Sasiakazia lore, antxoa urre

STOP energia berriztagarrien faltsukeriei

Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Azken urteotan, gizartean energia berriztagarriak sortzeko makroproiektuei bide ematearen aldeko jarrera sortzeko, nahita egindako faltsukeriei, erdi egiei eta gezur andanari aurre egitea egokitu zaigu.

Ukrainako gerrak Europan sortutako energia-krisia aprobetxatuz, ondo koipeztatutako makineria neoliberalak ingurumena babesteko Europako lege-esparrua ahuldu zuen. Aldi berean, demaseko diru kopurua bideratu zuen teknologia berriztagarriak garatu eta sortzen laguntzeko sektoreari eskainitako dirulaguntzen aterkipean.

Energia garbi eta kaltegaberik ez dagoela kontuan hartuta, proposamen horrek neurriko justifikazioa behar zuen, eta hain zuzen, ekonomia deskarbonizatzeko premia larria da baliatu duten aitzakia: jakinda, hori dela funtsezko baldintza klima-aldaketa moteltzeko. Premiazkoa da berotegi eragina duten gasen isuria gutxituko duen energia-eredu berriranzko trantsizio egitea, horretan ados gaude.

Gure lurraldean, horrek guztiak hainbat legerekin hartu du lurra: esaterako, Nafarroako martxoaren 22ko Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzkoa 4/2022 Foru Legearekin, edo EAEko otsailaren 21eko 4/2019 Jasangarritasun Energetikoari buruzko legearekin, zein otsailaren 8ko Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko 1/2024 legearekin. Lege horiek bi parlamentuetako gehiengoen babesa lortu zuten.

Energiarekin arazo itzela dugula esatea begi-bistakoa da. Baina, arazoari aurre egitetik urrun, natur ingurunea eta bizidunen osasuna kaltetuko lituzketen neurriekin jendea ilusionatzea erokeria da

Duela gutxi, ezker independentistako ordezkariei prentsan irakurri diegu egungo eredu energetikoaren alternatiba "ahalik eta gehien elektrifikatzea dela (mugikortasuna, industria, berokuntza); lurraldean banatutako berriztagarrietan oinarrituz; biltegiratzearekin eta sare publiko edo komunitarioekin; herritarren benetako parte-hartzearekin jabegoan eta kudeaketan; politika ekonomikoaren oinarrian subiranotasun energetikoa izanda" (Energía para la paz, urtarrilak 17). Jakin badakitenean, ez egungo ordenamenduak, ez indarrean dagoen plangintzarik ezak eta, are gutxiago, sektoreko enpresa multinazionalen mende dagoen eskala handiko energia sortzeko garapen teknologikoak, ez dutela eredu horren alde egiten. Dirudienez, euren proposamen ideologiko eta programatikoen aurkako legeak onartzen dituzte parlamentuetan.

Urtarrilaren 29an argitaratutako beste artikulu batean (Berriztagarri gehiagorekin, demokrazia gehiago), Etxauriko Sarbil proiektu eolikoa eredugarritzat hartuta defendatzen dute, Arabako Solariaren makroproiektu fotovoltaikoak aurrean; adieraziz trantsizioa gidatu behar duen ikuspegiak izan behar duela "jatorri anitzetako inbertsioak onartu, baina energia proiektuetan erakunde publikoen eta herritarren parte hartzea maximizatuko duten esparru politiko eta juridikoak eraiki". Baina, nolako ondorioekin? Izan ere, "energia sortzeko eta merkaturatzeko egitura publiko-komunitario bat sortzea, gai izango dena energia berriztagarri hori jendeari, administrazioei edo askotariko ekoizpen sektoreei zuzenean eskaintzeko" posible da, baina eskala txikian. Eskala baita arazoa: egun, gure ekoizpen- eta kontsumo-eredua aldatu gabe, erregai fosilak baztertzeko nahikoa energia elektriko berriztagarri sortzea, ilusio hutsa izateaz gain, ingurumenaren eta biodibertsitatearen kontrako eraso larria litzateke.

Bestalde, badira aldian-aldian energia-trantsizioa azkartzearen eta aurreko paragrafoetan adierazitako diskurtsoaren eta praktiken legitimazioaren aldeko ahotsa altxatzen duten gizarte-ekimenak. Bizitzaren alde, STOP fosilak izeneko azken manifestuan klima aldaketaren ondorioak lotura zuzenik gabeko ebidentziekin argudiatzeaz gain, hala nola ibaien emariaren jaitsierak izan dituen kalteak izokinen populazioan edota klima aldaketak 2022an Nafarroan erretako 17.000 hektareetan izandako eragina, idatziaren izenburua oximorona da: "Trantsizio energetiko justu eta azkar baten alde".

Trantsizio energetiko azkarra, gure ekoizpen ereduaren oinarri material eta energetikoak mantenduz baino ez litzateke posible izango: hau da, energia fosilak berriztagarriekin ordezkatuz, eta horretarako, aukera bakarra hidrogeno berriztagarriak eskainiko luke. Baina egun, teknologia hori amets hutsa izateaz gain, Repsol bezalako enpresa "justuen" esku dago. Zenbaitek badu zertaz hausnartu! Manifestu horretan irakur daitekeenez, "dilema ez da desazkundea edo energia berriztagarriak, bi gauzak behar ditugu eta aldi berean: energia kontsumoa murriztea eta energia berriztagarriak hedatzea". Sistema kapitalistan desazkundea posible balitz bezala, edo energia berriztagarrien sorrerak, berez, desazkundea ahalbidetuko balu bezala. Zentzugabekeria hutsa da.

Gurea bezalako gizarte industrializatuan, Europako batez bestekoa baino energia-kontsumo handiagoa eta kontsumoarekiko energia-ekoizpen hutsala dugularik, energiarekin arazo itzela dugula esatea begi-bistakoa da. Baina, arazoari aurre egitetik urrun, natur ingurunea eta bizidunen osasuna kaltetuko lituzketen neurriekin jendea ilusionatzea erokeria da.

Honelako ezaugarriak lituzkeen eredu energetikoa sortzea, "lurraldean banatutako berriztagarrietan oinarrituz; biltegiratzearekin eta sare publiko edo komunitarioekin; herritarren benetako parte-hartzearekin jabegoan eta kudeaketan; politika ekonomikoaren oinarrian subiranotasun energetikoa izanda" eskatzen du: Espainiako sare elektrikoaren publifikazioa arautzea, haren kokapena deszentralizatzeko; industria birmoldatzea;  aldirietako garraio publikoa planifikatzea; energia-komunitate unibertsalak eta buruaskiak sortzea; eta batez ere, kontsumo-eredua aldatzea. Eta, hala ere, ez dugu arazoaren dimentsioa txikituko energiaren kontsumo totala dagoeneko planifikatutako mailatik behera jaisten ez badugu. Dagoeneko berandu gabiltza.

Pablo Lorente Zapateria eta Aitziber Sarobe Egiguren

Erriberarako kalitatezko trenbide zerbitzu publikoaren alde
Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik... (+)
Ez galgorik ez ehiza-txakurrik
Aste batzuk daramatzagu AHTari buruzko "udako sugearekin" eta "Euskal Y" deiturikoa Iruñetik lotzeari buruzko aukerarekin, Ezkiotik edo Gasteizetik. Etsigarria da ikustea gure Herriak erabaki interesatuen... (+)
Eraginkortasun energetikoa Nafarroan, zerbait aldatzen ari ote da?
Nafarroako energia kontsumoaren azterketa aurkeztu du Nafarroako Gobernuak, 2022ko datuekin. Eta baikortasun handiz egin du, eraginkortasun energetikoan, kanpoko energia-iturriekiko mendekotasun txikiagoan eta deskarbonizazioan egindako aurrerapen... (+)
Nafarroako ingurune naturalera datorren eolikoen eta eguzki-poligonoen uholdea kritikatzen dugu
Behean sinatzen dugun erakunde sozial eta ekologistok gogor kritikatzen dugu eoliko- eta eguzki-poligonoen proiektu-oldea ingurune naturalean, Nafarroako Gobernuak informazio publikoan jarri duena. Une honetan, eoliko-... (+)
gora