San Jeolimo (irailak 30) haragia piper handixakin jateko

Udaberria pozez eta bero

Udaberriari atea irekitzen zion apezak. Aste santuaren ospakizunekin (ospa egiteko modukoak) udaberriko grinak eta odolaren irakinaldiak baretzeko adinako bijilia, barau eta beldurtzeko moduko prozesio beltzak antolatuta. Prozesioetako txano puntadun edo kapiroteetan ezkutatuta izutzen dute udaberriaz gozatu nahi duena. Tontolapikotzat gaituzte. Ordurako ederki dantzatu gara udaberriaren sarreran, udaberria irekitzear dagoen pipitta guri gozo bat denean; tunturro edo txano puntadun eta guzti baina aurpegia bistan, ihauteetan, joare eta guzti, baita Oriako sorgin dantzetan ere. Aldiz, udaberria zailtzen ari denean dator erlijiozaleen aste hori. Garai zahar bateko ospakizunak zanpatzeko eta oinkatzeko, udaberrian sartu eta lehen ilargi beteari itxaroten diote; hortik aste horren mugikortasuna. Nemesio Etxaniz Aranbarri apaiz azkoitiarrak honela azaldu zuen udaberritzea eta elizako intsentsu kiratsaren artekoa bere 1967ko Lur berri billa liburuan: “Aldare ederra urre-argitan / udaberritu da lorez; / intzentsuaren lurrun gozoak / usaitu gaituzte gaiñez”.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko apirilaren 17a
Argazkia: Jakoba Errekondo.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Apezak baino lehenago dakarte udaberria apez-belarrek: apez-belar nerbiozuriak (Arum italicum) eta apez-belar pikartak (Arum maculatum). Martxoero azaltzen dute lurpeko erraboiletatik lorearen gara motza; haren muturrean xut-xutik agertzen da kalaren (Zantedeschia aethiopica) eta bela zuriaren (Spathiphyllum wallissi) loreen tankera duen ezpata edo kordotx formako lili zuri berdexka. Urtero, hilezkor agertzen da eder asko.

Udaberriko gau freskoak berotzera dator apez-belarra edo suge-belarra, aspaldi asmatua du berokuntza sistema. Lorea handia da eta kono forma du. Bere barruan lore emankorrak eta ile antzekoz osatutako itxiturak ditu. Usain erakargarria du intsektu polinizatzaileak erakartzeko eta, harrigarriena, lorearen kordotxak eguzkiaren beroa bildu eta konoaren barruan tenperatura igotzea lortzen du. Nola ez zaizkio ba intsektuak barneratuko: polena, usain gozoa eta berokuntza sistema. Iletxo horiek ez diete alde egiten utziko eta polinizazioa bermatuko da. Ondoren lorearen ezpata ihartuko da, usaina desagertu eta beroa joatearekin batera kartzela ixten duten iletxoak ahuldu eta intsektuek alde egingo dute. Kono barruko loreek emango dute “suge-jana” edo “suge-arto” esaten dioten fruitu multzoa: muturra koxkor gorriz jantzitako gara. Dena pozoitsua, koxkorrak eta hostoak. Lurpeko erraboila ere bai baina ia erabat fekula da eta jateko modua egin daiteke: zuritu eta beratu eta gero labean erreta edo nola-hala berotuta. Berotzeak desegiten du pozoia. Bada erraboila berotu beharrik gabe gustura asko jaten duenik: basurdea. Udaberria usaindu orduko apez-belarrak lorea azaltzen duenean badaki haren oinean lurra uxartu eta zer gutizia azalduko zaion: apezaren erraboilak. 

Babazaletzea
2026-10-12 | Jakoba Errekondo
Bada istilu eta nahaste-borrastea. Bada, izan ere, baba. Noizkoa ote da “baba” izena? Eta zer landare izendatzen zuen lehen hartan? Eta zer landare izendatzen du... (+)
Paisaiaren terrenteria hausten
2026-10-05 | Jakoba Errekondo
Loratu dadin negua. Uztak jasotzen ditugu neguan goseak harrapa ez gaitzan. Kalitatezko elikadurak ez gaitu soilik berdintzen, bizitzeko kilokaloriak ematen. Elikadura on batek soinetik at... (+)
Udazkenari ekiten: urrigiro ereingiro
2026-09-28 | Jakoba Errekondo
Gaurkoan, lanera! Uda azkenak eta udazkenaren hasierak badute garai bitxia izateko nahiko zantzu, aizkomenteko urte arrunt xamarretan, behintzat. Eguzki-mugaren indarrik ez du, baina ekinozioa izateak... (+)
Lurzoruaren osasuna neurtzen
2026-09-21 | Jakoba Errekondo
Tomas Gerrikagoitia Urionaguena Alegria baserriko ziortza-bolibartarrak (1909-1997) ederki asko idatzi zuen herri bereko Zeinke auzoko Goikoetxe baserrira morroi joateko esperientzia eta Arantza eta larrosa. Nire... (+)
Kirofanoko zuhaitza, hil eta bizi bat direnekoa
2026-09-14 | Jakoba Errekondo
Adin nagusiko egin naiz duela gutxi: lehen infartu hartatik bizirik atera, iraun eta bizi; bizitza berrian adindun. Eskerrik asko Miren Telleria Arrieta kardiologoari eta bere... (+)
gora