Urri giroa, batean denbora ederra, bertzean uria denean.

Pagadiko erlikia

Kakalardo adar-luze honen irudiak ez du zalantza izpirik uzten: ez du parekorik. Gure lurretan, eta Europa osoan ere, genero honetako espezie bakarra da. Bere tamaina handiak (kakalardo bat izateko, noski) eta bere kolorazioak gure begietan betiko txertatzen dira ikusteko zoriona izandakoan. Eta zorion hori, dirudienez, gero eta urriagoa da. Bere biologia eta gizakion jokabidearen ondorioak ez baitira ongi uztartzen. Ikus dezagun bada bere biologiaren laburpena.

Iñaki Mezquita Aranburu
Iñaki Mezquita Aranburu

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko uztailaren 01a
Argazkia: Iñaki Mezquita Aranburu.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Rosalia alpina (Rosalia alpina)

TALDEA: Ornogabea/Intsektua/Coleoptera/Cerambycidae.

NEURRIA: 15 eta 38 mm bitartekoa.

NON BIZI DA? Europako pagadietan (Hegoalde eta Erdialdean).

ZER JATEN DU? Egur hila.

BABES MAILA: Europan babestua. Euskal Katalogoan “Interes bereziko espeziea”.

 

Rosalia alpinaren bizi-zikloak bizpahiru urte irauten du normalean; bere garapenerako baldintzak aldekoak ez dituenean luzatu egiten baitu larba fasean igarotzen duen epea, antza denez. Pagadi zaharrei loturiko espeziea da, eta zutik edo eroritako pagoetan bizi da larba fasean. Egur lehorra du gustuko, eta nahiz eta eroritako enborretan sarritan aurkitu ahal izan, hezetasuna arerio du. Larba-fasea luzea da, hiru estadio edo urrats izaten ditu eta enborraren barnean betetzen du. Esan bezala, bi urte edo gehiago iraun dezake, baldintzak bere aldekoak ez badira (bizi den enborra hezetasunak hartzen badu, adibidez). Pupa fasea ere enbor barruan betetzen du. Heldutasunera ailegatutakoan, pupa zeneko azala puskatu eta enborretik atera egiten da larba fasean irekitzen duen bidexka batetik. Arrek emeek baino egun batzuk lehenago bukatzen dute metamorfosia (astebete edo). Hegaldi epea –intsektuaren heldutasun fasea, alegia– oso laburra izaten denez –egun gutxi irauten baitute hegan klimatologia edo harrapakariengatik–, espezie honek zailtasun gehigarri bat du ugaritzeko garaian. Intsektu helduak apiriletik urrira aurkitu daitezke, baina ekaina eta uztaila dira hilabete oparoenak ikusi ahal izateko. 

Bere itxura aparta da, kolorazio nagusia gris-urdinxka da, ileguri itxurakoa. Hegoak babesten dituen azalek (elitroak) mantxa beltz batzuk dituzte. Mantxa horien diseinua aldakorra da oso, eta asko aldatu daiteke ale batetik beste batera. Antenak oso luzeak dira, eta ar batzuenak bere gorputzaren luzeraren bikoitza izatera ailegatu daitezke.

Rosalia alpina pagoei lotuta dago eta, nahiz eta beste zuhaitz batzuetan aurkitu ahal izan (zumarra, lizarra, sahatsa, xarma, intxaurrondoa…) beti pagadiaren hedapen mailan aurkitzen da. Zutik dauden edo eroritako zuhaitzetan aurkitu daiteke, baina hezetasuna ez du atsegin eta egur lehorra eta ondo aireztatua bilatzen du.

Europako liburu gorri ia guztietan aurkitu daitekeen espeziea da, baina bere populazioen hedapena eta espeziearen ugaritasunaren inguruan ezjakintasuna handia da. Hegoalde eta Erdialdeko Europako espezietzat hartzen da, eta iberiar penintsularen iparraldean soilik aurkitu da. Dena den, lehen esan bezala, asko falta da bere benetako hedapena eta ugaritasuna ezagutzeko. Ez ahal dugu jakin aurretik desagerraraziko!

Ziporik behar ez duen ezpataria
Badira ikusitakoan gure azalean iraultza bat eragiten duten animaliak. Ez dute eraso egin beharrik gure buruari egin dezaketela bat-batean jakinarazteko. Hotzik gabeko hotzikara, berorik gabeko... (+)
Aparrak ezkutatzen duena
Maiatzean hasi eta iraila/urria bitartean belar eta landareetan apar zuriska metatxo batzuk ikusi ohi dira. Alferrik bada ere, inguruan begiratu ere egiten dugu zein izan... (+)
Migratzea sena denean
Naturak baditu bere izakien artean migratze sena berez dakarten espezieak. Ez dute inongo behar berezirik, ez dabiltza gerra bati ihes egiten, ezta hobeto bizitzeko leku... (+)
Lehengusu iletsua
Iletsuak direlako edo hegan doazenean ateratzen duten zurrunbiloarengatik, erlastarrak ez dira gutako askorentzat erleak bezain sinpatikoak. Jakina, gizakiok ez gara sarritan oso zuzenak izaten gure... (+)
Mantxak apaingarri direnean
Ziurrenik lerro hauek irakurri aurretik argazkiari erreparatu diozue. Hala bada, mantxa horiek eta haien kokapenak osatzen duten irudiak edertasun faltarik ez duela bururatuko zitzaizuen, konturatu... (+)
gora