Asteroko buletina
Neguko eguzki txuriaz ez fidatu

Landarepedia

Likidanbarra

Liquidambar styraciflua

Usain gozoko goma edo erretxin lurrintsua ematen du likidanbarrak (Liquidambar styraciflua), anbar likidoa alegia. Berari zor dio izena: liquidambar hitzak hori dio, anbar likidoa, eta, gainera, burlaizez bezala, anbarra dariola dio styraciflua-k. Argi dago, XVII. mendean izena jarri ziotenean, darion anbarragatik nabarmena zela zuhaitz hau. Ameriketako indiarrei, txeroki eta abarri galdetu behar! Baltsamo eta botika gisa gurtzen dute.

Ikusgarria du udazkena likidanbarrak: arrosa, horia, larua, laranjakara, gorria, gorrindola, purpura... Kolore festa izugarria. Gure paisaian udazkenak gutxitan erakusten digun gorriaren kide koloreena. Zabiltzan inguruan baten bat bizi bada, laster sumatuko duzu. Forma ere deigarria du: luzea, gaztetan zorrotza, gero zabalxeagoa. Adarretan, azalean, artelazki edo kortxo itxurako handitsu luzeak ditu, zumar (Ulmus sp.) batzuek ere izaten dituztenak bezalakoak.

Forma geometriko garbia eta kolore festa begitango erakargarria izateak izugarri lagundu dio. Naturalki lorez lore, fruituz fruitu, haziz hazi sekula iristea imajinatu ere egingo ez lukeen tokietan aldatu da, munduko lurralde epel guztietan. Paisajista eta arkitektoen makina bat proiektutan ikusiko duzu. Diseinatzaileek gurtzen duten zuhaitza da, jainkoxka.

Azaletik sortzen da, batik bat, anbarra edo goma. Ur hotzetik ur berora, eta hotzera eta berora ibilita, ongi beratu eta zanpatuz kentzen zaio esentzia. Goma horrek lehenagotik ezagunak ziren beste zuhaitz batzuen gomen tankera du, nonbait. Stirax generoko zuhaitzena. Hortik jarri zioten styraciflua abizena.

Inondik ere, egun hainbeste erabiltzen den estireno plastikoak, hidrokarburoetatik eratorritako estirenoak ere, Stirax horri zor dio izena. Zuhaitz horietatik lortu baitzen lehenik. Hurrengo jogurta jan eta bere potoa birziklatzera botatzen duzunean, gogoratu zuhaitz gomagileaz. Eta egun hauetan, zuhaitz luze txorrotxak gorri-gorri ikusten dituzunean, udazkenari geurean gerarazteko piztu diren semaforoak dira.

atzera

Erlazionatutako jakingaiak

Axuri-kukua, artaldea eta artea
2023-04-24 | Jakoba Errekondo
Ahoa buruan dago. Ahoko zuloaz gaineko ahoa, zaporea, dasta edo gustua, alegia. Zaporea buruan dago. Zerbait gustuko izatea edo ez izatea buruan dagoela pentsatzen dut,... (+)
Gipuzkoako baso zabal handi
2023-03-27 | Jakoba Errekondo
1847an Juan Ignazio Iztuetak Gipuzkoako probintziaren kondaira liburua argitaratu zuen. Bertako bederatzigarren kapituluak izen hau du: Gipuzkoako Baso zabal andi eta zuaitz liraiñ galanten barri... (+)
Ba al zenekien hainbat zuhaitzek ekainean galtzen dituztela hostoak?
2020-06-11 | Jakoba Errekondo
Urteko egunik luzeenak ditugu, eta aldaketa handiak heltzen dira, ikuskizun, nahi dituenarentzak. Egun-argiak, luzatu eta luzatu ari denak, laburtu eta laburtzeari ekingo dio. Horrek negua... (+)
Haziak eta kurriloak
2019-11-24 | Jakoba Errekondo
Uztarriak herrestan narra bezala, neguko giroa dakar kurrilo lainoak atzean. Kurrilo lerroak zeruan sentitzean, buila batean, hotza zetorrela esaten ziguten umetan. Kurrilo pasea entzungarria da,... (+)
Ezkurra
2014-06-22 | Jakoba Errekondo
Ezkurra ala ezkurra da lehena? Horra paradoxa. Albaitariak eta arrautzazaleak beste upel bateko sagardotan ibiltzen dira: “Oiloa ala arrautza da lehena?”. Geurea landareak, eta ezkurrari... (+)
Basoetako artxiboak
2014-06-08 | Jakoba Errekondo
Italian Nemi, Galian Luc, Galizian Lugo eta Nemetobriga... Amaierarik ez du munduko baso sakratuen zerrendak. Geurean ere izango ziren, bada! Basoetan azokak, jaiak, batzarrak, sakrifizioak...... (+)
Lilura estasi
2010-11-21 | Jakoba Errekondo
Musika dotorea egiten da zurarekin, zurezko tresnekin. Baita txar askoa ere. Musika egiten du zurak. Ebanoa (Diospyros generokoak), kaobak (Meliaceae familiakoak), Dalbergia generoko zuhaitz jendea...... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora