Asteroko buletina
Zuhaitz bat asko luzatu eta hazita ere, hostoak sustraietara bueltatzen dira.

Baztango Erdizko meategi proiektua atzera botatzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari legebiltzarrean

Erdiz Bizirik plataformak salatu du babesgune natural bat ustiatzea “ilegala” dela eta erabakia “inposaketa”, baztandarren gehiengoa aurka duelako.


2023ko martxoaren 20a
80 familiek, 250 behorrek, 500 behiek eta 1.500 ardik erabiltzen dute Erdiz urtean zehar. (Argazkia: Erdiz Bizirik)

“Aberatsek lehengaiak merke lortzeko herrialde pobreak erabili izan dituzten bezalaxe, orain landa eremuak sakrifikagarriak gara hirientzat”. Hori ondorioztatu dute Baztango Erdiz bazkalekuan Magnesitas Navarras enpresak eraiki nahi duen meategiaren aurkako Erdiz Bizirik plataforman. Halaxe azaldu zuen joan den ostiralean Jon Elizetxe Bidebain bozeramaileak Foru Legebiltzarreko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordean.

Plataformako kideek uste dute “meategiak Erdizko bazkalekua erabiltzen duten laborarien ogibidea eta etorkizuna suntsituko” lituzkeela. Zehazki 260 aziendatan banatuak dauden 476 hektarea desagertuko lirateke. “Baztan da Nafarroan lehenbiziko sektorea mantentzen ari den eskualdea, eta Erdiz gakoa da maila hori mantentzeko”. Kalkuluen arabera, 80 familiek, 250 behorrek, 500 behiek eta 1.500 ardik erabiltzen dute Erdiz urtean zehar.

Eremuaren zabalera ikusita, haien iritziz, meategiak ingurune arazo larriak ekarriko lituzke eskualde osoan: “Zenbait espezie babestu desagertuko dira, inguruko urak nahiz iturriak kutsatuko dira eta materialen garraioarengatik hautsa nahiz asotsa hedatuko dira. Horretaz gain, Magnaren jarduerak berak eragin zuzena du herritarren osasunean: Nafarroan CO2 gehien ekoizten duten enpresen artean hirugarrena da”.

Ildo beretik, Magnesitas Navarras-ek Zilbetin zeukan meategiaren egitasmoak suposatzen duen “aurrekari legala” gogora ekarri du Elizetxek. 2015ean Espainiako Auzitegi Gorenak proiektuari ezezkoa eman zion, eremu babestuaren zati bati kalte egiteak eremu babestu osoa kaltetzen duela argudiatuta. “Hortaz, proiektua ilegala da”, adierazi du bozeramaileak. Esan beharra dago, Zilbetiko zonalde babestu hura Erdizeko bera dela, Aldude Mendigunea. Gainera, Natura 2.000 sarearen barruan dago eta bazkaleku ekologikoaren izendapena ere badauka.

Elizetxeren hitzetan, horrek guztiak, “Baztanen berebiziko garrantzia duen turismo sektorea” erakartzen du. Beraz, proiektuak “lehendik hor dauden” lanpostuekin bukatzeaz gain, “paisaia zein zeharkako hainbat eta hainbat lanposturekin amaituko luke”.

PSN, Geroa Baiek eta Navarra Sumak ordea, Magnesitas Navarrasek ekarriko lituzkeen lanpostuak lehenestearen aldekoak dira. Abeltzainentzako alternatiba moduan, Magnesitas filialaren jabe den Magna enpresak planteatutako aukera defendatzen dute. Hau da, aziendak momentuan ustiatzen ez diren eremuetan txandakatzea, baina Erdiz Bizirik-ek ez du begi onez ikusten, ez praktikoki ezta ikuspegi ekologistatik ere.

Ahal Dugu, Izquierda-Ezkerra eta EH Bildu bat datoz plataformaren analisiarekin, eta PSNko Antonio Javier Lecunberriri leporatu diote bere interbentzioan Magnak pasa den astean posta elektronikoz parlamentari guztiei bidalitako argudioak irakurtzera mugatu dela. “Azken finean, lur komunalak esportatu eta multinazionalei eman nahi dizkiezue”, erantzun du Elizetxek.

Manifestazioa Iruñean

Manifestazioa Apirilaren 22an Landa Eremuaren Nazioarteko Eguna izango da eta Erdiz Bizirik-ek meategiaren aurkako manifestazioa deitu du Iruñeko karriketan. Baztanen protestak egin izan badituzte ere, oraingoan Landa eremuaren defentsan lelopean haien mezua Nafarroako Hiriburuan kokatuta dauden instituzioek entzun dezaten nahi du plataformak.

Deialdiaren harira zabaldutako oharrean, honako hau diote: “22 urte pasatu dira Gobernu Batzordeak Magnesitas Navarras enpresari Erdizen zundaketak egiteko baimena eman zionetik. Momentu hartan herritarrok ez genuen begi onez ikusi Baztango bazkaleku komunal handiena erdiz-erdi zulatzea, zertarako eta enpresa erraldoi baten sakelak betetzeko. Baztandarron %87 meategi proiektuaren kontra lerrokatu ginen. Gaur egun, oraindik, Erdizen egin nahi den meategi proiektuaren aurka jarraitzen dugu”.

Izan ere, hiru galdeketa egiten saiatu izan dira Baztango instituzioak: lehendabizikoa, udalak proposatuta Magnaren proiektua oraindik erregistratu gabe zegoenean, Espainiako Gobernuak atzera bota zuen; eskualdeko Batzar Nagusiek egin nahi izan zuten bigarrena, baina proiektu industrialen gaineko eskumena ez zuela argudiatuta, bertan behera utzi zuten; eta Baztango hamalau alkateek proposatutako hirugarrenari Espainiako Gobernuko Nafarroako Ordezkaritzak ezezkoa eman zion. Azken kasu honetan, Guardia Zibilak kuarteletara joateko agindua eman zien alkateei, eta galdeketa eginez gero zigorra jasoko zutela mehatxu egin zieten.

“Hori bai demokrazia!”, esan du Elizetxek. “Baztandarrak aski ergelak omen garenez, Nafarroako Gobernuak esan behar digu zer komeni zaigun. “Zertarako onartu zen Partehartzearen Foru Legea? Nola nahi duzue instituzioetan sinistea gure gainetik pasa eta kaka egiten badiguzue?”, galdetu die Elizetxek parlamentariei.

 

 

Nafarroako Gobernuak onartu du ez dagoela ur nahikorik Nafarroako ubidearen obran hitzemandako edukiera asetzeko
Konponbide gisa, Óscar Chivite Lurralde Kohesiorako kontseilariak aurreratu du sobera ur jasotzen duten ureztatzaileei erabiltzen ez dutena Erriberara bidaltzeko eskatuko diela. (+)
Nafarroako Parlamentuak plastiko ez berrerabilgarriarren gaineko zeharkako zerga onetsi du
Foru erkidegoan fabrikatutako edo kanpotik inportatutako kilogramo bakoitzeko 0,45 euro ordaindu beharko dira. Navarra Suma izan da legearen aurka bozkatu duen alderdi bakarra. (+)
Ikurra sortu dute Nafarroan nekazari-elikagaiak hurbilekoak direla ziurtatzeko
Gertutasuneko bereizgarria daramaten eta Elikagaiak Merkaturatzeko Bide Laburren Foru Lege berriaren baldintzak errespetatzen ez dituzten enpresek isuna jasoko dute. Gehienez bitartekari bakarra egon beharko da... (+)
Leitza, Arano, Areso eta Goizuetako udalek basozaintza bulegoaren itxiera salatu dute Legebiltzarrean
Nekazal lurraldetako zerbitzu publikoak gutxituz, Nafarroako Foru Gobernua despopulazioa eta zahartzea bizkortzen ari dela kritikatu dute. Aitzina, egoitzarik hurbilena Irurtzunen egongo da, bulego zaharretik autoz... (+)
Remirezek dio Espainiako Gobernua zorroztasunez ari dela Esako urtegian, lanak hasi eta 22 urtera
Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Javier Remirezek azalpenak eman zituen Nafarroako Legebiltzarrean, duela hamabost hilabete amaitu baina orain arte plazaratu gabe egon den presaren segurtasunaren inguruko ikerketa... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora