Ekofeminismoak ekologismoa eta feminismoa artikulatzen dituen begirada eta borroka proposatzen ditu. Horrek irekiera interesgarria dakar, ekofeminismoaren garapenaren zati handi bat ardatz izan duena. Hala ere, irekitasun horrek erronkak eta konplexutasunak ere zabaltzen ditu, eta uste dugu horietan sakontzea beharrezkoa dela ekofeminismoaren ahalmen eraldatzailea zabaltzeko. Horregatik, ekofeminismoan egon daitezkeen pribilegioak eta gerta daitezkeen absentziak eta zapalkuntzak aipatzera gatoz.
Alde batetik, garrantzitsua iruditzen zaigu pertsonen eta herrien arteko pribilegioak kontuan hartzea. Ildo horretan, ekofeminismoak bere egiten ditu emakumeek* bizitzaren eta lurraldeen alde egiten dituzten borrokak, izan sorgin, indigena, nekazari, hindu, latino, migratu edo euskaldun. Hala ere, Yuderkys Espinosak ulertzen laguntzen digunez, emakume* horiei eta haien lurraldeei eragiten dieten modernitate kapitalista, arrazista eta kolonialarekin zerikusia duten baldintza historiko geopolitikoak modu argiago eta sendoagoan txertatzea falta da. Ezin dugu ahaztu ekofeminismoa modernitate horren barruan sortu zela eta, beraz, kritikatu nahi duen gauza bera egin dezakeela. Eta, ezin ukatu, ekofeminista gehienak Europako zuriak edo haien ondorengoak garela Abya Yalan, eta leku pribilegiatu horretatik analisi partzialak, folklorizatuak, esentzializatuak edota testuingurutik kanpokoak egiteko joera dugula. Hori saihesteko, proposamena zera da: emakume* eta herri borrokalari gisa batzen gaituenaz gain, zapalduak eta pribilegiatuak izateak bereizten gaituena begiratzea, gure erantzukizuna hartu ahal izateko.
Bestalde, uste dugu pertsonen eta gainerako izaki sentitzaileen (sentitzeko gaitasuna dutenen) arteko pribilegioetan ardura hartu behar dugula. Bizitza erdigunean jarri nahi badugu, begirada zabaldu eta animalia guztien bizitzak kontuan hartu behar ditugu. Gizakiok guztiaren erdigune garen ikuspegi antropozentrikotik sentsozentrikora igarotzea, non gizakien bizitzak ez dauden gainerako animalien gainetik, eta helburua denentzako bizitza ona lortzea den, animalia esplotaziorik gabe eta espeziean oinarritutako zapalkuntzarik gabe (antiespezismoa). Pertsonen arteko zaintza negozioa izan ezin daitekeen bezala, zaindu ditzagun beste espezieak (behiak, ardiak eta txerriak, besteak beste), haien bizitzei etekina ateratzeko helbururik gabe. Bide horretan, guztion artean (baserritarrak, landako eta hiriko jendea, aktibistak, eta abar) inoren bizitza ustiatzen ez dituzten proposamenak asmatu eta praktikan jarri behar ditugu, agroekologia antiespezista, esaterako.
Laburbilduz, ekofeminismoaren ahalmen eraldatzailea areagotzeko, gure pribilegio indibidual eta kolektiboen ondorioez jabetzea proposatzen dugu, erreproduzitzen ez jarraitzeko. Horretarako, lagungarri izan dakiguke beste proposamen eraldatzaile batzuekin elkarrizketa eta kutsatzeetan sakontzea, hala nola antiarrazakeriarekin, feminismo dekolonialarekin eta antiespezismoarekin, eta, aldi berean, intersekzionalitatea erdigunean jartzea pribilegio eta zapalkuntzen arteko interkonexioetan sakontzeko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545