Astelehenero 8:00etan zure epostan
338 hektarea erre ditu astearteko suteak. Nekazarien sindikatuak haserre agertu dira Nafarroako Gobernuak suteak saihesteko ezarritako murrizketekin. Asteazkenean beste sute bat piztu da Artaxoa eta Añorbe artean, baina hura ere kontrolpean dute suhiltzaileek.
338 hektarea erre ditu asteartean piztutako suak Eneritz, Muruzabal, Añorbe eta Obanos herrietan. Sua fardo makina batek eragin zuen, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenaren arabera. Lehen sutea itzali orduko piztu zen beste bat asteazken arratsaldean, Artaxoa eta Larraga artean. Sute hura ere kontrolpean dute suhiltzaileek; dena den, oraindik lanetan ari dira, suteak hedatu ez daitezen.
"Muturreko" sute arriskua izan da egunotan Nafarroan, eta datozen egunetan ere arriskua handia izatea espero da. Hori horrela, Nafarroako Gobernuak foru agindu bat onartu zuen asteartean, eta zenbait jarduera debekatu zituen. Urbanizagarriak ez diren lurretan nekazaritzan sua erabiltzen duten edo sua sor dezaketen makinak debekatu zituzten. Gobernuak hartutako erabakiak haserrea piztu zuen nekazarien sindikatuetan. "Aldebakarrekotasunez" jokatzea leporatu diote gobernuari, eta martxan zuten lankidetza bertan behera uztea. Erreakzioak ikusita, gobernua neurriak malgutzeko lanetan ari da: egindako proposamenen artean daude, besteak beste, neguko barazkien laborantza, ureztatze lanak eta basogintza lanak baimentzea.
Gobernuaren erabakiak sortutako "nahasmena" salatu dute
EHNE sindikatuko Felipe Etxetxikiak ARGIAri emandako adierazpenetan, gobernuaren jokabidea gaitzetsi du. Sindikatuko kideak azaldu du nekazariek eta gobernuak bazutela protokolo bat, 2016ko foru arauan jasotakoa, eta "prest" zegoena egungo gertakarietan ezartzeko. Gehitu du protokolo horren arabera, Nafarroako gune gehienak berdez zeudela, eta, beraz, nekazaritza jarduerek baimenduta egon beharko luketela.
Hori ez da horrela izan, eta EHNEko kideak salatu du Nafarroako Gobernuak "aldebakarrekotasunez eta bat-batean" ezarri duela debekua ezarri lurralde osoan. Salaketa horri gehitu dio asteartean ezarritako doru legea "nahasgarria" dela: "Astearteko foru aginduak jendea nahasi baino ez du egin".
Gobernuak neurriak malgutzeko hartutako erabakiarengatik galdetuta, malgutasunekin konforme daudela azpimarratu du Etxetxikiak, du baina hala eta guztiz ere azpimarratu du 2016ko foru araua "askoz zehatzagoa" zela, eta azaldu du: "Malgutasunek ez dute ezer zehazten, 2016koa askoz landuagoa zegoen, ez zen beharrezkoa foru agindu berri hori onartzea".
Aurrera begira, sindikatuak elkarretaratzea zuen aurreikusita ostegunerako, baina ez du baimenik jaso. Hori horrela, hurrengo pausoa zein izan erabakitzen ari da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545