Ekologismoak eta feminismoak. Modernitatean eraikitako pentsamolde, praktika eta mugimendu sozial askotarikoak, planetan zehar dabiltzan hainbat herriren antzinako esperientziekin etengabe berrelikatuta. Inguratzen eta zeharkatzen gaituen munstroaz jabetzeko heldulekuak, eta gure artean basabideak marrazteko uzta partekatua.
Ekofeminismo hitza Francoise d´Eaubonnen 1974ko Le feminisme ou la mort testuan irakurri dezakegu, eta bertan dio arrazoiketa sinplea dela: Feminismoa edo heriotza. Eta argudiatzen du: “Gaur egungo mundua salba dezakeen mutazio bakarra botere maskulinoaren 'inbertsio handia' da, nekazaritzako gehiegizko ustiapenaren ondoren industriaren hedapen hilgarria dakarrena. Ez da 'matriarkatua', noski, edo 'emakumeen boterea'; emakumeen eskutik boterea suntsitzea baizik. Eta, azkenik, tunelaren amaiera: munduaren berdintasunezko kudeaketa, birsortzeko (eta ez hainbeste 'babesteko', oraindik ere lehen olatuko ingurumen-zale atseginek uste duten bezala)”.
Oinarri erradikal hori askotariko begirada ekofeministekin osatzen joan da. Korronte ugari, baina funtsezko premian batzen direnak: emakumeen* zapalkuntza eta naturaren suntsipena egituratzen duten logikek harreman estua dute, heteropatriarkatua. Zapalkuntza berezitu eta anitzen eskutik, lurraldeen eta bizitzen gaineko dominazio-sistema eraikitzen du heteropatriarkatuak, modu integralean: maila ekonomiko, sozial, politiko, kultural eta sinbolikoan.
Dominazio-sistema integrala inguratzen eta zeharkatzen gaituen munstroaren umetokian sortzen da. Familia, ugalketa, ahaidetasun eta sexu/genero sistema normatiboetatik harago joatea proposatzen digu Donna Harawayek munstruoaren umetokiaren metaforarekin, eta eraikita ditugun zenbait kontzeptu eta bizipen errotik iraultzera garamatza; hainbat dikotomia (natura-kultura, gizon-emakume, arrazoia-emozioa, gizaki-izaki, burua-gorputza…), hainbat kontzeptu: espezie, familia, lurraldetasuna, teknologia, ekonomia, desira, beharra, lana… Ekofeminismoak hauek guztiak problematizatu eta lurreratzeko abagune sakona dira, lur beltza.
Begirada zorroztean, baina, akaso ekofeminismo gisa izendatuak izan ez diren praktika eta gizarte mugimenduak identifikatu ahal ditugu, modernitatearen parte ere ez diren zenbait. Horiekin solastu eta harilkatzean dominazio-sistemaren zabaltasuna agerian utzi eta dikotomia gehiago kolokan jartzeko aukera eskainiko digu. Begirada fintzeak iparrorratzak ere zorroztuko dizkigu, mendebaldeko termino eta moduetan ibiltzen garelako maiz.
Ekofeminismoa Euskal Herrian harilkatzeko asmotan hainbat hausnarketa ekarri nahi ditugu hilabetero zutabe honetara; arnas luzeagoko analisietatik, gabezietatik, erronketatik, egunerokotasunetik, irakaspenetatik. Munstroaren umetokian moldagaitzak eta imajinaezinak egiten zaizkigun ahaidetasun eta bestelako figurazioak sortzeko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545