Tximeleta dabil urrian, gauza txarren bat dator

Zainzuriaren puntta berriko kakalardoa

Apopilo berriak ditugu etxean. Berriak izaki gozo-gozo hartu ditugu, ezagutu ditugun arte!

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2022ko uztailaren 20a
Zainzuriaren kakalardoa, har fasean.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Gure baratzeko txoko kuttunenetako batean hartu dute ostatu: zainzuridian. Etxean urteak dira urtarrilean hasi eta ekaina etorri arte zainzuriak (Asparagus officinalis) jaten ditugula. Eguna luzatzen ari den urte garai ia osoan gutizia ederra dira, bildu eta zartagira.

Bada aurten azaldu zaizkigu apopilo berriak. Horiek ere zainzuria gustuko. Crioceris dute grazia, zehatzago Crioceris asparagi: zainzuriaren kakalardo arrunta. Lehengo zainzuridiaren aldamenean beste hiru berri landatu ditugu aurtengo udaberrian, eta moztu berri dudan ezkerreko hankako behatz txikiko azkazal puntta jokatuko nuke landare horietan ekarri dugula ditxosozko kakalardoa.

Ez da batere makala, ez du edozer gauza jaten, soilik zainzuria! Ez uraza (Lactuca sativa), ez zerba (Beta vulgaris), ez tipula (Allium cepa), ez porrua (Allium porrum). Zainzuria eta besterik ez. Zer luxuzale, ahozuri!

Hasieran saiatu nintzen beraien laguna egiten, Nafarroako garaiko gaitzen eta izurriteen berri ematen duen asteroko buletinean ikusi eta ezagutu nuen arte. Aho zabalik, lerdea daridala geratu nintzen ustez laguna egin nahi nuen aparejuaren berri zehatza jakin nuenean. Kalte latzak eragiten ditu, batez ere zainzuridi gazteetan, gureetan, adibidez.

Laster hasi nintzen han eta hemen bere berri bila. Europa eta Amerikako zainzuriaren izurrite zabalduena da. Maiatz aldera hasten dira mugitzen: hostailarik bada, jaten, estaltzen eta arrautzak erruten. Eme batek 80-90 arrautza jarriko ditu. 3-10 egunera ireki eta harrak aterako dira; horiek 10-15 egunez jan eta jan besterik ez dute egingo. Nahikoa gizendu eta heldu direnean, bere burua lurrera botatzen dute; hor azalean ezkutatuko dira. Aste pare batera kakalardo helduak azalduko dira. Hiru bat belaunaldi izaten dira urtero. Harrek eta kakalardo helduek zainzurien kimu berriak eta hosto orrazkarak jaten dituzte. Eta, harritzekoa, puntta berriak gustatzen zaizkie: goxoenak, xamurrenak. Puntta berriak janda hazkundea kaltetzen da, batez ere landarearen lehen urteetan.

Eguneroko lana hartua dut bere berri izan eta gero: harrak eta kakalardoak bildu eta kris-kras. Eta oso polita da kakalardoa, baina…

 

 

 

Zainzuriaren kakalardoa jan eta jan.

 

 

 

 

Ardoa eta azukrea
2026-10-19 | Jakoba Errekondo
Ospatu beharra dago! Azkenaldi honetan ospakizuna ospakizunaren atzetik dugu inguruan. Horrelakoetan etxeko sagardoa nagusi da; dagoeneko upel, bukoi eta barrikak irakiten ari dira, hurrengo urtean... (+)
Babazaletzea
2026-10-12 | Jakoba Errekondo
Bada istilu eta nahaste-borrastea. Bada, izan ere, baba. Noizkoa ote da “baba” izena? Eta zer landare izendatzen zuen lehen hartan? Eta zer landare izendatzen du... (+)
Paisaiaren terrenteria hausten
2026-10-05 | Jakoba Errekondo
Loratu dadin negua. Uztak jasotzen ditugu neguan goseak harrapa ez gaitzan. Kalitatezko elikadurak ez gaitu soilik berdintzen, bizitzeko kilokaloriak ematen. Elikadura on batek soinetik at... (+)
Udazkenari ekiten: urrigiro ereingiro
2026-09-28 | Jakoba Errekondo
Gaurkoan, lanera! Uda azkenak eta udazkenaren hasierak badute garai bitxia izateko nahiko zantzu, aizkomenteko urte arrunt xamarretan, behintzat. Eguzki-mugaren indarrik ez du, baina ekinozioa izateak... (+)
Lurzoruaren osasuna neurtzen
2026-09-21 | Jakoba Errekondo
Tomas Gerrikagoitia Urionaguena Alegria baserriko ziortza-bolibartarrak (1909-1997) ederki asko idatzi zuen herri bereko Zeinke auzoko Goikoetxe baserrira morroi joateko esperientzia eta Arantza eta larrosa. Nire... (+)
gora