Asteroko buletina
Lurra lantzea eta zaintzea ahaztea, geure burua ahaztea da.

Agur intxaurrondo, agur!

Agur intxaurrondo, agur! Bat-batean atera zitzaidan urriaren 21eko Landaberri irratsaioko kontsultategian. Azken urteetako erretolika bihurtu zaigu intxaurrondoari (Juglans regia) buruzko zalantza. Hasieran ia itsasertzeko bere bizilekuetatik soilik zetorren kezka, baina urte gutxiren buruan ederki barruratu da. Ez da Euskal Herriko lurralde lehorrenetara iritsi, eta ez da iritsiko, noski, baina hori ezin dut hain garbi esan.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko azaroaren 13a
Argazkia: Jakoba Errekondo.

Gure lurralde hezeetan intxaurrondoak ez du etorkizunik. Kitto. Bereak egin du. Lehen ere sekula ez da izan nonahi oparo hazi eta bizitzen zen arbola. Ale ederrak ezagutzen dira, Gardeko plazan Gardalar erreka ondoan bizi dena, adibidez; bere 1,3 metroko gerriarekin, 17 m garai eta 30 x 25 metro koadroko hedadura, 1991n, Monumentu Natural izendatu zuten. Tamaina fisikoa ez baina ondare izendatzeko moduko tamainakoa da beste Errekalde batekoa: Zizurkilgo izen horretako baserrikoa zen Pedro Mari Otaño, eta hango atariko intxaurrondoari jarri zizkion bertso ederrak Argentinan atarian zuen onbuarekin alderatuz. Onbua (Phytolacca dioica) lurralde haietako zuhaitz garrantzitsua da eta bere izenak guaranieraz “itzal” esan nahi du. Itzalaren bi zentzuak ederki osatzen dituzte bi arbolok, baina hemen intxaurrondoak luze gabe galduko ditu, bera desagertuko da-eta. Desagertu desargertu agian ez, baina lehen gaztainondoa (Castanea sativa) edo zumarra (Ulmus minor) eta orain insignis pinu beltzari (Pinus radiata) gertatu bezala, han-hemenka ale bakan batzuk besterik ez dira biziko laster. Otañorena bezala etxe aldamenean daudenek aukera gehiago izango dituzte: “Intxaurrondoak etxeko errietak entzun behar ditu”, dio esaerak. Ez errietek biziberritzen dutelako, gehienetan, lehen ukuilua bertan izaten zenez, etxepeko orubea ongi ongarritua delako eta, batez ere, lehorra delako. Intxaurrondoa hezetasunak eramango du. Hezetasunak onddoak suspertzen ditu, eta zauri ttiki bat nahikoa da handik sartu eta bere zura hasieran iruditu eta gero usteltze bidean jartzeko. Egungo zauritzaile nagusiak dira buztin lurren busti-lehorretako mugimenduak, urasetu eta puzteak eta lehortu eta arrakalatzeak sustrai ahulak puskatzen baitizkio; baita mugarrotzearen zauri larriak ere; eta azken izurrite gogaikarriaren erasoak, Rhagoletis completa euliarenak. Azken hori ematen ari zaio errematea. Uda partean arrautzak jartzen ditu intxaur alea hazten ari denean, bere zokoten gurian eta handik sortzen den harrak triskantza handia egiten du jan eta jan, zauri larriak eraginez. Zauri horietatik sartuko da gaitza, hezetasunak bizkortzen duen onddoa.

Hauxe da panorama: enborraren ipurdian jariakin beltza, sustrai zaurituen adierazle; enborra barrutik iruditu-belztu-usteldua; eta intxaur aleak zokotenetik bereizi ezinik eta mamia osatu gabe.

Gure amona-aitonek gaztainondoa agurtu zuten modutsuan dagokigu guri orain “agur intxaurrondo, agur!” esatea. Halabeharra, biak erromatarren ontzi berean etorri ziren Mediterraneoko lurralde lehorretatik…

Zientoka izen
2024-07-22 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzen eta arbolen sarobean nabil azken urte hauetan. Larrean, abaroan eta biaoan hor nabil atera ezinik. Zuhaitzei eta arbolei aparteko begirunea diedala jabetua izango zara,... (+)
Porruak eta santuak
2024-07-15 | Jakoba Errekondo
Porrusalda hemen da. (+)
Erein aurreko hazien bedeinkazioak
2024-07-08 | Jakoba Errekondo
Galdera hau jaso berria dut Bizi Baratzeako postontzian: "Gaia San Joan bezperako familia afarian atera huen, Unanue sagardotegian, Azpeitian. Seguran Santa Engrazia egunean erein behar... (+)
Tomate anderea eta presa kontuak
2024-07-01 | Jakoba Errekondo
A zer lanak ematen dizkigun! Txoratzen gaitu tomateak (Solanum lycopersicum). Artaxoakoa dela, edo Tuterako Itsusia, edo Aretxabaletakoa, edo Erandiokoa, pikoluzea, gerezia dela, madari tomatea dela,... (+)
Minak bixigarri
2024-06-24 | Jakoba Errekondo
Zer min egiten digu piperrak? Eta piperminak? (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora