Nahiz ilzahar, nahiz ilberri, emaiozu hazia eguraldi onari.

Mundiala, Ceuta eta Medgaz


2026ko irailaren 01a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Gogoan dut maiatzean, ekainean, nolako xextra izan genuen, 2030eko gizonezkoen munduko futbol txapelketa Bilbora eta Donostiara ekarri edo ez. Orain, burua altxatu eta bistan da FIFAk auzi inportanteagoak dituela eskuetan hautagaitza bateratuaren dokumentua baino. Eta gauzak dauden bezala, jeltzaleek ama birjinari ere egingo zioten otoitz abuztuan, bai baitakite hobe izango dela FIFAren ezer ez ekartzea Euskal Herrira.

Duela urte asko esan zen Marokon, Portugalen eta Espainian jokatuko zela 2030eko txapelketa, eta beharbada Uruguain eta Hego Amerikako zenbait lekutan ere egingo da zerbait, mendeurrena beteko baitu Mundialak eta Montevideon egin zen lehen edizioa. Baina posible da orain Espainiako Estatuan ez jokatzea partidu bakar bat ere. Gakoa da finala non jokatuko eta egoitza zentrala zein izango den. Esaten da FIFAk hautatzen duela egoitza, baina esan daiteke inperio yankiak oniritzia eman behar diola. Horregatik, hariak lotuta, Marokok ditu aukera gehien. FIFAko Gianni Infantinoren laguna da Donald Trump, eta bere adiskide, berriz, Marokoko Mohamed VI erregea. Hor dago klabeetako bat. Casablancan, gainera, aspaldi hasi ziren Bartzelonako eta Madrilgo estadioak baino handiago bat eraikitzen.

Futbolaren gibelean dago Ceutako migrazio krisia. Beste behin pobrezia erabili dute arma gisa, eta ez da, ez, erlijio kontu bat, edo batzuek deskribatzen duten “ordezkatze” prozesu bat, baizik eta kolonizazio eta botere auzia. Argi ikusten da Maroko-AEB bikotea trinomio bihurtzen denean arabiarren ustezko etsairik handienarekin juntatzean, Israelekin. Yankiek eta sionistek harreman estua dute, gero eta estuagoa herrialde persiar eta arabiarrak elkarrekin bonbardatzen dituztenean; yankiek ere harreman onbera dute marokoarrekin, geografikoki leku interesgarrian daudenez gero; eta hor sartzen da Israel, gero eta gehiago ari baita gerturatzen Marokora, lurrak erosita eta hainbat erako inbertsioak eginda. Israelgo Gobernuak argi dio, gainera, Marokorenak izan behar dutela Espainiak Afrika iparraldean dituen hiru lurraldeak. Ez da kasualitatea; hala balira, trinomioak leukake Mediterraneoaren sarbide-kontrola.

Eta tentsio geopolitiko horrek, burrunba sismikoek bezalaxe, Andaluziako itsas bazterretan kolpatzen du. Kasuon, Almerian. Hor baitago Espainia Aljeriako kostarekin lotzen duen gasbide esanguratsua, Medgaz, batere begiko ez dutena ez Marokok, ez AEBek eta ez Israelek, hirurak etsaituta baitaude Aljeriarekin. Eta haserre daude, baita ere, Espainiaren norabide politikoarekin.

Kazetari jarduna ez da igarle izateko konduktua, baina han eta hemen esaten ari dira, munduaren ordena dagoen bezala, Medgaz gasbidea Nord Stream berria bihur daitekeela; hau da, erasoren bat jasan dezakeela. 

Euskal gastronomiaren Ja(ki)tea sariak banatu dituzte, lehen sektorea laudatu eta instituzioak interpelatuta
Elkarteak hamazazpi urte betetzen dituenean, zortzigarrenez banatu dituzte sariak, eta bosgarrenez egin dute ekitaldia Adunako (Gipuzkoa) Zabala sagardotegian. Hamar saritu izan dira, horietako bat ARGIAren... (+)
gora