Oinarrizko premiak
Eguzkia edo erdi itzala gustatzen zaio. Lur harroa nahi du. Lekadunen baten ondoren etorriko da ondoen. Bestela, ondo ongarritu dugun beste zerbaiten ondoren.
Kontuz simaur berri edota gehiegiarekin, hostaia ikaragarria eman dezake, baina ahula eta usteldurak ekarriko dituzten gaitzen pagotxa izango da, zalantzarik gabe.
Noiz zer lan
Martxotik aurrera hazia erein daiteke. Lehenak, babestutako hazitegi batean. Behin apirila etorrita, baita kanpoan ere. Azkenekoak, neguan jango direnak, udara amaieran erein. Hamar bat zentimetroko landaretxoak aldatu, 35 edo 40 cm-ko tartearekin. Sakon ureztatu eta landare txikia denean, sasoi lehorra bada, ura eman eta eman.
Uzta
Hemen hostoa jateko baino gehiago egosteko erabili izan da. Bietarako gai aproposa da: kanpoko aldeko hosto berdeak egosteko eta barruko zuriak gordinik jateko.
Gaitzak eta izurriteak
Bare eta barraskiloen erasoa da okerrena, txikiak jarritakoan zaindu: errautsa edo karea jarri inguruan edo arrautza azal txikituak tartean. Egun gutxi batzuetan babestea nahikoa da. Hostaia berritzen hasi ordurako aurrera egingo du.
Gaitzetan, zurina edota lepoko usteldura azaldu daitezke. Hezetasun handiegiarekin kontuz.
Nor norekin
Babarruna, azenarioa, porrua, luzokerra, , kuia, errefaua, borraja, luzokerra, ziazerba, tomatea eta ilarra aldamenean baditu gustura izango da.
Apioa eta perrexila ez ditu gustuko.
Trikimailuak
Hosto berdeen mikaztasuna arintzeko, zuritzea komeni da. Honetarako argia kendu behar zaio. Bi aukera daude: kanpoko hosto guztiak bildu eta motots bat bezala eginez gainean lotu edo estali. Astebete edo hamar bat egun eduki eta zuri-zuri azalduko dira erdiko hostoak. Eguraldi bustiarekin kontuz egin behar da hau, usteldu bai daiteke...
Uda partean, lehorte handia jasaten badu, tontortzeko joera piztuko zaio. Ureztatu!
Orri-mami zuriak entsaladan eta hosto berdeak purean.