Asteroko buletina
Baratxuria, zazpi gaitzen kontrakoa.

108 orkidea euskaldun

Gero eta gehiago ikusten dira orkideak gure etxe barruetan. Bulego, denda, ile apaindegi, non ez daude landare edergarri horiek?

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko azaroaren 11

Bat da denetan nagusi, hedatuena: tximeleta orkidea (Phalaenopsis spp). Loraldi ikusgarria du eta erraz bizi eta loratzen da gure giroko barruetan. Asia hego-ekialdetik, Australiatik eta Perutik datoz eta genero bereko espezie ugariren arteko hibridazio askoren ondorengoak dira. Zuhaitzen gainean bizi dira, ez lurrean, alegia, epifitoak dira: hori dela-eta, loreontzietan ez du lurrik ekartzen, azal kozkor nahasketa bat baizik. Sustraiak ontzitik kanpora luzatzeko joera du, zuhaitzetan bezala, eta hostoek egiten duten fotosintesia egiteko gai da. Lore sorta luzeak irekitzen ditu, tximeletaren tankerakoak; Phalaenopsis izena grekoko phalaina, “tximeleta”, eta ospsis, “antzeko”, hitzetatik datorkio.

25.000-30.000 orkidea espezie natural badirela uste dute. Horiez gain beste 60.000 inguru hibrido eta barietate sortu dituzte lorezaleek. Polo inguruetan eta basamortuetan izan ezik, ia mundu guztian bizi dira, gehiengo nagusia tropiko arteko lurraldeetan. Zuhaitzetan bizi dira asko, lurrean ere bai, eta gutxi batzuk baita lurpean ere (Rhizanthella generokoak). Belarkarak dira gehienak, eta urte asko bizi daitezkeenak ere badira tartean. Batzuek bizimodua multzo handitan pilatuta egiten dute; beste batzuk igokariak dira, banila (Vanilla fragans) espezia ezaguna egiteko leka usaintsu sonatuak ematen dituena, adibidez. Usain ona bezala kiratsa ere hedatzen duten orkideak badira. Egin egunkariaren Hemen astekarian Sergio Basurkok 1987ko martxoaren 20an Orkidea: tropikoetatik datorkigun lore sorgindua artikulua argitaratu zuen, eta begira zer zioen: “Alabaina, orkideen eskala aromatikoa are zabalagoa omen da. Usain zoragarrienetatik hasi eta Bulbophyllum beccarii orkidearen kiratsarekin topo egin arte; hauetako bat marrazten zebilen biologo batek birritan txoratu eta konortea galdu zuen lorak zerion usain nazkagarriaren eraginez”.

Euskal Herria ez dago tropiko artean, baina orkidea dexente badugu, ehundik gora bai, eta denak lurrekoak. Orkideek duten sona eta bizimodu berezia dela medio, botanikari asko limurtu eta xarmatu dituzte. Hiru liburu oso badira gure lurralde txiki honetako orkideei eskainiak, gaztelera garbian denak: Orquídeas de Navarra, Marianne Van de Sluys eta Luis Gonzalez Artaberena, 1982koa; Orquídeas de Bizkaia, Amador Prieto Fernandezena, 2000koa; eta Orquídeas de Euskal Herria, Xabier Lizaur Sukiarena, 2001ekoa. Hiru horietan 108 mota behintzat jasoak daude, eta beste ale batzuk ere aipatzen dira.

Kolonbia da orkidea aukerarik handienetakoa duen estatua, eta horiek jaso eta jagoteko parke bat eraiki eta osatzen ari dira. Noizko Euskal Herrikoak ezagutzeko gure orkideen parkea?

Gintonikaren ezkontza
2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta... (+)
Birigarroak zirinetan heriotza
2024-11-25 | Jakoba Errekondo
Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko... (+)
Sagarren istorioak
2024-11-18 | Jakoba Errekondo
192 milioi sagar 2024. urtean. Segundoero sei sagarretik gora saltzen du Britainia Handiko Tesco supermerkatu kate han ezagunak; ia 27.000 tona. Zenbaki ikusgarriak dira baina... (+)
Eguzki-lore meteorologoa
2024-11-04 | Jakoba Errekondo
Mendirik altuenetako okoilu gordeetan. Ziztu biziz haize hotzak zazpi hilabetez neguztatzen duen zokoan. Udan igotzen dituzten azienda saldoek motzean eusten dioten belaze bazterretako zuhaixken altzoan.... (+)
Sagastizaleentzako jakinarazpena
2024-10-28 | Jakoba Errekondo
Euskal Herrira 2018an iritsi zen. Bertakotu eta euskaldundu den migratu bat gehiago. Ongi etorri. Gutxi batzuk hasieran, izurritea 2023rako. (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora