Astelehenero 8:00etan zure epostan
Bizi Baratzea Orriaren hirugarren zenbakia prestatzen ari ginela sortu zen eztabaida Dani Blanco argazkilaria eta bion artean. Koloreen arabera sailkatu behar sendabelarrak, eta berdera iritsitakoan arazoak: ezin adostu berde argitik ilunerako hurrenkera. Gaitzerdi Maitane Gartziandiak maketatu zuela eta berak aurkitu zuela adostasun puntua, ohi gisa. Geroztik, berdearen ugaritasuna eta aniztasuna ondo ikusten ba ote dakigun, galdera gelditu zitzaidan barruan.
Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea
Hitza bakarra baita eta hemen dago arazoa, polisemiarik zabalena onartuta ere, berde hitzaren barruan barnebiltzen den guztia ezin duela hitz batek adierazi. Begietatik sartzen zaidana mundu oso bat baita, mundu berde oso bat, eta hitz bakarra motzegia zait. Alegia, zergatik ez ditugun guk ere, inuitek elurrarentzat berrogeita hamar hitz omen dituzten bezala, beste hainbeste hitz berdea den hori dena adierazteko.
J.R.R Tolkienek The Hobbit liburuan idatzi zuen: "One morning long ago in the quiet of the world, when there was less noise and more green" (aspaldiko goiz batean, munduko isiltasunean, zarata gutxiago eta berde gehiago zegoenean), eta nahita dakart hona. Behinola, zarata gutxiago eta berde gehiago zegoen mundu hartan, berdea adierazteko nire moduko arazorik baten batek izan ote zuen ikusteko asmoz. Batzuk adjektiboekin, besteek konparazioekin eta baita poesiarekin ere, ahalegin bat da ikusten dudana.
Eusebio Erkiagak zelai ta soloen berde-nabarra aipatzen du. Kantauriako ur ugariak berde illunez jantzirik egozan, dio Txomin Agirrek, itsasoari ere berdea ikusiz –ni ez naiz inor itsasoaz ari den ondarrutar bati kontra egiteko–. Manuel Larramendik, berriz, berdilluna eta berdebeltxa erabiltzen ditu; lexikografo irudimentsu bati beti izan behar zaio errespetua. Felipe Arrese Beitiak Mendi basook ta larrak, / Soñeko berde euskaldunakaz / Jantzi daitezan dandanak idatzi zuen eta ederra da soinekoaren irudia mendi eta basoentzat, baina soineko berde euskaldunagaz ea nor janzten duen gaur, hori zer den ere agian ez dakigunean. Gari-soro galantak badaude berde-berde, dio Txomin Garmendiak eta berak bezala Jean Etxeparek ere: Pentze-zolak berde agertzen zaizkigu, artho-alhorrak musker. Begiak itxita entzunda zenbat berde mota ikusi dituzue?
Etxeparek musker esatea lagungarri zait oso, niretzat musker esatea baita berde esateko era jakin bat. Musker kolorea arreta handia erakartzen duen kolorea baita, oso litekeena, gainera, pozoitsua izatea. Perretxikoei, igelei, apoei eta pertsonei ere aplikatu ahal zaie beldurra eragiteko gai den berde klase hau. Aspaldi, artean gazte eta berde nintzela (Bernardo Atxaga) ikasitako lezio bat.
Berdea sendagarri bikaina dela esanez amaituko dut: alemanieraz waldmedizin (basoko medikuntza), ez dago hobeto esaterik. Toribio Etxebarriak Uda-barriko ostruen berde barrixa, neguko tristurak urrintzeko onena dela dio eta ezin adosago nago. Txikori-belarra (Taraxacum officinale), asuna (Urtica dioica), asun borta (Lamium maculatum), ziabelar latza (Galium aparine) eta horma-belarra (Parietaria judaica) zopa edo saldatan jan ditzakegu. Sendabelar bakarra aukeratu eta tipula, baratxuri, azenario eta apioz lagunduta egosi lege bat eman ordu erdiz, eta utzi beste ordubetean beratzen. Egunean bi katilukada edatea tratamendu ederra da udaberriko berdeen indarrak bereganatu nahi dituenarentzat.
Okasiyuan hasten danian / jartzen da berde-berdia. Txirritak erakutsi zigun berdeak barruak lasaitzeko ere balio duela, behazuna metatu zaionaren plantari erreparatu bestela.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545