Martxoa eurite, urtea ogite.

Negu oso bat baratze

Egun argia mozteak udazkena dakarren bezala, hotzak dakar negua. Eta hotzak, ia beti, galtzajario harrapatzen gaitu. Sasoi honetako hego haizearen kolpe beroak txoratuta, datorkiguna burutik joaten zaigu. Gero gerokoak, baina gero hori negua da. Negurako baratzea jende askorentzako baratzea bere horretan uztea da. Udazkenerako nahiko etekin kendu diogu eta nahikoa da; astungarri da, gainera, neguan lokatzetan eta esku bustiak hoztuta aritu beharra dagoela. Baina neguko baratzea ederra da; ederrena? Neguzko gero hori atzo hasi zenez, aurrea hartzea hobe. Horretarako, gaur bertatik atzera ekin.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2022ko azaroaren 04a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hasi baratzea garbitzen. Jaso udan izandako uzten hondarrak: heldu gabeko azken tomate (Solanum lycopersicum), piper (Capsicum annuum), kuiatxo (Cucurbita pepo var. pepo)… Sukaldean ederki helduko dira eta hala ez bada, bere horretan baliatu. Ihartutako landareak ipurditik atera, lekak ematen dituztenak izan ezik: ilar (Pisum sativum), leka eta babarrun (Phaseolus vulgaris); horiek moztu eta utzi sustraiak lurrean bertan, ongarriz beteta baitaude. Zarba iharrak luartokira, baldin eta gaixotasun arrastorik ez badute, izan ere etxeko luaertokietan zaila baita gaixotasunak garbitzeko behar den tenperatura iristea.

Kendu txartzat dituzun belarrak, hazitik ugaldu ez daitezen eta, iraunkorrak badira, atera sustrai eta guzti.

Miatu ezkaia (Thymus comunnis), erromeroa (Rosmarinus officinalis), asentxio-belarra (Artemisia absinthium), oreganoa (Origanum vulgare) eta salbia (Salvia spp.) bezalako landare laguntzaile iraunkorren egoera eta beharrik bada moztu eta egokia bada baliatu.

Landatu eta erein neguko barazkiak: ilarra, baba (Vicia fava), baratxuria (Allium sativum), tipula (Allium cepa var. cepa), udaberriko aza (Brassica oleracea var. capitata), kale aza (Brassica oleracea var. acephala edo var. viridis) eta abar.

Ongarritzeko sasoia da. Ongarritu soil dauden sailak. Behar izanez gero, egin aurrez lurraren egoera zehatza jakiteko azterketa. Erabili ongarri organikoak; utzi lurraren gainean; nahi izatera aratu lurra arin-arin eskuarearekin; ez irauli lurra, pobretu besterik ez duzu egingo. Ongarriak lur azala estaltzen ez badu, osatu edozein inaurkinekin: orbela, soropileko belar moztua...

Lurraren emankortasunari eusteko beste era bat ongarri berdea ereitea da. Lurrari heze eutsiko dio, eta ongarritu eta sakonean landuko du. Adibidez, oloa (Avena sativa) eta txirta (Vicia sativa) nahasketa oso egokia da. Neguaren amaieran moztu eta nahasi lurrarekin, utzi gainean edota eman aziendari, gero simaur bihurtuta bueltan ekartzeko.

Baratzeko taulenak, negutegiak eta gainontzeko egiturak txukuntzeko eta mantentzeko lanak egiteko sasoia da. Gogoratu gero, udaberritik udazkenera, ez duzula horrelakoetarako tarterik izango. Era berean, garbitu tresnak eta lanabesak, kendu herdoilak eta abar.

Oraindik gogoan dituzun artean, berraztertu egindako lanak eta haien emaitzak, horretarako bereziki erabiltzen duzun agenda edo kaieran… Ikasi eta ikasi.

Lurrustela, etxekoen ametsa
2026-03-16 | Jakoba Errekondo
Usteldutako lurra bezalakorik ez dago. Onena da, eta bere ona zabaltzen du: ongarri ezinago ona da. (+)
Bioaniztasuna? Ez, biobakuntasuna
2026-03-09 | Jakoba Errekondo
Ikusgarria da paisaia. Garitzak berde daude. Laboreen lurraldeak bete-bete eginda eta aurtengo uraren emana eta noiz-nola izan den kontuan izanda, esan daiteke ondo bidean iazko... (+)
Denak ez ditugu lagun
2026-03-02 | Jakoba Errekondo
Udaberria badoa. Lotsagabe xamarra dela pentsa dezakezu; izan ere, egiten diogun kasu eskasagatik, aspaldi erabaki zuen ez gintuela gehiago agurtuko, ez etortzen denean, ezta alde... (+)
Negu on igaro
2026-02-23 | Jakoba Errekondo
Aurten hotz pixka bat badugu, bejondeigula. Negurako jasotako jakiak gozatzeko eguraldi aproposa. Gaur egun izozkailua eta hozkailua ditugu horretarako erreginak, baina garai batean barazkiak, fruituak,... (+)
Inausketa eta orbaintzeko pasta
2026-02-16 | Jakoba Errekondo
Epaila badator eta zuhaitzen eta arbolen epaiketak, inausketak edo kimaketak egiteko sasoia da. (+)
gora