Astelehenero 8:00etan zure epostan
Nafarroako Erreniega mendi kateko hegoaldean eraiki nahi zituen bi poligonoak Solaria enpresak, eta Nafarroako Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak baimena ukatu dio.
Lurralde Antolamenduko Departamentuak hainbat arrazoi eman ditu proiektuak atzera botatzeko, nagusiki poligonoen tamaina handiari dagozkionak, eta horiek ingurumenean eta inguruko herrietan izan dezaketen eraginari lotutakoak.
Proiektuak aurrera ateratzeko Solariak egindako azken ahaleginetan, poligonoak 123 hektareatara murriztea proposatu zuen, baina departamentuarentzat murrizketa ez da nahikoa ingurumenari egin diezaiokeen paisaia kaltea onargarria izateko, Adioseko lur ereingarrien %10 gainditzen duelako.
Departamentuaren arabera, lur horiek nekazaritza ekoizpen handikoen artean sailkatuta daude, eta poligonoek haien nekazaritza erabilera gutxitzen dute. Horrek guztiak eragin dezake poligonoak kokatuta dauden herrien etorkizuneko garapenean.
Funtsean, poligonoak handiegiak dira bailararentzat, Adios eta Muruzabaletik gertuegi daude, eta horrek arbuio sozial esanguratsua ekarri du. Bi herri horiek ziren kaltetuenak, baina poligonoek eragiten zieten ere Eneritz, Ukar, Biurrun-Olkotz eta Tebas-Muru Artederretari.
Uztailaren 6an ateratako ebazpenaren arabera, halaber, poligonoetako argi indarraren ebakuazio sarea ez dator bat Muru Artederretako Udal Plangintzarekin. Horren arabera udalerrian AHTko azpiegituretarako baimenak eman dira, baina ez bestelako azpiegiturentzat.
Hasiera batean proiektu fotovoltaikoak 300 hektarea hartzea aurreikusten zuen eta horrek zalaparta handia ekarri zuen kaltetuena izango zen Adios herrian. Proiektuaren berri jakin zenetik aritu da haren aurka Salba dezagun Erreniega 4.0 plataforma. Txikizioa eguzkia eta haizearen izenean erreportajean aztertu genuen herriak nola bizi izan zuen proiektuen iragarpena.
Solaria Solar 2 proiektua erabakitzear
Oraindik, hala ere, Solaria Solar 2 poligonoarekin zer gertatuko den airean dago. Horrek Barasoain, Oloritz, Untzue eta Tebas-Muru Artederretari eragiten die. Hala ere, pentsa liteke foru gobernuaren oraingo argudioetako asko baliagarriak izan daitezkeela horren kasuan ere.
Solaria Arabako Lautadan
Arabako Lautadan 130 eta 218 hektarea hartuko lituzketen bi poligogo fotovoltaiko eraiki nahi ditu Solariak. Horretarako ebaluazio geotektikoa abuztuan egingo dute, Arratzua, Ubarrundia, Burgelu eta Elburgoko udalerrietan, Araba Bizirik plataformak jakinarazi duenez.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545