Asteroko buletina
Euria eta eguzkia, martiko eguraldia.

“Traktoreekin atera diren asko ados egongo dira gure proposamen batzuekin, baina desintentsifikazioarekin ez”

Traktoreek kaleak hartu dituzte, eta erakundeak eta herritarrak interpelatu gaituzte. Gai hori lantzeko Etxalde mugimendukoa den Gotzone Sestorain elkarrizketatu du Eli Pagolak Egonarria saioan. Honek azaldu ditu laborantzako arazoaren muinean zer dagoen, eta kalera atera dena "koktel" bat dela, oso aldarrikapen ezberdinak dituena. Bere hitzetan, laborantza ereduari buruzko eztabaida bat eman behar du gizarteak, krisitik ateratzekotan. 140 eragilek Nafarroako Gobernuari aurkeztu dizkioten proposamen zehatzak ere azaldu ditu, zeinaren helburua den laborantza desintentsifikatzea eta agroekologiara bidea egitea.


2024ko otsailaren 21a

Gotzone Sestorainen hitzetan, traktoreen protesta "koktel bat da, aldarrikapenez betetako eltze bat, eta nik uste dut mugimendu horietan parte hartzen ari den jendea era askotakoa dela. Nafarroakoan traktorista handiak badira, etxalde handiak dituztenak; baina baita ere hurbiltzen ari dira abeltzaintza estentsiboan dabilen jendea, eredu iraunkorragoetan, ekologikoan ari den jendea... denetatik. Sekulako nahaste borrastea dago. Argi dago badagoela haserre orokor bat, ezinegona. Bizitza duin bat eraman ahal izateko nekazartitzatik gero eta zailagoa da. Baina hau ez da oraingo kontua, hau da aspalditik datorren zerbait".

Elkarrizketa osorik ikusentzutea gomendatzen dizut, irakurle, alferrikako esaldi bakar bat ere ez du -eta:

Zein dira oinarrian dauden arazoak?

Sestorainek gogoratu du hemengo laborantza azken hamarkadetan Europako Nekazaritza Politika Bateratuak gidatu duela eta honek laborantzaren eredu produktibista edo industriala bultzatu duela: "Urte askotan saldu digute ongi bizitzeko eredu produktibista jarraitu behar genuela. Hau da, asko eta merke ekoiztu behar genuela. Hori da behin eta berriz zabaldu digutena. Batzuk sartu dira bide horretan, beste batzuk saiatu gara horri ihes egiten edo bide alternatibo batzuk lantzen.... Baina zein da kontua? Gaur egun ekoiztea gero eta garestiagoa dela, eredu horretan erregai fosilekiko izugarrizko menpekotasuna dagoelako, eta kanpo insumoekiko ere bai: izan ongarri kimikoak, izan pestizidak, edo abeltzaintzan kanpoko pentsuen dependentzia. Hori garestitzen joan da, batetik, merkatu espekulatibo bat dagoelako, eta bestetik lehorteak egon direlako tartean, beste arazo geoestrategiko batzuk ere bai (Ukrainako gerra) eta horrek ekarri du are gehiago larritzea jende askoren egoera. Horri gehitu behar zaio Europako Nekazaritza Politika Bateratuak dakarren burokrazia karga guztia".

"Sistemak goia jo duela" azpimarratu du, Jenofa Berhokoirigoinen ARGIAko artikulua aipatuz: " Europako Nekazaritza Politika Bateratua asmatu zen ustez, helburua zen elikadura segurtasuna bermatzeaz aparte kontsumitzaileak elikagai merkeak izatea, eta gaur egun ikusten ari gara hori ere ez dela betetzen. Eta nekazariok bizi baldintza duin batzuk izatea, eta hori ere ez da betetzen".

Beste elementu hauek ere nabarmendu ditu: "Eredu honek ekarri dituen ondorioak ingurumen arloan. Lurrak antzututa daude, urak kutsatzen ari dira, bultzatu diren sistemek ur kontsumo ikaragarriak behar dituzte eta horri gehitu zaizkio larrialdi klimatikoa, biodibertsitate galera eta horiek guztiak".

Erakundeek saihesten duten eztabaida, eta agroindustriak kapitalizatzen duen mugimendua

Sestorainek argi du irtenbidea: "Momentu hau erabili behar da benetako azterketa eta eztabaida emateko". Gizarte mailan erantzun beharreko galderak zein diren zehaztu du: "Zer elikadura eredu nahi dugu gure herriarentzat? Hori da lehenbiziko galdera. Eta bigarrena, elikadura eredu horri lotuta: ze nekazaritza eredu nahi dugu? Horri zintzoki erantzun beharra diogu". Baina Sestorain penetan da "ez gaudelako oraindik momentu horretan, zeren eta ikusten ditut hemengo instituzioak partxeak jartzen. Ea nekazariei zer goxoki eman pentsatzen, beren kexuak alde batera utzi ditzaten. Betikoan jarraitu dezagun, deus ere edo gauza handirik mugitu gabe".

Eztabaida hori saihesten den bitartean, Sestorainen ustez, traktoreen protesta "kapitalizatzen ari den indarra agroindustria eta agronegozioa da". Azaldu duenez, "Europan eman den eztabaidaren ondoren, ikusten zen eredua goia jotzen ari zela, eta norabide aldaketa baten abiapuntuan geunden. Hor kokatzen dira Baserritik mahaira estrategia edo biodibertsitate estrategia bezalakoak, eta hainbat aldaketa proposatzen ziren, ingurumen arloan zuzenketa batzuk emateko". Sestorainen hitzetan, aldaketa horiek gainkarga bat ekartzen dio nekazariari eta honetaz baliatzen ari da agroindustria, "bere aldarrikapenak eta presioa sartzeko". Horrela ulertzen da Europak traktoreen presioaren aurrean onartu duen lehen neurria pestiziden erabilera %50era mugatzea zekarren araua aldatzea izan dela.

Nafarroan 140 eragilek sinatu duten manifestuan Nafarroako Gobernuari eskatu diote Europako Baserritik Mahaira estrategia martxan jartzea. Baina Sestorainek nabarmendu du "pedagogia egin behar dela eta hori ezin dela baserritarraren esku utzi". Izan ere, hainbeste urtean sektorea ohitu denean norabide batean lan egitera, eredua aldatzeko bidelaguntza behar dela azpimarratu du: "Beharrezkoak dira akonpainamendua, formakuntza, diruz lagundua izatea... orain artean Nafar Gobernuak ez du jarri bitartekorik helburu horiek lortzeko”. Manifestuan 60 neurri zehatz proposatu dituzte “nekazaritza eta abeltzaintza industrialari berehala muga jartzeko eta desintentsifikazio prozesua abiatzeko". Abelburuak 2050era begira erdira gutxitzea jarri du helburu manifestuak. Sestorainen ustez, duten zailtasunik handiena hauxe da: "Ea nola lortzen dugun gizartea, nekazariak eta erakundeak horrelako aldaketa baten alde jartzea. Errepidera traktoreekin atera diren asko eta asko ados egongo dira proposamen batzuekin, baina desintentsifikazioarekin ez. Eta indar korrelazioak ez ditugu alde: proposatzen dugun neurrietako bat da azokak indartzea. Udalak alde ditugun herrietan erraz egin daiteke, baina Lizarran adibidez arazo handiak ditugu honekin”.

"Bertako beharrak asetzeko ekoiztu behar dugu nekazariok, ez merkatu global horretarako"

Egonarria saioan zehar, merkatuan eman den liberalizazio prozesua salatu du Sestorainek: merkataritza askeko itunak batetik, eta merkatu mailan eman den desarautze prozesua bestetik. "Bai Euskal Herrian eta bai Europan eragile batzuk eskatzen ari garena da elikadura ateratzea merkataritza libreko itun horietatik guztietatik". Merkataritza libreko itunek dakartzaten ondorioen adibidea jarri du, bera artzaina den aldetik: "Zeelanda Berritik ekartzen badute ardikia edo esnekiak, hemengoa baino askoz prezio baxuagoetan ekarri behar dituzte. Horrek dakar hemen merkatuko prezioak erabat jaistea, hondoratzea, eta ondorioz abeltzainari ez pagatzea kostuen araberako prezio bat. Hori da dumping-a esaten dena, eta guk ere eragiten diegu beste herrialde batzuei, hemendik ere asko esportatzen delako. Hori merkataritza askearen ondorioa da, horregatik esaten dugu elikadura merkatuetatik atera behar dela eta elikadura burujabetzaren bidea garatzen hasi behar dela. Bertako beharrak asetzeko ekoiztu behar dugu nekazariok, ez merkatu global horretarako”.

 

 

 

Amillubi proiektua hasia da konponketa lanak, landaketak eta formazio saioak egiten
2024-07-12 | Estitxu Eizagirre
Zestoako Iraeta auzoan, Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lurrak. Horiek modu kolektiboan erosteko dirua biltzen ari da Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkartea.... (+)
Nola biziberritu herriko azoka? Bergarako esperientzia
2024-06-19 | Estitxu Eizagirre
Bergaran Elikadura Mahaia martxan dute eta bertatik hainbat ekintza ari dira aurrera eramaten herriko azoka indartzeko eta baserritarren erreleboa lantzeko. Elikadura Mahaiko kide dira Jon... (+)
"Urtez urte olagarroa gutxitu egin da, zerbait gertatzen da itsasoko urarekin, hori argi da"
2024-06-07 | Estitxu Eizagirre
Manuela Jauregi arrantzalea da eta duela 25 urtetik hona, bere senarrarekin batera olagarroa eta eguneko arraina harrapatzen aritzen da Getarian, Manuela itsasontzian. Mattin Jauregirekin mintzatu... (+)
Amillubi proiektuak lehen helburua gainditu du, herritar eta eragileengandik 180.000 euro batuta
2024-05-31 | Estitxu Eizagirre
Zestoako Amilibia baserria eta bere lurrak eskuratzea eta bertan elikadura burujabetzari loturiko laborantza proiektu agroekologikoak martxan jartzea; horixe du helburu Biolur elkarteak. Horretarako, besteak beste,... (+)
Europako laborantza politika ulertzeko klase magistrala Iker Elosegiren eskutik
2024-05-31 | Estitxu Eizagirre
Euskal Herriko Laborantza Ganbarako koordinatzailea mintzatu da Egonarria saioan. Laborantzako eredu talkaz hitz egitean eta traktoreak kalera atera direnean, beti aipatzen da ditxosozko erderazko "PAC"-a,... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora