Asteroko buletina
Zeru gorputzen mugimenduaz gehiago dakigu hankapean dugun lurraz baino.

Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun aritu dira. Bidean, asko ikasi dute jasangarritasunaz, uraren ziklo eta ekosistemez edota zaborraren inpaktuaz.

Mikel Garcia Idiakez
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi

1980an Irunen jaioa. 2004. urtetik da erredaktore Argian. Gizarte gaiei eta zinemari buruz idatzi ohi du.


2024ko martxoaren 19a
Uste baino zabor gehiago atera dute erreka eta urtegitik (besaulki bat, gurpilak, aulkiak, pila bat botila, lata, plastiko, arropa, zapatila…). Herriko plazan utzi dute asteburuan, jendeak ikus dezan.

Joan den ikasturtean heldu zioten uraren gaiari Garazi eskolan, Agenda 2030en barruan, eta adar ugaritatik heldu diote gainera, bai Haur Hezkuntzako bai Lehen Hezkuntzako ikasleek.

Zenbat ur botatzen du txorrotak?

Besteak beste, ur kontsumo arduratsuaz aritu dira. Hasieran, ikasleek diagnostiko bat egin zuten, eskolako zein eremutan erabiltzen den ura eta zertarako. Jantokia, komuna, ortua, dutxak identifikatu zituzten, eta zenbat ur erabiltzen zuten ere kalkulatu zuten 4 urteko umeek: ortua ureztatzeko adibidez zenbat litro behar dituzten. Zer ikusi zuten? “Eskola zaharkitua da gurea, eta txorrotatik ur pila bat soberan ateratzen da batzuetan, besteak beste pultsadoreak trabatuta geratzen direlako”, kontatu digu Laxia Zubia eskolako zuzendariak.

Lanketa horretatik, bi proiektu eratorri dira. Batetik, epe motzeko soluzio gisa pultsadoreetan bridak jarri dituzte, ura botatzen ematen duen denbora mugatzeko. Bestetik, baratzerako txorrotako ura erabili beharrean, euri ura aprobetxatu daitekeela ondorioztatu zuten, eta horretarako sistema martxan jarri dute jada, udalarekin laguntza adostuta.

"Eskola zaharkitua da gurea, eta txorrotatik ur pila bat soberan ateratzen da batzuetan, besteak beste pultsadoreak trabatuta geratzen direlako"

Uraren lagin bat hartu eta aztertu

Urtegi eta ibaiei lotutako biodibertsitatea ere jorratu dute ikastetxean. Herriko urtegiak, errotak, ur-saneamendua, ur zikinen tratamendua, uraren zikloa, uraren kalitatea eta kutsadura aztertu dituzte, baita horrek guztiak naturan duen inpaktua ere. Legutioko urtegira hurbildu eta bertatik bertara ezagutu dituzte inguruko landare eta animaliak, inbaditzaileez aritu dira, arriskuan dauden edo egon diren animaliez (bisoi europarra, igaraba…). Hainbat hitzaldi ere jaso dituzte, tartean ur agentziakoa eta basozainarena, ikasle baten gurasoa dela baliatuta.

Laginketa bat nola egiten den ikasi dute Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan, eta hala, ikasleek errekako uraren lagin bat hartu dute garbiketa herrikoia egin aurretik eta ondoren.

Errekako zaborra herriko plazara

Eskolatik herrira salto egin eta ikasleez gain bai udala bai herritarrak inplikatu dituen ekimena ere gauzatu dute Legution: errekatik ahalik eta zabor gehien ateratzea, “guztion konpromisoa delako”. Erreka garbiketa herrikoia iragartzeko, kartel lehiaketa egin dute eskolan, herrian zehar jarri dituzte kartelak, eta joan den asteburuan 70 bat lagun elkartu ziren, talde txikitan banatu eta bai erreka bai urtegia garbitzeko. Ur agentziako arduradun baten laguntza ere izan zuten.

Uste baino zabor gehiago atera dutela kontatu digu Eider Quintas irakasleak (besaulki bat, gurpilak, aulkiak, komuneko zatiak, eta pila bat botila, lata, plastiko, arropa, zapatila…). Garbiketaren ondoren, mokadua hartzeko tartea izan dute, eta ekintza gehiagotan errepikatzekotan geratu dira.

Batutako zaborra garbigunera eraman dute, baina hori egin aurretik, plazan utzi dute asteburuan, jendeak ikus dezan. “Inpaktua bilatu dugu, herritarrak kontzientziatu eta sentsibilizatzeko”, nabarmendu du eskolako zuzendariak.

 

"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"
Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin?... (+)
Asfaltozko patioa zuhaitz eta landarez betetako zelai bihurtu dute Lizarrako eskolan
Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek... (+)
Zergatik moztu ditu Jaurlaritzak hogei zuhaitz baino gehiago Barakaldoko institutuan?
20 zuhaitz osasuntsu baino gehiago moztu zituzten Barakaldoko Gurutzeta institutuan, urtarrila hasieran; Jaurlaritzarena da eskumena, baina ez zuen mozketa burutzeko lizentziarik eskatu, udalak adierazi duenez.... (+)
Elikadura nahasmenduak, buruko osasunaren erronka nagusietakoa
Haur eta nerabeen artean (bereziki 12 eta 21 urteen artean), elikadura nahasmenduak lehentasunezko gaitz mental bilakatu dira, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Pandemian nabarmen egin zuten... (+)
Gasteizko Salburuako ikastetxeek sukalde propioa nahi dute, baina Jaurlaritzak ez die bide ematen
Arantzabela, Errekabarri eta Salburua ikastetxeek sukalde propioa nahi dute, auzoko eskoletako jangelak hornitzeko, baina hilabeteak joan hilabeteak etorri, administrazioaren erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute:... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora