Astelehenero 8:00etan zure epostan
Ekainaren amaieran kostaldeko hainbat lekutan ospatzen da San Pedro. Apostolua izan aurretik Galileako Itsasoan arrantzale izanagatik omen da arrantzale eta kofradien patroi. Elizaren historiak dioenez, apostoluak bere tributuak ordaintzeko arrain bati ahotik urrezko moneta atera zion; atzamarrekin arraina eustean eragindako orbanak, betirako geratu omen dira. Hala, Mediterraneo eta Iberiar penintsulako hegoaldean San Pedro modura ezagutzen da arrain hau. Iparraldean, ordea, San Pedro, San Martinek ordezkatu du; eta atzean duen historiak, kontakizun biblikoak baino gauza gehiago erakusten dizkigu.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Ornoduna / Arraina.
NEURRIA: 30-40 cm.
NON BIZI DA? Ozeano Atlantikoan eta Mediterraneoan. Normalean hondo hareatsuetan eta arrokatsuetan, 50–150 metroko sakoneran.
ZER JATEN DU? Arrain txikiak eta zefalopodo txikiak. Jubenilek krill-a (krustazeo pelagikoak), arrainak irensten hasi arte.
BABES MAILA: Ez dago babestuta eta ez dago kudeaketa planik gure eremuan.
Galiziako historialari batek XVIII. mendean azaldu zuen, iparraldean arrainaren izena honen sasoiarekin erlazionatuta dagoela. Mediterraneoan, San Pedrotan izaten da ugaritasun handieneko garaia. Kantauri Itsasoan eta Atlantiko iparraldean, ordea, arrain honen harrapaketa onenak azaroak 11 inguruan izaten dira. Horra hor… San Martin (galegoz, “Sanmartiño”). XIX. mendean, ordea, beste kondaira bat azaleratu zen. Komertziante frantses aberats bat kantauriar portu batera iritsi eta liluratuta geratu omen zen arrain honen zaporearekin. Hala, urteak eman zituen arrain hau urrezko txanponekin ordaintzen. Ordura arte itxura itsusiagatik, arantza eta hezur kopuruagatik eta gorputzaren erdia baino gehiago hartzen duen buruaren tamainagatik (%60 saldarako joaten baita) baztertutako arrain izatetik, kutixi izatera pasa omen zen. Komertziante haren omenez izendatu zuten Monsieur Martin-en arraina. Ingalaterran, ordea, “John Dory” modura ezagutzen da; izan liteke gorputzaren isla horixkei men eginaz, frantsesetik eratorritako “jaune doré”-tik eratorria, edo balada herrikoiek aipatzen duten pirata zaharrarekin oroitzeko. Kondairak kondaira, euskal arrantzaleek Martin izena bereganatu eta “muxu-“ aurrizkiarekin uztartu dute. Hemen ere, izan liteke “Monsieur” hori fonetikaz “muxu” bihurtu izana edo, gorputzeko orban beltz borobilei erreparatuta, arrainari emandako musuaren markaren kondaira.
Eta, urpean? Bada, orban beltz (edo urdin ilun) borobilek irudikatzen duten “begi faltsuarekin”, harrapariak nahasten dituzte. Arrain honen gorputza altua eta zapala da, eta gandor arantzadun ikusgarriak arriskutsu tankera ematen dio. Hain da zapala, ezen aurrez aurre hurbiltzen denean harrapakinentzat ia ikusezina den. Aldi berean, igerilari petrala da, eta ustekabeko erasoa du elikatzeko estrategia. Arrain txikiak aho parean egokituz gero, aho protaktil izugarria bat-bateko mugimendu azkarrarekin, modu teleskopikoan, aurrerantz proiektatuko du. Hala eragindako barruranzko xurgatzearekin, harrapakinak ez du irtenbiderik.
Itxuragatik baztertua bere garaian, eta preziatua gaur egun gastronomian: arrain zuriek oro har dutena baino koipe gehiago izaki, muxu martinaren zaporea eta testura apartak dira. Arrantzaleentzat ere oso ezaguna da, bereizgarria, eta berezia. Kristo Aurreko IV. mendean Aristotelesek jada aipatu zuen, arrantzaleak arrain hau uretatik ateratzean zarata edo txistu-hotsa entzuten dela. Beharbada garai hartan oraindik apostoluaren hatz markarik ez zuen izango. Santu (jai) guztien izenean, hi gazte, adi “txupoi”-ekin, beraz. Arrain honi arrastoak betiko geratu baitzaizkio, bekaturik gabe. Eta zarata egiten du, nahi duen moduan egoten uzten ez zaionean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545