Negu bigunegiak, uda gogorregia.

Ikurrinak gondoletan: artistek Venezian amnistia aldarrikatu zutenekoa

1976ko ekintzaileen “lekukoa” hartuta, euskal artisten ordezkaritza bat Veneziako Biurtekoan egongo da maiatzaren 6tik 8ra, Eusko Jaurlaritzak gidatuta; berez, Imanol Pradales lehendakaria izan behar zen buru, jardunaldiak inauguratzeko ardura zuen, baina bertan behera utzi du agenda Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiaren heriotza medio. Duela 50 urte, artean ikurrina legeztatu gabe zela, Veneziako erakusleihoa baliatu baitzuten hainbat euskal artistek ikurrina bistaratzeko, amnistia aldarrikatzeko, eta jakina, baita haien lanak nazioartean erakusteko ere. Tartean ziren Nestor Basterretxea, Jose Antonio Sistiaga, Joxean eta Jesus Artze, edo Mikel Laboa.


2026ko maiatzaren 06a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

1976ko urria. Hilak 22, 23 eta 24. Asteburua egokitu zen. Bi aste lehenago amaitu zen Veneziako Biurtekoa, baina jaialdiaren lehen egunetan izandako hainbat aldarrikapen medio, salbuespena egin eta euskal artistak gonbidatzea onartu zuten Veneziako alkate Mario Rigo-k eta Biurtekoaren zuzendari Carlo Ripa di Meana-k. Biurtekotik kanpo, baina Biurtekoa egin berri zen guneetan. Asteburu oso batez Euskal Herriko hainbat lan –gehienak zinematografikoak– proiektatu zituzten Venezian, sorkuntza lanei buruzko solasaldiak egin zituzten, eta egoera kultural eta soziopolitikoaz ere hitz egin zuten. Bidaia horretan, ikurrinak bistaratu eta amnistiaren aldeko aldarrikapenak haizatu zituzten. Mugarria izan zen ekintza politikoa.

Gondolan ikurrina. Euskadiko Filmategia

Espainiako ordezkaritzaren aterkipean Venezian egoteko aukera izan zuten Euskal Herriko hainbat sortzailek, baina azkenean Agustin Ibarrola pintorea baino ez zen joan; eskaintzari uko egin zioten Jorge Oteizak eta Eduardo Chillidak, besteak beste. Garai konplexua zen. Franco diktadorea hil berri –urtebete ere ez zen igaro–, lau hamarkadaz errepresiopean egondako artistak orduantxe ari ziren lehen askatasun printzak sumatzen Espainiako Estatuan. Pozgarria zen espainiar sortzaileak horrelaxe ikustea, baina euskaldunek haien aldetik egin nahi zuten arraun, nazio borrokari garrantzia emanda. Aparteko baimena eskatu zuten Veneziara joateko, Euskadi gisa nazioartean aurkezteko, baina ez zieten eman. Horregatik, jaialdiaren inaugurazio ekitaldian bezalaxe hurrengo egunetan ere bai, nazioarteko ordezkari politikoen hainbat ekitaldi egin ziren, eta euskal ordezkari eta kazetari batzuk haien lekua aldarrikatu zuten Venezian.

Veneziako Biurtekoaren orduko zuzendaritzak jarrera “oso politikoa” zuela dio Miren Vadillo EHUko irakasleak eta Artearen Historian doktoreak, 1976ko espedizioa ongi aztertuta duen adituak. Nazioarteko giro politikoa benetan zegoen nahasia, eta Vadilloren esanetan, Veneziako Biurtekoak “bistaratu eta aldarrikatu” egin nahi zituen nazioen arazoak, “ez Euskadirenak bakarrik”. Bide beretik, “antifaxismoa” ideia gisa ere zabaldu nahi zuen Carlo Ripa di Meana zuzendariak.

Miren Vadillo EHU

Ikurrina alkateari
Euskaldunen protestak medio, jaialdia amaitu eta handik bi astera gonbidatu zuten euskal artista ordezkaritza bat. Askotariko taldea zen: Nestor Basterretxea, Fernando Larruquet, Jose Antonio Sistiaga, Joxean eta Jesus Artze anaiak, Mikel Laboa, Jose Angel Rebolledo, Joxe Mari Zabala...

Beso zabalik hartu zituzten Venezian. Pentsa, hiriko alkate Marco Rigori ikurrina bat eman zion opari Telesforo Monzónek, eta alkateak, bueltan, San Markosen lehoiaren oroigarri bat eman zion. Horrez gain, Rigo alkateak hitzeman zuen Espainiako Juan Carlos I. erregeari gutun bat bidaliko ziola, "Euskadiko egoera politikoa" hobetzen saiatzea eskatzeko. Eta Biurtekoaren zuzendari Ripa di Meanak, berriz, esan zuen hurrengo urteko edizioan Euskadi nazio gisa egongo zela presente jaialdian. “Hori izan zen, nolabait ere, euskal artisten ordezkaritzak egindako lorpen handienetako bat”, uste du Vadillo adituak.

“Baina hitzetan gelditu zen”, jarraitu du Vadillok. Ez du argitu zehazki zergatik izan zen, baina “garai konplikatuak” zirela azpimarratu du, garai aztoratuak: “Jende asko zegoen taldetxo horretan, ideologia, pentsaera eta asmo ezberdinetakoa, eta gutun batzuk denek sinatu zituzten, baina kutsu abertzaleegiak zituzten batzuen gusturako. Nahiko zaila izan zen 1976an elkarrekin joatea, baina askoz ere zailagoa izango zen errepikatzea; horregatik, hor geratu zen dena”.

Gondolan ikurrina. Sistiaga familiaren artxiboa

Aldarriak gondoletan
Vadillok argi dio: “Ikurrina izan zen aldarrikatu zuten gauzarik ia-ia inportanteena”. 1977ko urtarrilean legeztatu zuen ikurrina Espainiako Gobernuak, frankismoak iraun bitartean debekatuta egon ostean. Legedia aldatu baino hiru hilabete lehenago egin zuten Veneziako Biurtekoa, eta argazkietan ongi erakusteaz arduratu ziren euskal artistak. Rigo alkateari eman ziotena, ordea, azken unean lortu zuten: jostun bat topatu eta hari egin zioten enkargua.

Argazkietan ez ezik, afixetan ere presentzia eman zioten ikurrinari. Afixa nagusiak, kolorez berde eta gorriak, amnistiaren ikono den ukabilaren irudia du begien bistan, barnean ikurrinarekin. Bestelakoetan, beharbada euskarri fisikoetan presentzia handiago izan zuen amnistiaren aldeko aldarriak. Amnistia totale per il popolo basco (Amnistia osoa euskal herritarrentzat) irakur daiteke aldez alde eskegi zuten pankartan. ARGIAren Fototekan jasota dugu argazkia.

ARGIA Fototeka

Zinema, musika eta historia
Venezian erakutsi zituzten arte diziplinen artean, batik bat zinemak izan zuen garrantzi berezia. Ziurrenik eragina izan zuen urte hartan egin izanak euskal zinemaren lehen jardunaldiak. Vadilloren ustez ere lotura dute. “Ez dago argi nork antolatu zituen euskal artisten Veneziako jardunaldiak, zeren, alde batetik, Amnistiaren Aldeko Batzordea presente egon zen, hitzaldi bat eman zuen; eta bestalde, Jesús Idoeta ere tartean ibili zen; Idoetak hilabete gutxi lehenago prestatu eta antolatu zuen lehenengo euskal zine astea, eta jardunaldi horietan proiektatu ziren Venezian egongo ziren euskal film guztiak”.

1976ko euskal artisten jardunaldien afixa. Sistiaga familiaren artxiboa

Nestor Basterretxearen eta Fernando Larruquerten Ama Lur filmak eman zien hasiera Veneziako euskal jardunaldiei. Film horrek euskal kulturari eta tradizioari begiratzen dio. “Iruditegi bat da Ama Lur”, Vaqueroren esanetan, “Euskal Herriko kultura erakusteko bokazioa duena”. Ingurugiroak eta paisaiak ez ezik, jendearen eguneroko bizitza bistaratzen da filmean, izaera eta nortasuna, kultura zentzu zabalean ulertuta, baita artea ere. “Momentuko egoera politikoa erakusteko baino, Euskal Herriaren aldarrikapena egiteko film aproposa izan zen”, adierazi du Vadillok.

Proiektatu ziren arte diziplinek zerbait izan bazuten, kutsu esperimentala izan zen. Horren adibide dira Axut pelikula, Jose Mari Zabalak zuzendua, baita Jose Antonio Sistiagaren ... ere erera baleibu izik subua aruaren ere, edota Enrique Martínezek zuzendutako Arriluce film laburra. Zer esanik ez, musikaren eta poesiaren arloan, Artze anaiek eta Mikel Laboak egindako Ikimilikiliklik ikusgarria. Vadilloren hitzetan, Veneziara joan ziren artistek demostratu nahi zioten munduaren Euskal Herrian arte garaikidea egiten zela, “forma berriak Euskadin ere bazeudela” argi utzi nahi zutela.

'I Baschi alla Biennale 1976-2026'

Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Euskal Institutuak eta Gasteizko Artium museoak elkarlanean, eta Veneziako Ca Foscari unibertsitatearekin lankidetzan, I Baschi alla Biennale 1976-2026 programa ipini dute martxan. Horri esker, politikari, akademiko eta sortzaile ordezkaritza zabal bat Venezian egongo da maiatzaren 6tik 8ra. Gogoan hartuko dituzte duela 50 urte Biurtekora joan ziren euskal artistak. Ibone Bengoetxea Kultura sailburuak zera nabarmendu zuen: “Beste leku batetik eta beste tresna eta hizkuntza batzuekin bueltatuko gara Veneziara; erakunde propioekin eta kultur sistema sendo batekin”.
Hiru ardatz eta hiru gune izango dituzte jardunaldiek.

Ardatz instituzionala:
Inaugurazioa, maiatzaren 7an: Imanol Pradales lehendakaria izango da buru. (BERTAN BEHERA, Garaikoetxearen heriotza medio)

Ardatz akademikoa:
Euskadi 1976ko Veneziako Biurtekoan: atzera begira, aurrera egiteko jardunaldia.
Maiatzaren 7an, Foscari Unibertsitatean.

• Joseba Zulaika. Euskal Herriaren trantsizioak, inpaseak eta erronkak Europaren baitan (euskaraz).
• Miren Vadillo. Euskadi 1976ko Veneziako Biurtekoan. Artea, abangoardia eta legitimazioa (gazteleraz).
• Peio Agirre. 1976. urtearen aurretik eta ondoren. Euskal artistak Veneziako Biurtekoan (gazteleraz).
• Beñat Sarasola. Ikimilikiliklik. Estetika eta poetika (euskaraz).
• Leire Bergara. Euskal zinema 1976ko Veneziako Biurtekoan (euskaraz).
      
Ardatz artistikoa:
Maiatzaren 6an, 7an eta 8an, Contarini della Porta di Ferro jauregian.

• ...ere erera baleibu izik subua aruaren... (Jose Antonio Sistiaga)
Ama Lur (Nestor Basterretxea eta Fernando Larrukert)
Axut (Jose Maria Zabala)
Arriluce (Jose Angel Rebolledo)
Ikimilikiliklik (Joxean Artze eta Jesus Artze)
Dobla (Damaris Pan)
Juicio de Burgos (manifestación) (Mari Puri Herrero)
Irrintzi Repetición (Itziar Okariz)
Tripak tokitik (Tripak kolektiboa)

 

Gaur aztertuko dute ea legezkoa den Confebaskek uko egitea gutxieneko soldataz negoziatzeari
ELAk eta LABek jarri zuten helegitea. EAEko Auzitegi Nagusian izango da epaiketa, astearte honetan, 10:15ean hasita. Bestalde, astelehen honetan erregistratu dute martxoaren 17ko greba orokorrerako... (+)
Valentziako presidente Mazonek dimisioa eman du, mobilizazioen eraginez
Urriaren 29an bete zen urtea Valentziako erkidegoa uholdeek hartu zutenetik, eta 229 pertsona hil zirenetik. Kudeaketa txarra egin zuen erkidegoko presidenteak, bai egunean bertan eta... (+)
Basque Culinary Centerrek GOe inauguratu du astelehenean Donostian, kritiken artean
Gipuzkoako hiriburuan duen bigarren egoitza da, "gastronomia eta sukaldaritza" sustatzeko helburua duena. Donostiako hainbat eragilek protesta egingo dute arratsaldean, "operazio urbanistikoak ekarriko duen espoliazioa" salatzeko. (+)
Marieneko lurren alde, Kanbon mobilizaziora deitu dute larunbaterako
Elkarretaratzea eta asanblada antolatu dituzte azken berriak zeintzuk diren jakinarazteko. Horrez gain, irailaren 9an Baionako auzitegi aitzinean mobilizatuko dira, Marieneko lurraren defentsan aritutako hiru ekintzaile... (+)
Lurrikara Afganistanen: gutxienez 1.400 hildako eta herritar andana hondakin artean harrapatuta
6,0 graduko lurrikara bat eta hainbat erreplika izan dira igandetik astelehenerako gauean. Kalte oso larriak eragin ditu herrialdearen ekialdean. Ehunka etxe suntsitu ditu dardarak. (+)
gora