Kilkirra udaran kantari, neguan hotzak dardari

Marrubiak kantari bildu behar dira

Marrubizalea al zara? Udaberriaren atea irekitzen du marrubiak. Egun bi marrubi talde ezagutzen dira, mailukiak edo basatiak (Fragaria vesca) eta marrubi tzarrak (Fragaria x ananassa). Biak paretsu loratzen dira, udaberriko ekinozioarekin. Aspaldikoak dira gurea baino lurralde hotzagoetan, AEBetan batik bat, udaberriari ongietorria emateko antolatzen diren marrubi festak. XIX. mendearen amaiera aldekoak ezagunak dira, eta ospakizunik handienen eran musika, dantza, joko eta abarren artean jan-edanerako marrubiak eta xanpaina izaten dira.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko maiatzaren 20a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Europan, agidanean, marrubiari ez zioten gutiziaz begiratzen eta bertako mailuki txikia ez zen genetikoki garatu, teknikoki esaten den eran ez zen hobekuntza genetikorik egin. Ameriketan kolonizatzaile espainiarrek harrituta ezagutu zuten maputxeen quelguena edo Txileko marrubi zuria (Fragaria chiloensis) eta haren marrubi erraldoiak –oilo arrautza baten tamaina artekoak– topatzean Europara ekarri arteko gauza onik ez zuten izan. Frantziar espia zen Amedee François Frezierek ezkutuan ekarri zituen 1714an. Bretainiako Bresten sortu zituzten 1766an gaur salgai izan ohi diren marrubi tzarrak edo baratze marrubiak, quelguena eta AEBetako Virginia marrubia (Fragaria virginiana) hibridatuta.

Virginiako marrubia, izatez, gure mailukia edo marrubi basaren tankerakoa da. AEBetako Virginia estatutik omen dator, baina estatu ugaritan topatu zuten, baita Kanada hegoaldean ere. Irokesek bere mitologian dute, eta, Ashley Dayk bere 3 Sisters to Invite to Thanksgiving horretan dioenez, marrubia Ama Lurraren bihotzetik sortu omen zen, hura Sapling eta Flint bere bi seme bikiez erditzerakoan hil zenean.

Ameriketako hego eta ipar muturretako kulturetan marrubiak garrantzi handia du. Iparraldean bezala, marrubi sasoi berria hasten denean, Txileko partean ere makina bat ospakizunetan goresten dute.

Gurean marrubiak izen ugari du, gure arbasoek ederki ezagutu eta baliatuko zuten arrasto bizia: marrubi eta mailukiz gain arrega, arregatze, amarrugi, anube, maguri, mahali, mailubi, maraguri, marabio, maraburu, maranburu eta maramo behintzat bai. Eta ospakizunik ez al dugu? Beti gutxietsi izan ote dugu? Jean Martin Hiribarne azkaindarrak 1858an idatzi zuen Euskaraz Eguia liburuan honela dio: “Lurrari darraizko zuhamu, yende eta herriak; arregan bizi dire marmalo osteak. Goran bezainbat bizidun bada lurpean”. Arrega edo marrubia ez da saguzarraren eguerdiko doministikua.

Joxepak behintzat begiko zituen; Lasturko Ugarte etxetik Astigarragako Errekaldera etorri zen Joxepa Agirregabiria Zubimendi, eta marrubiak saltzera eramaten zituen Donostiara. Hala esaten omen zien etxean marrubia biltzen zutenei: marrubia kantari bildu behar da. Ixilik arituz gero marrubia jan eta jan; kantari ezin jan!

Orain eta hemen ere marrubiak etorri direla ospatzea ere txarra al da? Ingurukoak hautatu ordea, ttiki, goxo eta bixiak, eta utzi urrun ezezagun batetik ekarritako marrubi tzar gordin zakar horiek.

Elorri-xixta eta gaztaina
2026-03-30 | Jakoba Errekondo
Itsas Armada Handi eta Txit Zorionekoa zuen izen. 1588an Espainiako erregeak prestatu zuen espedizio militarra zen; 137 itsasontzi tresnatu zituen, eta Ingalaterra hankapean hartu nahi... (+)
Geroxeago bueltatu zaitez
2026-03-23 | Jakoba Errekondo
Animaliak gara. Denok, den-denok. Denok berdin. Ez batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago edo batere ez. Denok berdin. (+)
Lurrustela, etxekoen ametsa
2026-03-16 | Jakoba Errekondo
Usteldutako lurra bezalakorik ez dago. Onena da, eta bere ona zabaltzen du: ongarri ezinago ona da. (+)
Bioaniztasuna? Ez, biobakuntasuna
2026-03-09 | Jakoba Errekondo
Ikusgarria da paisaia. Garitzak berde daude. Laboreen lurraldeak bete-bete eginda eta aurtengo uraren emana eta noiz-nola izan den kontuan izanda, esan daiteke ondo bidean iazko... (+)
Denak ez ditugu lagun
2026-03-02 | Jakoba Errekondo
Udaberria badoa. Lotsagabe xamarra dela pentsa dezakezu; izan ere, egiten diogun kasu eskasagatik, aspaldi erabaki zuen ez gintuela gehiago agurtuko, ez etortzen denean, ezta alde... (+)
gora