Asteroko buletina
San Jeolimo (irailak 30) haragia piper handixakin jateko

Nazioarteko hamazazpi estreinaldi, Mendi Film jaialdian

57 film eskainiko dira, horietako bederatzi EAE mailako estreinaldiak. Edurne Pasaban omenduko dute aurten WOP Fundazioa sariarekin. 24.800 euro banatuko dituzte hamabi saritan, sail ofizialean lehiatuko diren lanen artean.

 


2023ko azaroaren 29a
2023ko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia festibalaren aurkezpena. // Argazkia: Mendi FIlm

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren hamaiseigarren edizioa egingo dute abenduaren 8tik 17ra bitartean. 57 film eskainiko dituzte Bilboko Euskalduna Jauregian, BBK aretoan eta Alhondigako Golem zineman. Filmen artean hamazazpi nazioarteko estreinaldiak izango dira, eta EAE mailako bederatzi emango dituzte.

Euskalduna Jauregian egingo dute inaugurazio-saioa, eta WOP Fundazioa saria emango diote Edurne Pasaban alpinista eta enpresariari. “Pasabanek Himalayan izandako ibilbidea saritzea ez ezik, emakumeentzat motibazio bat dela saritu nahi dugu. Edurne beharrezko erreferente horietako bat da”, nabarmendu du festibalaren zuzendari Jabier Baraiazarrak.

Bestalde, Eliza Kubarskak jasoko du Mendiko Zinemaren alde diharduen nazioarteko elkargoaren sari gorena: IAMF Sari Nagusia. K2 touching the sky lanagatik –2015eko Zuzendari onenaren saria Mendi Filmen– sarituko dute, eta filma BBK aretoan eskainiko dute abenduaren 12an.

Baraiazarrak nabarmendu du aurtengo erronka “eduki berrietara zabaltzea” dela: “Mendia beti da eszenatoki bat. Ez dira eskalada, alpinismo edo eski kontuak bakarrik gertatzen. Mendian bizipen eta esperientzia oso biziak gertatzen dira, eta hori ere jaso nahi du Mendi Filmek. Publikoak kirol jarduera soiletik haratago doazen istorioak ezagutu nahi ditu”.

51 film lehiatuko dira sail ofizialean. Guztira 24.800 euro banatuko dituzte hamabi saritan, eta sari nagusia (Eguzkilore garaikurra) eskuratzen duenak 6.000 euro irabaziko ditu. Gainera, filmez gain, hainbat erakusketa eta hitzaldi eskainiko dituzte zinemaldian.

Aurtengo edizioan inklusibitatearen aldeko apustua egingo dute. Zeinu hizkuntza interpretazio zerbitzua eskainiko dute gonbidatuak dituzten saioetan, eta jatorrizko bertsioa gaztelaniaz izan eta azpititulurik ez duten filmetan.

Sarrerak, eskuragarri

Dagoeneko ireki dute sarreren salmenta, eta Mendi Film festibalaren webgunean eskura daitezke. Antolatzaileek adierazi dute pasa den urteko kopurua “hobetzea” espero dutela, baina kopuruak ez direla kezka haientzat.

2023ko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia festibalaren aurkezpen ekitaldia, osorik:

 

Ur botilen enpresa batzuen praktika ilegalak salatu dituzte Frantzian
Ikerlariek jakinarazi dutenez, Nestlé enpresak bere uraren kutsadura estali du, eta debekatutako garbiketa metodoak erabili ditu.   (+)
Borondatezko CO2 merkatu bat sortu nahi dute EAEn
Euskal enpresei, haien karbono aztarna gutxitzeko, aukera eskainiko zaie basozain txikien zuhaitzen karbonoa erosteko. (+)
Ikastetxeetan jantoki-zerbitzua ematen zuen Serunion enpresari kontratua eten dio Jaurlaritzak
Ikasturtean zehar enpresaren jantoki-zerbitzuak hainbat ikastetxeetan sortutako “arazoengatik” eten dute kontratua. (+)
Arrantzaleak haserre agertu dira arrantza debekuarekin
Bizkaiko Golkoko uretan arrantza debekatu dute hilabetez, izurdeak babesteko. Arrantzaleek prezioen igoera aurreikusi dute, eskaintzak behera egingo duelako. Talde ekologistak neurriaren alde agertu dira. (+)
Arraste arrantzak berotze globala bultzatzen duela ondorioztatu du ikerketa batek
Adituek jakinarazi dutenez, arrastre arrantzak itsasoan karbono dioxido gehiago askatzen du munduko herrialdeen gehiengoak urtero baino. (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora