Zorroan abarrots asko, baina intxaur gutxi

Komunitatean hitz egin eta kultura sortu, haize-erroten aurrean

Komunitatea bildu, pilpilean dauden gaiez hitz egin, informazioa trukatu eta beste herrien esperientziak ezagutzea da herritar kritikoek egiten duten lehen ekintza, makroeoliko bat herrian jarriko diotela jakiten duenean. Halaxe egingo dute martxoaren 13an Andoainen: mendi taldeak antolatuta, "Makroeolikoak, zertarako?" hitzaldia emango dute Urumeako Mendiak Bizirik herri ekimenak eta Ezkeltzu Bizirik taldeak. 

Denborarekin kultur sormena aktibatzen dute, kontzientziak pizteko erreminta gisa, gainera datorkien makina-tzarraren aurrean ez isiltzeko deliberamentuz, edo batek jakin zergatik. Egunpasa kultural biribila antolatu dute martxoaren 15ean Aranon: Vidas irrenovables dokumentala ikusi ostean aerosorgailuen kokalekura mendi buelta eginda musikaz gozatuko dute eta arratsaldean Aitor Mendiluze eta Julio Soto arituko dira bertsotan balkoitik balkoira. Aranoko Xabier Legarreta bertsolariaren Oraingo haizeak sorta ekarri dugu artikulu honetara.


2025eko martxoaren 11
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Andoainen Buruntza mendian hiru errotako zentrala jarri nahi du Haizie enpresak. Andoain, Urnieta eta Lasarte-Oriako udalerriei eragingo die. Herritarrak informatzeko, "Makroeolikoak, zertarako?" izenburupean mahai-inguru antolatu du Euskalduna Mendigoizale Elkarteak. Urumeako Mendiak Bizirik herri ekimeneko kideek eta Ezkeltzu Bizirik taldekoek hitz egingo dute bertan. Martxoaren 13an izango da, 19:00etan, mendi elkartearen egoitzan: kale Nagusia 31.

Aranoarrek egin duten montajean irudikatzen da non joango liratekeen makroeolikoak kokatuta.
Egun osoko egitaraua Aranon: Vidas irrenovables dokumentala, erroten lekura ibilaldia...

Euskal Herriko makrozentral eoliko handiena Urumeako mendietan dago proiektatuta, Adarra-Mandoegiko parajeetan, Hernani, Arano eta Goizuetako lurretan: 15 aerosorgailu jarri nahi ditu Repsolek bertan.

Herritarrek Urumeako Mendiak Bizirik taldea jarri dute martxan eta Aranoko udala ere hasieratik azaldu da proiektuaren aurka, "herriaren biziraupena bera kolokan" ikusten baitu, proiektu hori aurrera eramango balitz. "Eolikoen enpresak harroago datoz herri txikietara" azaldu zuten, Urko Apaolaza kazetariak ARGIAn egindako elkarrizketan. Martxoaren 15erako egun osoko egitaraua prestatu dute:

11:00etan emango diote hasiera, Vidas irrenovables (Bizitza ez-berriztagarriak) dokumentala ikusiz. Bertan egongo da dokumentalaren egile Francisco Vaquero bertan izango da. Dokumentalaz eta egileaz jakiteko, hemen bere elkarrizketa.

Ondoren, 12:30ak aldera, aerosorgailuak jarri nahi dituzten kokalekuetara mendi buelta egingo dute. Ibilaldia Burningo bordan bukatuko dute, pintxoak janaz eta Joseba Tapia, Jon Mari, Izer eta Alabier soinu-joleek girotuta.

Herrira kalejiran itzuliko dira eta 18:00etan Aitor Mendiluze eta Julio Soto arituko dira bertsotan, balkoitik balkoira.

Oraingo haizeak

Bertso sortaren egilea: Xabier Legarreta

Aranoko Miaxiria aldizkarian argitaratuak

 

1)

Haize erroten gaiaz

hasiko bagina

etxean tokatzean

ez da atsegina

ginarra ikutzean

hartzen denez mina

bertso hauetan doa

nire ahalegina

ea zenbatek duten

iritzi berdina

 

2)

Repsolen proiektua

zertarako hauta?

Gure hondamendia

da beraien mauka

hemengo politikak

aupa eta aupa

haize erroten gaiak

kezkatuta nauka

prozesutik hasita

garbia zer dauka?

 

3)

Bizimodu bat eta

kultura batera

hau al da inguru bat

suntsitzeko era?

Aurki egingo digu

goizetik gauera

politikarekiko

konfiantzak behera

denek hartzen badute

jokabide bera.

 

 

4)

Gure plazatik bistan

jarri nahi dituzte

dirua daukatenek

nahiz horrela uste

hemen ez gaude salgai

hiru xoxen truke

argia egiteko

helburua dute

baina guri itzala

egingo liguke.

 

5)

Zergatik Leunetara

ta Mandoegira

elize erraldoiak

jira eta bira?

Ura besterik ez den

lekua hori da

baina zentralak eta

presak ixten dira

bada zer ikasia

atzera begira.

 

6)

Hemen maiz ikusten da

euria iristen

erreketatik ura

barra-barra jaisten

nolatan ari diren

zaila da sinisten

hidroelektrikoak

ta presak eraisten

ez dagona asmatzen

ta dagona ixten.

 

7)

Jentilen denboratik

leku miretsia

nahi da hormigoiz eta

burniz irentsia

ondorengoek a ze

ezin sinetsia

hau al da utzi behar

zaien herentzia?

Jaso genuenetik

ze diferentzia!

 

8)

Hauei berdintsu die

trikua nahiz hartza

bertako ondarea

ta herriko martxa

guretzat ondorio

larriak dakartza

akabo Burnin buru

eta Garagartza

Arano ez da nonbait

Kontxako hondartza.

 

9)

Askotan harritzen nau

politikoenak

molde berean egin

al dituzte denak?

Badakite bilatzen

ezkongai onenak

interesik badute

segitzen dutenak

ez zun arrazoi faltik

Andres Mitxelenak.

 

10)

Aranok maite ditu

bere baserriak

Historia-aurretik

dauzkan hilerriak

bertan jaiotakoak,

etorri-berriak,

ez ditzagun bazkatu

betiko txerriak

eta zer diozue

ondoko herriak?

Bermeo, Meñaka eta Arrietako landa-guneetatik 500 metrora egin nahi duten Sollube-gane proiektu eolikoaren aurkako alegazioak aurkeztu dituzte
2025-11-11 | Estitxu Eizagirre
Sos Sollube herri-plataformak Sollube-gane proiektu eolikoaren aurkako 3.000 herri alegaziotik gora aurkeztu ditu azaroaren 10ean Bilbon, Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren aurrean. Grupo Arena enpresak... (+)
ARGIA eta Bizi Baratzea Lurraman egongo dira asteburu honetan
2025-11-05 | Estitxu Eizagirre
Azaroaren 7tik 9ra Miarritzen ospatuko du bere 20. edizioa Lurrama laborantza herrikoiaren aldeko bestak. Aurten herrialde gonbidatua Euskal Herria da eta ARGIA eta Bizi Baratzea... (+)
Buruntza zentral eolikoa ez eraikitzea erabaki du Mendiko Haizie enpresak
2025-11-04 | Estitxu Eizagirre
Buruntza mendian hiru haize errota handi eraikitzeko administrazio baimena eskatu zuen 2024ko abenduan Mendiko Haizie SL enpresak. Andoain, Urnieta eta Lasarte-Oriako lurrei eragingo zien proiektuak.... (+)
Baserritar Bilgunea sindikatu berria: "Lehen sektoreak bat egin beharko luke lurraldearen defentsan"
2025-11-03 | Estitxu Eizagirre
Baserria bizibide duten 50 inguru baserritar, artzain, abeltzain eta nekazari elkartu dira Donostian azaroaren 1ean, Baserritar Bilgunea sindikatu berria jendaurrean ezagutzera emateko. Jakinarazi dute "lehen... (+)
Barakaldo eta Trapagaran herriei eragiten zien zentral eolikoaren proiektua artxibatu bide du Jaurlaritzak
2025-10-30 | Estitxu Eizagirre
Iparaixe II zuen izena proiektuak eta Aspiravi enpresa belgikarrak sustatua zen. Argalario mendian bost haize errota handi eta "ebaketa zentroa" eraiki nahi zituen. Eusko Jaurlaritzak... (+)
gora