Idiak esan omen zun: maiatz luzia gosia. Harek eraman zuen nere alabia.

Txorien negarra

Txoriek negar egiten dute. Ez guk bezala, nonahi, noiznahi, mainontzi, edota besterik gabe barruari eutsi ezinik… Ez zait berehalakoan ahaztuko behin Beran gertatua: urtero Ertz musika jaialdi sonatua egiten zen bertan eta tarteka paisaiarekin zerikusia zuen ekitaldiren bat egiten genuen; horietako batean herrian barrenako ibilaldi bat eratu genuen han topa zitezkeen zuhaitz, paisaia, baratze eta abar aitzakiatzat hartuta. Ibilaldia prestatzen bitxikeriarik ere sortu zen; adibidez, herri erdian dagoen Himalaiako zedro (Cedrus deodora) handi baten azpian espaloia konpontzen ari zen kanpotar bat. Zuhaitzaren bueltan nabilela, neure buruari: “Horko hori ez duk ba zuhaitz honen amonarengandik urrun jaiotakoa izango”. Nongoa ote zen galdetu eta pakistandarra. Harrapazank! Zuhaitzaren zainaren lurrekoa! Zuhaitz haren ibilbidea adierazi nion eta emozionatu zen. Xueb du izena eta lagun egin ginen…

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko martxoaren 20a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Prestatu nuen ibilaldia, beratarren historian zehar landutako paisaiaren inguruan, zuhaitz eta baratze, lorategi eta mendi malkar. Ni, kanpotik etorritako bat, beratarrei bere buruaz hitz egitera nentorren; beraiek zirenaz eta beraien amonek eta amona haien amonek eta amonek egindakoaz interpretazio batzuk ematera. Abiatu gara eta hemen Himalaiako hura, eta baratzeko porruak (Allium porrum), eta errekako haltza (Alnus glutinosa) eta iritsi gara herriko musika eskolara. Hasi naiz bertako haur eta ikasleek sortutako musika entzuten duten inguruko landareei buruz ttalaka, eta ezin ahantzi eskolari izena eman diona: bertako Illekueta auzoko Agramontea etxean jaiotako Isidoro Fagoaga Larratxe, tenor handia. Hari buruzko datu bakar bat eman nahi nuen orduan: Wagnerren operak mundu guztian ondoen kantatzen zituen tenorrak alemaniarrek Gernika bonbardatu zutela jakin zuenean, isildu, kantatzeari utzi eta Euskal Herrira bueltatzea erabaki zuen. Esaten amaitu baino lehen, bisita gidatura etorritakoek inguratuta, malkotan nintzen, bere ahots harien tokian jarri eta nik zer arraio egingo ote nukeen pentsatuz… Eta betiko isiltzea erabaki zuen.

Eta bai, txoriek ere negar egiten dute. Ez nonahi, noiznahi. Arbola jakin batzuen gainean soilik. Fruta hezurduna ematen duten arboletan: muxika edo mertxika (Prunus persica), arana (Prunus domestica), gerezia (Prunus avium), gingondoa (Prunus cerasus), brinoia (Prunus persica var. nectarina) edo paraguaioa (Prunus persica var. nucipersa) ematen duten arbolen enborretan eta adarretan. Arbola horiek zauri bat duten tokian izerdi mordoa jariatzen dute eta airearekin gatzatu edo gogortu egiten da; anbar kolore argi ederreko muki tankera hartzen du, tarteka handia eta deigarria. Negar egin duen txoriaren malkoak dira euskaldunontzat. "Txori-negarra" esaten zaio. "Txori-muki", "txori-ezti", "txori-kandela" eta "txori-minger" ere bai.

Nafarroako eta Lantarongo intxaurrak
2026-11-02 | Jakoba Errekondo
Duela ehunen bat aste izan zen. Urte pare bat bada Agur intxaurrondo, agur izenekoa idatzi nuela orri honetan bertan. Hartan nioen urak Atlantikora isurtzen ditugun... (+)
Asko ez da beti aski
2026-10-26 | Jakoba Errekondo
Bizi da ala hil da? Nola jakin aurtengo beroaldi eta lehorraldi gordin eta mokor hauen ondoren ihartu den arbola bat hil den ala bizi den,... (+)
Ardoa eta azukrea
2026-10-19 | Jakoba Errekondo
Ospatu beharra dago! Azkenaldi honetan ospakizuna ospakizunaren atzetik dugu inguruan. Horrelakoetan etxeko sagardoa nagusi da; dagoeneko upel, bukoi eta barrikak irakiten ari dira, hurrengo urtean... (+)
Babazaletzea
2026-10-12 | Jakoba Errekondo
Bada istilu eta nahaste-borrastea. Bada, izan ere, baba. Noizkoa ote da “baba” izena? Eta zer landare izendatzen zuen lehen hartan? Eta zer landare izendatzen du... (+)
Paisaiaren terrenteria hausten
2026-10-05 | Jakoba Errekondo
Loratu dadin negua. Uztak jasotzen ditugu neguan goseak harrapa ez gaitzan. Kalitatezko elikadurak ez gaitu soilik berdintzen, bizitzeko kilokaloriak ematen. Elikadura on batek soinetik at... (+)
gora