Asteroko buletina
Euria egiteko hobe da bi haizeren borroka; ez santu guztiekin erreguka

EBren eta Mercosurren arteko akordioa ezarri ez dezan eskatu dio Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari

Contigo-Zurekinek proposatutako idatzian azaltzen da Europako eta Hego Amerikako merkatari erakunde nagusien arteko hitzarmen berriak muga-zergen deuseztatzea ekarriko lukeela, bertako ekoizleak, txikiak bereziki, kaltetuz. UPNk, EH Bilduk, PPk eta Voxek mozioaren alde bozkatu dute; PSNk eta Geroa Baik, aldiz, kontra.


2025eko urtarrilaren 23a

Argentina, Brasil, Paraguai, Uruguai, Venezuela, Bolivia, Txile, Kolonbia, Ekuador, Peru eta Mexiko bere gain hartzen dituen Mercosur merkataritza arloko erakundearen eraginpean Europatik inportatzen diren produktuen %91 liberalizatuko dira. Europar Batasunak (EBk) datu honi aurre hartuko dio berriki onetsitako akordioan: %92 izango dira muga-zergarik ordainduko ez duten jatorri amerikarreko produktuak.

Erabakiak arlo ekonomiko anitzei eragingo die: nekazaritzari batez ere, baina baita industria-sektoreari (ibilgailuak, ekipamendu-ondasunak, produktu kimikoak, farmazia, ehungintza edo zapatagintza) nahiz zerbitzuen sektoreari (finantzarioak, telekomunikazioak eta itsas garraioa) ere. Ondorioa? Merkatu globalari eta Europako zein Hego Amerikako multinazionalei bultzada, baina bertako ekoizle txikien kalterako.

Arazo honi erreparatuta, Contigo-Zurekinek mozio bat aurkeztu du Nafarroako Legebiltzarrean, zeinaren bidez Pedro Sánchezen Gobernuari eskatzen dio akordioa Espainiar Estatuan ezarri ez dezan. UPN, EH Bildu, PP eta Vox proposamenaren alde agertu dira eta idatzia babestu dute, PSNk eta Geroa Baik, ordea, kontra bozkatu dute. Mozioan hasiera batean jasotako puntuei UPNk, zuzenketa baten bidez, Espainiako Gobernuari eskakizun bat gehitu dio: ez dezan ez sinatu ez berretsi merkataritza askeko tratatu hori.

Halaber, talde parlamentari guztiek aho batez onartu dituzte UPNren ekarpenean jasotako beste hiru puntu, Nafarroako Gobernuari zuzenduta: lehenik eta behin, eskatu diote berehala has dadin Espainiako Gobernua presionatzen “ispilu klausulak” ezartzeko, hots, Europar Batasunak haren mugen barruan exijitzen dituen produkzio eta osasun baldintza berberak izatera derrigortu ditzan enpresa hegoamerikarrak. Bigarrenik, Espainiako Gobernuari eska diezaion Nafarroako lehen sektorearen interesak defendatzea. Eta azkenik, akordioa konfirmatuz gero, ekoizle nafarrak babesteko neurriak zehaztea.

Era berean, alderdi guztiek adostu dute Foru Gobernuari eskatzea EBren eta Mercosurren arteko akordioak ekar ditzakeen ondorioen inguruko txosten bat egitea. Honekin batera, Europako Batzordeari dei egingo diote lehenengo sektoreko politika erkide bat abian jar dezan gertuko nekazaritza eta abeltzaintza babesteko eta ekonomia jasangarria bermatzeko.

Nafarroako Gobernuak onartu du ez dagoela ur nahikorik Nafarroako ubidearen obran hitzemandako edukiera asetzeko
Konponbide gisa, Óscar Chivite Lurralde Kohesiorako kontseilariak aurreratu du sobera ur jasotzen duten ureztatzaileei erabiltzen ez dutena Erriberara bidaltzeko eskatuko diela. (+)
Nafarroako Parlamentuak plastiko ez berrerabilgarriarren gaineko zeharkako zerga onetsi du
Foru erkidegoan fabrikatutako edo kanpotik inportatutako kilogramo bakoitzeko 0,45 euro ordaindu beharko dira. Navarra Suma izan da legearen aurka bozkatu duen alderdi bakarra. (+)
Baztango Erdizko meategi proiektua atzera botatzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari legebiltzarrean
Erdiz Bizirik plataformak salatu du babesgune natural bat ustiatzea “ilegala” dela eta erabakia “inposaketa”, baztandarren gehiengoa aurka duelako. (+)
Ikurra sortu dute Nafarroan nekazari-elikagaiak hurbilekoak direla ziurtatzeko
Gertutasuneko bereizgarria daramaten eta Elikagaiak Merkaturatzeko Bide Laburren Foru Lege berriaren baldintzak errespetatzen ez dituzten enpresek isuna jasoko dute. Gehienez bitartekari bakarra egon beharko da... (+)
Leitza, Arano, Areso eta Goizuetako udalek basozaintza bulegoaren itxiera salatu dute Legebiltzarrean
Nekazal lurraldetako zerbitzu publikoak gutxituz, Nafarroako Foru Gobernua despopulazioa eta zahartzea bizkortzen ari dela kritikatu dute. Aitzina, egoitzarik hurbilena Irurtzunen egongo da, bulego zaharretik autoz... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora