Asteroko buletina
Kurriloak igaro, eguraldi txarra

Landarepedia

Azalorea

Brassica oleracea var. botrytis

[Jakoba Errekondo]

Azaloreari horixe, lorea jaten diogu: lorea beharko lukeena hipertrofiatu, endurtu egin da eta mamitsu bihurtu, benetako lorerik emango ez duelarik. Beraz, beste azak ez bezala “loratzea” komeni zaigu. Aurkarietatik zainduz gero, azak ia-ia nolanahi etortzen diren bezala, azalorea zuri-ederra da. Hazten zailagoa da, alubita xamarra. Mark Twainen ederki asko adierazi zuen: “Azalorea, unibertsitatean eskolatutako aza besterik ez da”.
Ehunka azalore aldaera dago, koloretan nabarmentzen dira batzuk: zuriak, laranjak, laruak, berdeak, gorrindolak... XII. mendean arabiar zientzialariek, Siriatik zetorrela esanez, lehen aldiz aipatu zituztenetik ikaragarri landu, hibridatu, aukeratu den seinale.
Aza jendea bezala, loriatu besterik ez genuke egin behar. Gaur egun, familia honetako landareak, gurutzedunak, osasunarentzat onenetakoak direla ederki dakigu.

 

Oinarrizko premiak

Lur sakona eta aberatsa nahi du. Kinki-minki xamarra dela esan dugu eta, hazkunde sasoian, ez zaio gustatzen inolako geldialdirik egitea. Ur zalea da. Lehorte batek edo behar adina janari ez izateak lan guztia zapuztu dezake. Toki asko behar du, eta gogoratu: eguzkizale amorratua da. Aza jendeari bezala, lur asentatua gustatzen zaio: ez aldatu lur irauli edo harrotu berrietan; hilabete batzuk lehenago prestatu lurra. Sakonean simaur asko behar du, baina inoiz ez ondu gabea, gorroto dute simaur berria. Nitrogeno gehiegi izanez gero hotzarekin arazo gehiago eta hostaje belaxka izango du. Lur azidoa ere ez du maite, karea edota errautsa eman aldatu aurretik.

 

Noiz zer lan

Azaren tankera beretsuan lantzen da. Martxoa-maiatza aldera erein. Bost edo sei hosto dituztenean aldatzeko moduan daude landaretxoak: bezperan ongi ureztatu sustraiak hautsi gabe askatzeko eta ahal izanez gero lur puska bat dutela eraman. 60-65 cm-ko tartearekin aldatu. Eguna mozten hasten denean, udan sartu orduko, eta abuztuaren amaiera aldera arte aldatu. Bero handiko garaiak saihestu. Landarea aldatzerakoan lurra ez harrotu. Arin-arin eskuaretu eta belarrak kendu ondoren aldatu. Aitzurraren ordez landagailua erabili: zulo bat egin, lurra lehorra badago zuloa ureztatu, landaretxoa sartu eta landagailuarekin berarekin aldamenetik lurra estutu, ondo estutu. Aldatutakoan inguruko lurra ondo zanpatu eta sakon ureztatu. Handitu artean, jorratu, baina lurra harrotu gabe, zopizartzen ariko bagina bezala, landareak lurreztatuz finkatu eta sendotu. Haizeak, izotzak edo dena delakoak kolokan utzitakoak batik bat.

 

Uzta

-5ºC arteko hotza eraman badezake ere, hortik beherako hotzekin sufritu egiten du, eta kalte handiak jasan ditzake. Azaloreak burua egiten hasi bezain pronto jateari ekin. Ez itxaron buruak handitu arte, konturatzerako buru trinkoak izan beharrean askatu eta harrotzen hasiko dira-eta. Berdin buru gaina gorritzen hasten bada, hotzak harrapatuko zuen: ahal bezain azkar jan. Edo sustraitik oso-osorik atera, lurra astindu eta buruz behera zintzilikatuta, tarteka urarekin ihinztatuz gero hilabete ere iraun dezakete. Edo izoztuta jaso: zati tinkoenak aukeratu, puskatan ebaki, 3 minutuz irakin, lehortu eta poltsatan izozkailura.

 

Gaitzak eta izurriteak

Aza jendearenak berak.
Kontuz txoriekin: horma-txoriari bereziki gustatzen zaizkio landare aldatu berriak.
Bareek eta barraskiloek ere triskantza ederrak egiten dituzte landareñoetan.
Azaren sustraietako eulia eta, batez ere harra. Azken honek ikaragarrizko txikizioak egiten ditu, batez ere itsasaldeko sailetan eta uda bero lehorretan. Azak erasotzen duen harra, tximeleta zurizta batek jartzen dituen arrautzetatik dator. Hori-laranja kolorekoak dira hauek. Zaindu eta hostoetan zuloak ikusten hasi ordurako “Bacyllus thuringiensis 24” sendabide naturala erabili. Gutxi diren artean eskuz zanpatuz ere arrastoan sartuta ederki eutsiko dituzu.
Gaitzetan, mildiuak eta enborreko herniak erasotzen ditu.

Nor norekin

Arazo berak dituztenez... aza jendearen koadrila:
Eulia eta harraren tximeleta uxatzeko aldamenean jarri kamamila, erromeroa, salbia, ezkaia, menta, baba, ilarra, baratxuria eta apioa.
Babarrun motzaren artean aldatu. Lurra nitrogenoz aberastuko du eta azaloreak ederki baliatuko du. Babarruna kentzean nahikoa toki geratuko zaio hotzen aurretik hazteko.
Ez marrubi, ez patata, ez tipula ez ditu ikusi ere egin nahi.

 

Trikimailuak

Udazken-negurako bezala neguaren amaian aldatu eta udarako azaloreak izan ditzakegu. Hauekin ur eskasiaren arazoa areagotu daiteke, adi izan eta ureztatu.
Neguan izotzetik eta udan eguzkitik babesteko buruaren ondoko hosto batzuk tolestatu eta bere gainera okertu; behar izanez gero lotu. Baita lorea garbiago egoteko ere.
Aldatzerakoan buztina, simaur apur bat eta ura nahastuta egindako lokatzetan busti sustraiak, alde ederrean itsatsiko da.
Udaberrian azaloreak jaten ari garela, tartean hirusta, pagotxa edo alpapa erein dezakegu. Hurrengo barazkientzako lurra ongarrituko du.

 

"Azalorea unibertsitatean eskolatutako aza besterik ez da". Mark Twain. 

atzera

Erlazionatutako jakingaiak

Ez duzu maiteko baina berak zainduko zaitu
Udaberri usainean gara eta hasi zaizkigu iristen gibela garbitzeko tratamendu miragarriak, belardendako erakuslehioan edo sare sozialetan azken egunotan detox hitza da gehien irakurtzen dudana. Denak... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora