Astelehenero 8:00etan zure epostan
NBEko zientzialariek ondorioztatu dute 1,5 graduko langa gainditzea "saihestezina" dela, eta egoerari berehala erantzutea eskatu dute, tenperatuaren igoerari aurre egiteko eta berotegi efektuko gas isuria murrizteko. Txostenaren arabera, une gorenetan lurrazalaren tenperatura 1,8 eta 2 gradu artean berotuko da hurrengo urteetan.
Larrialdi klimatikoa salatzeko protestak Londresen, 2019an.
Klima aldaketari eta beroketa globalari aurre egiteko, 2015eko Parisko Akordioetan 2100. urterako lurrazaleko tenperatura orokorra 2 gradu ez igotzea helburu gisa ezarri zuten, eta, ahal dela, 1,5 gradura ez iristea: bigarren langa hori, ordea, hurrengo urteetan gaindituko dela iragarri du NBE Nazio Batuen Erakundeak asteazkenean argitaratutako txosten batean. "Ohartarazpen zientifikoek eta konpromisoek ez dute lortu berotegi efektuko gasen emisioak murriztea", adierazi dute txostenean.
Gainera, Nazio Batuen Ingurumen Programak eginiko kalkuluen arabera, une gorenetan lurrazaleko tenperatura 1,8 eta 2 gradu artean igoko da hurrengo urteetan, giza jarduerek sortutako karbono dioxido emisio masiboak hasi aurretik erregistratzen zenarekin alderatuta. Lurrazala berotzeak klimaren arriskua eta eraginak "beste maila batera" eramango dituela azaldu dute txostenean. "Uda honetako bero itogarria, sute basatiak eta uholde arriskutsuak datorkigunaren ohartarazpenak dira", esan du António Guterres NBEko idazkari nagusiak txostenaren emaitzak jakin ondoren.
Nazio Batuen Ingurumen Programako buru Inger Andersenek azpimarratu du ezin dela ezer onik espero lurrazalaren berotzea 1,5 graduko langaren gainetik mantentzen bada: "Egoera berri hau ahalik eta txikiena eta motzena izatea lortu behar dugu". Haren esanetan, egoerari aurre egiteko ekintza bakoitzak "bizitzak salbatu, biodibertsitatea babestu eta galdera ekonomikoak murriztuko ditu".
IPCC adituen taldeak 2018an ohartarazi zuen zein izango liratekeen ondorio horietako batzuk: besteak beste, tenperatura 2 gradu igotzen bada, espezieak galtzeko arriskua %50 handiagoa izango da, 1,5 gradura iritsita baino; horrez gain, itsasoko uraren maila 0,1 metro gehiago haziko litzateke, tenperatura 1,5 gradu igota haziko litzatekeena baino.
Egoera iraultzeko aukera
Dena den, NBEko zientzialariek nabarmendu dute badagoela egoera iraultzeko aukera, egoerari ahalik eta azkarren erantzunez gero. Horretarako, egoeraren ondorioei aurre egin eta berotegi efektuko gas isuria murriztea ezinbestekoa dela aldarrikatu dute: "Saihestu ezin den mugarri bat da".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545