Astelehenero 8:00etan zure epostan
Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.
Greenpeacek salatu duenez, Europa barruan hegan egitea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, nahiz eta hegazkina askoz kutsakorra izan. Greenpeacek ostegunean aurkeztu zuen ikerketan 31 herrialdetako 142 ibilbide aztertu ditu eta ondorioztatu du mugaz gaindiko 109 ibilbidetan %54 hegazkinez trenez baino merkeagoak direla. Erakunde ekologistak erregaien eta nazioarteko billeteen BEZa ordaintzetik salbuesten duen zerga sistema bati egotzi dio arrakala hori. Trenbideak berriz, BEZa, bideen erabilerarako bidesariak eta energia kostuak ordaintzen ditu.
Kasu larriena Bartzelona-Londres da: hegaldi batek 14,99 euro balio du, trenez bidaia bera 389 euro inguru. Espainiako Estatuan, Frantziako Estatuan eta Erresuma Batuan, kasu, tren bidaiak hegaldiak baino garestiagoak dira aztertutako mugak gurutzatzen dituzten ibilbideen %95ean. Greenpeacek azpimarratu du desberdintasun hori ez dela aire garraioaren eraginkortasun handiagoaren ondorio, "pribilegio fiskalena" baizik, merkatua desitxuratzen dute, eta bidaiariak hegaldiak hartzera bultzatzen dituzte.
Hegaldien "pribilegio fiskalak" direla eta, sistema "hautsita" dagoela dio Greenpeacek
Prezioaz gain txostenak kostu klimatikoa ere ekarri du gogora: hegaldiek bidaiari / kilometro bakoitzeko bost aldiz isurpen gehiago dituzte, batez beste, trenek baino. %100ean elektrizitate berriztagarriekin elikatutako trenbideekin alderatuz gero, hegazkinen inpaktua 80 aldiz handiagoa izan daiteke. 2023tik hobekuntza txikiak egin diren arren, trenbide lotura gehiago, eta Londresko eta Dublingo bezalako hub (ibilbide sare baten erdigune gisa funtzionatzen duen aireportua) handien bidez hegaldi merke gutxiago egonda ere, Greenpeacek dio sistema "hautsita" dagoela.
Greenpeacek trena merketzeko eta hegaldien "prezio baxuen ilusioa amaitzeko" eskatu die Europar Batasunari eta estatuetako gobernuei: hegazkinentzako diru-laguntzak ezabatzea, tren tiketen erosketa erraztea, azpiegitura publikoan inbertitzea eta "billete klimatiko" merkeak sortzea.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545