ikasi daitekeela, eta agenda hau gure baratzearen egunerokoaz ikasteko tresna dela. "Askotan, norbaitek bere baratzean lan bat modu zehatz batean egiten du eta oso ongi doakio, baina beste baratze batean ez du funtzionatzen", gaineratu du. Norberaren arrakasta eta porroten lekuko isila izanen da agenda.

Beste behin, Antton Olariagaren marrazki ederrekin osatu dute lana. "Antton bera ere ikasten ari da baratzeaz eta landareez, eta uste dut nabari dela bilakaera hori bere marrazkietan, inoizko marrazki onenak egin ditu eta luxu bat da beti berarekin lan egitea", azpimarratu du Errekondok.

Tokiko eta kalitatezko produktuen epizeria parte-hartzailea Baigorrin
2026-10-26 | Garazi Zabaleta
Duela urte eta erdi pasatxo hasi zen Baigorriko (Nafarroa Beherea) pertsona talde bat bertako produktuen denda fisiko bat martxan jartzeko ideia lantzen. Herriko AMAPean –laborari... (+)
Zuberoako artzainak 20 urtez kolektiboan lanean
2026-10-19 | Garazi Zabaleta
1999an Zuberoako artzain talde batek abiatutako hausnarketa prozesutik sortu zen Azkorria kooperatiba. "Garaian, industria bati saltzen zioten ardi esnea inguru honetako artzain guztiek, eta Ossau-Irati... (+)
Zuberoako artzainen Azkorria gasnategi kolektiboak urteurren festa egingo du urriaren 17an
2026-10-14 | Garazi Zabaleta
Aurten hogei urte betetzen ditu Azkorria kooperatibak. Hori ospatzeko, urriaren 17an Muskildin festa egingo dute. Hitzordua 09:00etan da, Azkorria dendaren atarian: ekoizleen merkatua egingo dute... (+)
Frantses lorategi apaina eta lorategi basati askeagoa, elkarren lagun
2026-10-05 | Garazi Zabaleta
Kanbon (Lapurdi) kokatua den eraikin ederra da Belle Époque garaiko Arnagako jauregia, gaur egun Herriko Etxearena dena eta museo bihurtua dutena. Klima astearen seigarren edizioa... (+)
Ogia, bizitzako proiektu Etxalarren
2026-09-28 | Garazi Zabaleta
Duela hamaika urte, 2015eko irailean bukatu zituzten Etxalarko (Nafarroa) Maira okindegiko obradorearen lanak, eta ogia egiteari ekin zioten Aloña Gonzalez Bereauk eta Ander Amundarain Hernandezek.... (+)
gora