Akerrak baratzan, auzokoak dantzan.

Tomate anderea eta presa kontuak

A zer lanak ematen dizkigun! Txoratzen gaitu tomateak (Solanum lycopersicum). Artaxoakoa dela, edo Tuterako Itsusia, edo Aretxabaletakoa, edo Erandiokoa, pikoluzea, gerezia dela, madari tomatea dela, Igeldo, mendigorria, transgenikoa dela, Eusko Labela dela, idi-bihotza, korta dela, haritza… gero eta barietate gehiago dugu gure baratzeetan. Eta datozenak!

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko uztailaren 01a
Pablo Picassoren Tomatea, 1944an pintatutakoa.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Gure ume garaitan ia ez zen tomatea gordinik jaten. Ordura arte tomatea egindakoa, saltsan jatekoa erabiltzen zen. Soro bazterretan landatzen zen egiteko tomatea, jeneralean madari-tomatea, gaur egun arta-babarrun sailen ertzetan kuiak jartzen diren tankeran, arrastan lurrean zabaltzeko. Gero etorri ziren entsaladan jateko klaseak; eta jaten ere ikasi egin behar. Immigrante espainiarrek erditik ebaki, gatz ttantta bat bota eta koskaka jaten zuten. Guk azukrearekin maniatuta ikasi genuen jaten. Gero etorri zen olio-ozpin saltsa.

Eta egun txoratu egiten gara tomatearekin. Tomate anderea gure baratzeetako erregina buruntzatu dugu. Eta dema zabaldu da. Nork dakar lehen tomatea plazara. Nork erakusten du handiena, kilotik gorakoa. Eta barregarriena, nork darabil trikimailu xelebreena. Denetik ikusten da. Zenbaitek oraindik tomate landarea gorrin gaitzetik itzurtzeko kobrezko haria sartzen dio enborraren oinean aldenik alde. Baratze ez gutxitan landareak erabat hostoz soilduta eta aleak zintzilik dituztela ikusten dira; landareek jakiak sortzeko hostoak nahitaezkoak dituztela ez jakin. Aparteko atala merezi dute apirileko lehen epel haizearekin tomateak landatzen dituzten egonarri gutxiko xaxpiki presatu horiek…

Tomatearekin presaka bazabiltza, aintzat hartu datozen aholku hauek: toki bero eta lehorrena hautatu, horma egutera onena. Kontuz azkarregi landatzearekin eta gehiegi ongarritzearekin: mehe eta luze haz daiteke eta loretarako begi gutxiago sortu. Hautatu goiz loratuko den barietatea, gerezi tomatea, adibidez. Negutegian martxoan edo kanpoan izotz beldurrik ez denean landatzeko asmoa baduzu, erein hazia barru epel batean zortzi aste lehenago; ibili sartu-atera egun batzuetan, kanpora ohitzeko. Lurraren mailatik altxatako taulenak dira landatzeko onenak, gehiago berotzen eta lehortzen dira; simaurra edo luarra, zizare-lurra eta silize harea nahastu lurrari. Azpiak egin txirbilarekin, artilearekin, paper edo kartoi birrinduarekin… Honela lurra epelago egongo da. Inausketa zorrotz egin, hostoaren oineko kimuak azaldu ahala, ttiki-ttikiak direla kendu. Ongarriketa findu; landarea gaztea denean luar-tea, arrain urak, gorbelak eta antzekoak erabili ongarriketa arina baina aberatsa emateko. Nitrogenoarekin kontuz, hosto asko eta ale gutxi dakartza; fosforoak, aldiz, lore eta fruitu gehiago.

Eta Euskal Herri atlantikoan bizi behar badute, gogoan izan: tomateek txapela maite dute. Jarri plastiko gardenezko estalki bat, alboetatik irekia baina euri gogorrak eta ihintza guztiak kenduko dizkiona.

Denak ez ditugu lagun
2026-03-02 | Jakoba Errekondo
Udaberria badoa. Lotsagabe xamarra dela pentsa dezakezu; izan ere, egiten diogun kasu eskasagatik, aspaldi erabaki zuen ez gintuela gehiago agurtuko, ez etortzen denean, ezta alde... (+)
Negu on igaro
2026-02-23 | Jakoba Errekondo
Aurten hotz pixka bat badugu, bejondeigula. Negurako jasotako jakiak gozatzeko eguraldi aproposa. Gaur egun izozkailua eta hozkailua ditugu horretarako erreginak, baina garai batean barazkiak, fruituak,... (+)
Inausketa eta orbaintzeko pasta
2026-02-16 | Jakoba Errekondo
Epaila badator eta zuhaitzen eta arbolen epaiketak, inausketak edo kimaketak egiteko sasoia da. (+)
Bakoitzak bere habia
2026-02-09 | Jakoba Errekondo
Zetazko habiak nabarmenak dira orain, prozesionaria edo pinu-beldarrarenak (Thaumetopoea pityocampa). Sortzen hasi zirenean aurrea hartu ez bazitzaien, behintzat. (+)
Azenario koloreko mutila
2026-01-26 | Jakoba Errekondo
Seko jakineza naiz, eta ez naiz modaz ariko. Koloreez bai, ordea. Kolore batzuk nola haizearen alde jarri eta denon aurrean boladan sartzen diren. Azenarioarena kasu... (+)
gora