Asteroko buletina
Martxoko ilzaharra, horrek eraman du nire behor zaharra

30 urte Araban agroekologiaren bidean sakontzen

1993an sortu zuen Araban Bionekazaritza elkartea ekoizle talde txiki batek, eta 30. urteurren ospakizunetan dabiltza aurten. “Momentu hartan, ez zegoen gaurko diskurtso ekologistarik eta agroekologiaren aldekorik, edo, behintzat, gizartearen zati oso txiki batek soilik ezagutzen zuen”, azaldu du Lainoa Zarauz elkarteko kideak. Hutsune hori betetzeko eta diskurtso eta praktika agroekologikoetan sakontzeko asmoz abiatu zuten proiektua, eta orduko testuingurua asko aldatu bada ere, helburu berarekin jarraitzen dute lanean. Maiatzaren 27an urteurrena ospatzeko festa antolatu dute Korresen.


2023ko maiatzaren 15a

Ekoizpen ekologikoa bultzatzea izan da elkartearen 30 urteotako helburuetako bat, baina ekoizpen teknikei ez ezezik, bestelako alorrei ere begiratuta: baserrien autonomiari, giza neurriko proiektuak izateari, erregai fosilekiko eta kanpoko baliabideekiko independenteak izateari… “Elikadura burujabetza sustatzea da bidea, eta horretarako baserritarren eguneroko lana erdigunean jartzea ezinbestekoa da”. Zigilu ekologikotik harago begiratzeak desberdintzen du elkartea beste zenbait proiektutatik.

Urteotako ibilbidearen balorazioa egiterakoan, egoerak nolabait hobera egin duela nabarmendu du Zarauzek, baina bilakaeran zenbait arrisku ere ikusten ditu: “Gizartea sentsibilizatuago dago eta gehiago jotzen du produktu ekologikoetara, baina, era berean, uste dut Europako legeek ekologikoko azalera handitzea eta pestiziden erabilera gutxitzea bultzatu arren, aipatzen genituen alderdi sozial eta politiko horiek ez dituztela kontuan hartzen”. Kontzientzia geroz eta handiagoa dago eta ekoizpen ekologikoko zenbakiak pixkanaka handitzen doaz, baina agroekologiak erreparatzen dien beste esparru horietan asko dago egiteko oraindik. “Izan ere, geroz eta errelebo gutxiago dago, oso zaila da lurrerako sarbidea izatea, eraldatzeko eta merkaturatzeko baliabide txikiak desagertu egin dira…”.

Festa Arabako mendialdean

30 urte ez dira egunero betetzen, eta urteurrena behar bezala ospatzeko festa eguna antolatu dute maiatzaren 27an. Korres herrian izanen da, Arabako mendialdean. “Deszentralizatu egin nahi genuen festa, horrelako jaiak hiritik landa eremura eramatea garrantzitsua da”. Goizean "ahaztutako landareen" inguruko tailerra eta ornitologiarako hastapenetarako tailerra eginen dituzte, eta baita landa eremuko queer bizipenak jasotzeko hitzaldia ere.

Ondoren, bermuta, bazkaria, txikientzako ginkana, festa… “Beti gaude hitzaldi, tailer eta ikastaroetan sartuta, eta egunak gozamenerako alde hori edukitzea ere nahi genuen”, dio Zarauzek. Han izanen dira egun elkarteko bazkide diren 40 kontsumitzaileak eta 40 bat proiektutako kideak, baina gonbidapena herritar guztiei zabaldu diete elkartetik. 

Erlezaintza, afiziotik ofiziora
Haizea Belarra nafarra ari da buru-belarri Berako Erlanki erlezaintza proiektuan, baina Mikel Lertxundi bikotekideak ere garrantzia handia du, beraren bidez hasi baitzen Belarra erlezaintzaren munduan... (+)
Hur-olioa eta beste hainbat produktu, Senpereko lurretan sortuak
Vincent Trebessesek sortutako ekimena da Errota, Senperen hurrak ekoizten eta eraldatzen dituen proiektu berezia. 2008an jarri zuen martxan hur-olioa egiteko errota, hasiera hartan Ziburuko bere... (+)
Sendabelarrak ekoizten
2017an jarri zuen Fanny Dalla-Betta laborariak Lilizain proiektua martxan, Zuberoako Ürrüstoi-Larrabile udalerrian. Bere amona eta izeba laborariak ziren, eta txikitatik izan du landa eremuarekin harremana.... (+)
“Hemen hurbilean pastarik egiten ez zelako abiatu genuen proiektua”
Oreretako Erdiko kalean bada pasta egiteko obradore eta denda berezi bat: Zituene. 2016an eman zituzten lehen pausoak proiektuaren sortzaile diren Iker Eizagirre Gallardok eta Naiara... (+)
Pandemiak lagunduta, baserrira buelta
Gasteizen bizi zen Egoitz Aurrekoetxea Bilbao koronabirusaren pandemiak mundua astindu zuenean. Enpresa batean ari zen garai hartan lanean, baina egoera berriak zer pentsatua eman zion... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora